Murumendiko gailurrean indusketak egiten jarraituko dute abuztuan
Suhar arkeologia taldeko kideek iaz Murumendiko tontorrean egindako indusketa lanei jarraipena emango die, Burdin Aroko herrixka baten aztarnak aurkitu baitzituzten. Bi metro inguruko zabalera duen harresia ere aurkitu zuten, eta bizitoki baten lehen aztarnak. Abuztuaren 8an hasita, harresiaren erliebearekin lotuta dauden beste informazio batzuk konfirmatzeaz gain, harresiak amaitzen diren gunean dauden depresioak antropikoak, gizakiak egindakoak, edo naturalak diren konfirmatu nahi dute. Horretarako, iaz egindako zundaketa eremua zabalduko dute, eta zundaketa berriak ere egingo dituzte. Zundaketa horien bidez, herrixkako barne antolaketaz gehiago jakin nahi dute. «Harresitik amildegira arteko zatian aurkitutako sedimentuen arabera, pentsa liteke gizakientzako bizitokia bertan zegoela», zehaztu du Suhar taldeko Ander Arresek. Indusketa lanak irekiak izango direla aurreratu du Arresek. «Talde txiki bat ariko gara lanea, bost-sei arkeologo. Baina interesa duten boluntarioek ere parte hartu ahalko dute». Lanek hiru aste inguru iraungo dute, baina boluntarioek nahi duten egunetan joan ahalko dute, eta arkeologoen laguntzarekin zundaketetan parte hartu. Suhar taldearekin batera lan egin nahi dutenek, elkartearen webgunean eman dezake izena. Orain arte egindako lanean pauso bat gehiago emateko asmoa ere badute Suhar elkartekoek. «Aztarnetegiaren kokalekua zehazteko, erregistro topografiko bat egingo dugu, airetik ateratako argazkiekin, inguruaren birsortze birtual bat eginez…». Datazio absoluturik ez Aztarnategia bilatu duten eremuan, sedimentu oso gutxi eta [...]
Suhar arkeologia taldeko kideek iaz Murumendiko tontorrean egindako indusketa lanei jarraipena emango die, Burdin Aroko herrixka baten aztarnak aurkitu baitzituzten. Bi metro inguruko zabalera duen harresia ere aurkitu zuten, eta bizitoki baten lehen aztarnak. Abuztuaren 8an hasita, harresiaren erliebearekin lotuta dauden beste informazio batzuk konfirmatzeaz gain, harresiak amaitzen diren gunean dauden depresioak antropikoak, gizakiak egindakoak, edo naturalak diren konfirmatu nahi dute.
Horretarako, iaz egindako zundaketa eremua zabalduko dute, eta zundaketa berriak ere egingo dituzte. Zundaketa horien bidez, herrixkako barne antolaketaz gehiago jakin nahi dute. «Harresitik amildegira arteko zatian aurkitutako sedimentuen arabera, pentsa liteke gizakientzako bizitokia bertan zegoela», zehaztu du Suhar taldeko Ander Arresek.
Indusketa lanak irekiak izango direla aurreratu du Arresek. «Talde txiki bat ariko gara lanea, bost-sei arkeologo. Baina interesa duten boluntarioek ere parte hartu ahalko dute». Lanek hiru aste inguru iraungo dute, baina boluntarioek nahi duten egunetan joan ahalko dute, eta arkeologoen laguntzarekin zundaketetan parte hartu. Suhar taldearekin batera lan egin nahi dutenek, elkartearen webgunean eman dezake izena.
Orain arte egindako lanean pauso bat gehiago emateko asmoa ere badute Suhar elkartekoek. «Aztarnetegiaren kokalekua zehazteko, erregistro topografiko bat egingo dugu, airetik ateratako argazkiekin, inguruaren birsortze birtual bat eginez…».
Datazio absoluturik ez
Aztarnategia bilatu duten eremuan, sedimentu oso gutxi eta sator asko dagoela azaldu du Arresek, eta hori arazo bat dela: «Satorrek estratigrafia ondatu egiten dute, eta horrek zaildu egiten du erabilera mailak nola kontserbatzen diren aztertzea».
Murumendin landareria gutxi eta igadura asko dagoela ere aipatu du, eta horrek aztarnak bere lekuan aurkitzea zaildu egiten duela. Hala ere, orain arte egindako zundaketetan, hainbat material aurkitu dute: buztinezko eta metalezko piezak, bi esku-errota zati…
Aurkitutako materiala aztertuta, eta datazio erlatiboaren arabera –azterketa kulturala– Murumendin
Burdin Aroko herrixka dagoela zehaztu dute. Datazio absolutuaren arabera –azterketa zientifikoa– zehaztu behar da orain hori hala den. Iaz egindako indusketetan aurkitutako hainbat material karbono 14arekin aztertu dituzte datazio absoltua egiteko. Hezurrak erabili dituzte horretarako, baina kolageno faltagatik karbono 14aren probak ez du emaitzik eman.
Abuztuko hiru astetan egingo dituzten zundaketetan datazio absolutua egiteko material gehiago ere aurkitu nahi dute, herrixka Burdin Arokoa den zehazteko. «Datazio erlatiboak zein kulturatakoa den esaten du, baina absolutuak zein urte tartetakoa den zehazten du», azaldu du Arresek.
Publikora zabaldu nahi dute
Datozen asteetan egingo dituzten zundaketak, eta orain arte egindakoak, balorazio bat egiteko erabili nahi dituzte arkeologoek, eta aurrerantzean ere ikerketak egiten jarraitzeko asmoa dute. Izan ere, Murumendiko aztarnategiak garrantzia handia izan dezakeela uste dute, «beste aztarnategi batzuetan aurkitu ezin daitekeen harresi baten aztarnak daudelako, eta harresia ez dagoelako besteak bezala eginda».
Suharrekoen ustez «inguru ikusgarria» da Murumendikoa, eta horregatik, gunearen inguruan dibulgazio lan bat egin nahi dute, «publikora zabaldu». Abuztuaren 8tik 26ra Murumendira gerturatzen diren herritarrek eta ingurukoek aztarnetegiaren inguruan dituzten zalantzak argitzeko aukera ere izango dute, arkeologoek nahi adina azalpen emango baitituzte. «Jendeak ohitura asko du Murumendira joateko, baina bertan dagoen hondare historikoa ezezaguna da askorentzat». Horregatik, lanak nola egiten ari diren erakutsiko dute, eta Murumendin zer dagoen azaldu.














