Aire libreko zinemarako, bertako filma
‘Baietz’ film laburra estreinako aldiz plazan ikusi dute gabiriarrek. Herrian bertan grabatua eta herritarrek parte hartutako lehenengo pelikula da. Kopia bana jaso dute behinolako ‘aktoreek’. Garai bateko eszenografian girotutako film laburra, garai bateko eran aurkeztu dute: aire libreko zinema gisan. Gabiriako plaza pantaila handiaren areto bihurtu zuten gazteek larunbat gauean, izarren —eta uztaila izanagatik haize freskoaren— pean Baietz filmaren estreinaldirako. Ikusmina bazegoen, eta horren adierazgarri pelikula emanaldiaren aurretik prestatu zuten herri afarira bildu zen taldea: 85 lagun. Ondoren, behin gaututa, herritar gehiago ere bildu ziren plazara. Asko eta asko filmean parte hartu duten herritarrak ziren. Denera hirurogei bat lagunek egin dituzte aktore eta figurante lanak, guztiak herrikoak. Larunbat arrastaldean bertan Euskal Telebistak ere egin zion tartea estreinaldiari, bigarren kateko Euskadi directo programan aipamena eginda. Hamabost-bat minutuko iraupeneko filma editatu du Alex Areizaga zuzendariak, Urretxu-Zumarragako gaztelekuan aurretik ekoitzi dituzten ikus-entzunezko arrakastatsuen esperientzia baliatuz. Ikusleei gustatu zitzaien lana, eta txalo zaparrada luzearekin eskertu zuten ekimena. Istorioaren ondotik, trikiti doinuekin jarraitu eta bonus track bat ere badu azkenera. Areizagak, bukaeran, beste ideia batzuk ontzen badira film gehiago egiteko prestutasuna adierazi zuen, herritarrei eskerrak ematearekin batera. DVDetan eskura liteke lana Afaltiarren artean filmaren kopia bana banatu zuten gazteek, doan. Interesatuta leudekeenek gazteekin harremanetan jarri [...]
‘Baietz’ film laburra estreinako aldiz plazan ikusi dute gabiriarrek. Herrian bertan grabatua eta herritarrek parte hartutako lehenengo pelikula da. Kopia bana jaso dute behinolako ‘aktoreek’. Garai bateko eszenografian girotutako film laburra, garai bateko eran aurkeztu dute: aire libreko zinema gisan. Gabiriako plaza pantaila handiaren areto bihurtu zuten gazteek larunbat gauean, izarren —eta uztaila izanagatik haize freskoaren— pean Baietz filmaren estreinaldirako.
Ikusmina bazegoen, eta horren adierazgarri pelikula emanaldiaren aurretik prestatu zuten herri afarira bildu zen taldea: 85 lagun. Ondoren, behin gaututa, herritar gehiago ere bildu ziren plazara. Asko eta asko filmean parte hartu duten herritarrak ziren. Denera hirurogei bat lagunek egin dituzte aktore eta figurante lanak, guztiak herrikoak.
Larunbat arrastaldean bertan Euskal Telebistak ere egin zion tartea estreinaldiari, bigarren kateko Euskadi directo programan aipamena eginda.
Hamabost-bat minutuko iraupeneko filma editatu du Alex Areizaga zuzendariak, Urretxu-Zumarragako gaztelekuan aurretik ekoitzi dituzten ikus-entzunezko arrakastatsuen esperientzia baliatuz. Ikusleei gustatu zitzaien lana, eta txalo zaparrada luzearekin eskertu zuten ekimena. Istorioaren ondotik, trikiti doinuekin jarraitu eta bonus track bat ere badu azkenera.
Areizagak, bukaeran, beste ideia batzuk ontzen badira film gehiago egiteko prestutasuna adierazi zuen, herritarrei eskerrak ematearekin batera.
DVDetan eskura liteke lana
Afaltiarren artean filmaren kopia bana banatu zuten gazteek, doan. Interesatuta leudekeenek gazteekin harremanetan jarri behar du, DVDko kopia borondatearen truke eskuratzeko. Gabirian inoiz grabatu den lehenbiziko filma da.
Apustua du ardatz istorioak, edozerekin eta edozertarako dirua jokatzeko grina duen herrian oinarritua. XX. mendearen hasieran girotua dago, baina absurduari keinu ugari eginda, umore kutsuko denboraz kanpoko elementuak tartekatuta.
Aire libreko zinema emanaldia hornitzeko, aurretik beste bi ikus-entzunezko ere izan ziren, herritarrek eginak: festetako argazkien sorta bat bota zuten pantaila handian, eta ondoren 1980ko hamarkadaren erdi aldera Andre Mari festetan egindako bideoa.













