Anabasaren ondoren, tradizioaren ordua
Ordizian ondo gogoan izango dituzte aurtengo Santa Ana jaiak. Euri langarra izan dute lagun –edo aurkari– asteburu osoan, eta baita herenegun eta atzo ere. Hala ere, festarako gogoa gailendu zaio euriari, ikusi besterik ez baitzegoen zenbat koadrila zebiltzan mozorrotuta astelehen iluntzetik aurrera, horietako asko eta asko karroza eta guzti gainera. Mozorrotu horietako zenbaitzuk parte hartu zuten goizaldeko danborrada edo matutinan. Buztuntza auzotik abiatu eta Gudarien Etorbidetik pasa ondoren, Urdaneta kalean gora behera egin zuten Plaza Nagusian bukatzeko. Ehun lagun baino gehiagok egin zuten ibilbidea, eta plazan azken danbor hotsekin joz bukatu zuten, eguna argitzear zela. Artean jende ugari zebilen gaupasan, eta etxeratzeko nagi zeudenek izan zuten parrandarako aukera geltoki parean zeuden karroza musikatuekin. Kale garbitzaileek nahiko lan izan zuten anabasa hori zuzentzen. Gosaltzeko tartea hartu eta gero, El Albero zezenzale taldeak San Bartolome auzoan jarritako zezen plazara joan ziren, Lasturko Saka baserriko zezenekin jolasera. Prozesioa eta dantza Herriak bestelako itxura zuen eguerdi partean. Zaindariaren omenezko meza izan zen, eta Santa Anaren irudia bera ere atera zuten prozesioan, tradizioak agintzen duen moduan. Ordu laurden inguru behar izan zuten herriguneari itzulia eman eta Santa Ana elizara itzultzeko. Alderdi politiko guztietako ordezkariek parte hartu zuten prozesioan, baina ez udalkide guztiek. Antzeko zerbait gertatu [...]
Ehun lagun inguruk parte hartu zuten matutinan.
Ordizian ondo gogoan izango dituzte aurtengo Santa Ana jaiak. Euri langarra izan dute lagun –edo aurkari– asteburu osoan, eta baita herenegun eta atzo ere. Hala ere, festarako gogoa gailendu zaio euriari, ikusi besterik ez baitzegoen zenbat koadrila zebiltzan mozorrotuta astelehen iluntzetik aurrera, horietako asko eta asko karroza eta guzti gainera.
Mozorrotu horietako zenbaitzuk parte hartu zuten goizaldeko danborrada edo matutinan. Buztuntza auzotik abiatu eta Gudarien Etorbidetik pasa ondoren, Urdaneta kalean gora behera egin zuten Plaza Nagusian bukatzeko. Ehun lagun baino gehiagok egin zuten ibilbidea, eta plazan azken danbor hotsekin joz bukatu zuten, eguna argitzear zela. Artean jende ugari zebilen gaupasan, eta etxeratzeko nagi zeudenek izan zuten parrandarako aukera geltoki parean zeuden karroza musikatuekin. Kale garbitzaileek nahiko lan izan zuten anabasa hori zuzentzen.
Gosaltzeko tartea hartu eta gero, El Albero zezenzale taldeak San Bartolome auzoan jarritako zezen plazara joan ziren, Lasturko Saka baserriko zezenekin jolasera.
Prozesioa eta dantza
Herriak bestelako itxura zuen eguerdi partean. Zaindariaren omenezko meza izan zen, eta Santa Anaren irudia bera ere atera zuten prozesioan, tradizioak agintzen duen moduan. Ordu laurden inguru behar izan zuten herriguneari itzulia eman eta Santa Ana elizara itzultzeko. Alderdi politiko guztietako ordezkariek parte hartu zuten prozesioan, baina ez udalkide guztiek.
Antzeko zerbait gertatu zen agintarien soka-dantzan. Ordezkaritza zabala bai, baina ordezkari guztiek ez zuten dantza egin herritarren aurrean. Jendeak ikusminez bizi du ekitaldi hori, eta agintarientzat unerik atseginena ez bada ere, ohiturari euste aldera ahalegintxo hori egitera ohitu beharko dute. Irungo udal musika bandak Plaza Nagusian egin zuen kontzertuak eman zion bukaera goizari. Goiz guztia Ordizian pasa ohi dute musikari irundarrek.
Gaur azkeneko eguna
Santanazaleen ohiko esku-dantzarekin eta kuadrillen egunarekin bukatuko dira gaur festak. Asteazkenea izanagatik, gaur ez da feriarik izango da Plaza Nagusian, bihar baizik.