«Garrantzitsuena erabakia hartzeko garaian herritarren iritzia islatzea da»
Zortzi urte darama Legorretan bizitzen Bakartxo Mendezek (Tolosa, 1978). Ekainaren 11z geroztik Legorretako alkate da. Hauteskundeetan herrikideek Bilduri emandako «konfiantza eta babes handia» ikusita gustura sentitu zen, «baita bertigo pixka batekin ere» alkate izango zela ikusita. Goizetan egongo da udaletxean, arratsaldeetan ohiko lanarekin jarraituko duelako. Aurreko udal gobernu taldearen lana goretsi eta partaidetza eskertu du. Tren geltokia herrigunean eraikitzea, Iriarte eremuan hirigintza egitasmoa garatzea eta zinema berritzea dira egiteko batzuk. Zer moduz joan da alkate karguan zauden denbora? Ondo. Hasieran pentsatzen nuen poliki-poliki hasiko ginela, baina erabateko martxan hasi gara. Dena lehenengo egunean egin nahi eta ezin. Ilusio handia daukagu, eta pertsonalki erronka handia da, pentsatzen nuena baino handiagoa. Gogoa eta ilusioa badaukagu, eta aterako dugu. Zertarako astia izan duzu? Gaiak nola dauden eta mahai gainean zer dagoen ikusteko. Bukatu gabe dauden proiektu asko daude, eta bultzada eman nahi diegu. Gure arteko ezagutza egin eta legealdiaren oinarria jarri dugu. Itxura ematen hasi gara. Proiektuak nola daude? Zer topatu duzu alkatetzako mahaian? Alde batetik baratze publikoak jarriak zituzten martxan, eta gu sartu eta segituan hasi ziren herritar gehiago interesa agertzen. Akaso beste lur batzuk jarri beharko dira, eskaera gehiago baldin badago. Gero, arau subsidiarioak aurreko legealdian onartuta geratu ziren, eta orain [...]
Zortzi urte darama Legorretan bizitzen Bakartxo Mendezek (Tolosa, 1978). Ekainaren 11z geroztik Legorretako alkate da. Hauteskundeetan herrikideek Bilduri emandako «konfiantza eta babes handia» ikusita gustura sentitu zen, «baita bertigo pixka batekin ere» alkate izango zela ikusita. Goizetan egongo da udaletxean, arratsaldeetan ohiko lanarekin jarraituko duelako. Aurreko udal gobernu taldearen lana goretsi eta partaidetza eskertu du. Tren geltokia herrigunean eraikitzea, Iriarte eremuan hirigintza egitasmoa garatzea eta zinema berritzea dira egiteko batzuk.
Zer moduz joan da alkate karguan zauden denbora?
Ondo. Hasieran pentsatzen nuen poliki-poliki hasiko ginela, baina erabateko martxan hasi gara. Dena lehenengo egunean egin nahi eta ezin. Ilusio handia daukagu, eta pertsonalki erronka handia da, pentsatzen nuena baino handiagoa. Gogoa eta ilusioa badaukagu, eta aterako dugu.
Zertarako astia izan duzu?
Gaiak nola dauden eta mahai gainean zer dagoen ikusteko. Bukatu gabe dauden proiektu asko daude, eta bultzada eman nahi diegu. Gure arteko ezagutza egin eta legealdiaren oinarria jarri dugu. Itxura ematen hasi gara.
Proiektuak nola daude? Zer topatu duzu alkatetzako mahaian?
Alde batetik baratze publikoak jarriak zituzten martxan, eta gu sartu eta segituan hasi ziren herritar gehiago interesa agertzen. Akaso beste lur batzuk jarri beharko dira, eskaera gehiago baldin badago. Gero, arau subsidiarioak aurreko legealdian onartuta geratu ziren, eta orain lanketa handia egin behar da noraino eraiki daitekeen zehazteko. Lehenengo herritarrekin zer behar dagoen detektatu, eta horren arabera faseka eraikiko da, behar bada. Eusko Jaurlaritzaren erantzun baten zain gaude, noraino eraiki litekeen zehatz-mehatz jakiteko.
Zer egitasmo dituzue, gainontzean?
Tren geltokia herrira ekarri behar da. 2008tik gaude atzetik. Espainiako Gobernuaren ordezkaritzan izan gara, eta hiru hilabeteren bueltan obrak emateko lizitazioa aterako dela esan digute. Bestela, eskolan igogailua jartzeko lanak martxan daude, udan hasi dira. Eta zinema, oso zaharkituta dago. Proiektua eginda dago, eta diru laguntzak lortzeko saiakera egin behar dugu orain. Duela bi aste, euritearekin, ura sartu zen teilatutik.
Nola aurkitu duzu udala?
Ekonomikoki ondo topatu dugu. Kudeaketa oso ona egin dute aurrekoek. Orain tarte bat badaukagu lan polit bat egiteko, ez daukagu izugarrizko zorra.
Etxebizitzen arloan, zer motatakoak egiteko asmoa duzue?
Zubiaurrekoa bukatu, batetik. Proiektu guztian 68 etxebizitza doaz: 12 tasatu, 12 babespeko eta besteak libreak. Krisitik 12 tasatuak salbatu ziren. Orain badirudi salmenta batzuk badaudela, eta babes ofizialeko hamabiak eta libreak egingo direla dirudi. Iriarten, Jaurlaritzak zehazten duenean errekatik noraino eraiki daitekeen, eragileekin hitz eginda finkatuko dugu zenbatekoa. Herriak zer behar duen ikusitakoan horren arabera landuko da.
Orokorrean, legealdia zer printzipiorekin gidatu nahi duzue?
Hauteskunde programan esaten genuena: herritarrak udalera gerturatu. Lau urteen oinarria markatu behar dugu orain, ateak zabaldu eta herritarrek ikus dezatela posible dela parte hartzea. Zazpi lan-talde sortu ditugu, eta beharren arabera gehiago sortuko dira. Oraingoz 50 bat pertsonak eman dute izena, oso kopuru polita da. Jendeak ideiak bota, proposamenak landu eta parte hartzea nahi dugu. Udalak jarriko die beharrezko informazioa lanketak egiteko. Guretzat garrantzitsuena da udalean erabakiak hartu behar ditugunean beraien iritzia islatzea eta beraien babesa izatea. Guregan konfiantza handia jarri dute, eta era batera edo bestera itzuli behar diegu. Herritarrez gain, Legorretan eragile dexente daude, 13-14. Urtean zehar altxorra den lana egiten dute. Lan-taldeetan sartzeko eragileei deitu diegu, eta 25 bat lagun elkartu ginen lehengoan. Eragileak mimatu behar ditugu, herriarentzako altxorra delako.
Zer aldatu, jarraitu edo birmoldatu nahi duzue urteotan?
Mila gauza txiki daude. Aurrekoek oso ondo landu dutela iruditzen zaigu, eta hari horretatik jarraitu behar dugu. Helburua herritarrei entzutea da, gertutasuna adierazi eta gardentasunez jokatu, herritarrak ikus ditzatela udal kudeaketan egiten ditugun xehetasun guztiak, ez dugu tranparik nahi. Gertutasuna, adibidez, AHTren obrekin, hemen eta beste toki askotan, azken bi-hiru urteetan kexa piloa dauzkagu, leherketengatik eta errepideko hautsagatik. Kexa horiek Diputaziora eta Eusko Jaurlaritzara bideratu ditugu, eta erantzun bat izan dugu; abuztuaren 1ean Eusko Trenbide Sarearekin bilduko gara, gure hitza entzungo dutela esan digute. Kaltetua herri guztia da, baina zuzenean harrapatzen dituzten herritarrekin bilera antolatu dugu, nola dauden entzuteko eta kexak eramateko.
Udalaren eraketa batzarrean, alkate izendatzeko zinegotzi guztien botoak jaso zenituen.
Bai, gure harridurarako. Ez daukagu erlazio txarra Legorreta Bizirikekin. Herri txikia da, ez da arazorik egon eta harreman ona daukagu. Bozka niri emateraino, ez nuen pentsatzen. Segurtasun handiagoa ematen du. Batzordeetan lehendakaritza bat eta bi lehendakariorde eskaini zitzaien, baita Kontu Batzorde Berezian zinegotzi bat izateko aukera ere, ez dugulako inongo arazorik diru kontu guztiak, azken xentimoraino, ikusteko. Ez zuten hartu.
Joan Mari Jauregi zenaren omenezko monolitoaren kontrako erasoa errefusatu duzue. Batzuek sorpresa hartu dute erantzun horrekin.
Holako ekintzen kontra gaude, bai alde batera, bai bestera. Hasieratik garbi daukagu. Orokorrean, monolito bat hausteak ez dauka inongo zentzurik, gure aldetik behintzat. Igoal beste batzuentzat zentzua edukiko du, baina hasieratik garbi geneukan errefusatu behar genuela. Ez daukagu inolako konplexurik hori esateko. Berdin dit nork egin duen, hori errefusatu behar da. Gaur egun, politikoki gauden egoeran egonda, ez dauka ez hanka, ez buru. Orduan, horregatik nioen beste batzuentzat agian zentzua edukiko duela. Guretzat, ez.
Pertsonalki, zer moduz sentitu zara alkate karguan?
Oso arraro. Hauteskundeak irabazi genituenean ez nuen ikusten, eta oraindik ere kostatzen zait. Udal teknikariei aginduak emateko inor ez naiz sentitzen. Eguneroko erabakiak hartu beharra dauzkat, hori hala da, baina arraro sentitzen naiz. Erabaki potoloak direnean taldean biltzen gara. Momentuan erabaki behar bada, zinegotziekin komentatuta hartzen dira. Lanean gustura nago. Udal kudeaketan atzera eta aurrera ibiltzea gustatzen zait.













