«Nire egiak baino haien gezurrak gehiago balio zuela esan zidaten»
Antonio Igartzabal, 1936ko gerran gudari ibilia Hamasei urterekin joan zen gerrara Antonio Igartzabal. Amaiur eta Sarasketa bataloietan ibili zen, laguntzaile. Gernika sutan ikusi zuen. Ondoren beste aldean aritzea egokitu zitzaion. Aimar Maiz Telefonoarekin lotuta hasi eta bukatu zuen 1936ko gerra Antonio Igartzabalek (Gabiria, 1919). Erreketeak herrira sartu ziren egunean alde egin zuen, tropen erditik pasatu, aurrea hartu, eta herriko telefono bakarra eramanez. Santoñakoaren ondotik etxera itzuli zen, baina berehala soldadutzara deitu zuten, eta Lleidako frontean egon zen, orduan frankisten armadan, telefono zerbitzuan. Non jakin zenuen hasi zela? Gari ebakitzen orduantxe hasita geunden, eta etxean harategira bidali ninduten, Ormaiztegira enkargutara. Hantxe jakin nuen aurrena gerra irten omen zela. Handik denboratara sartu ziren Gabirian, irailean 17an edo. Lehenengo antolakuntza nolakoa izan zen herrian? Gerra Mutiloa aldetik etorri zen. Tiroak entzuten genituen Liernin. Gabino Murua zena, Lopez eta aritu ziren antolatzen; herrian junta egin eta herriko gazte guztiak bildu zituzten. Fusil bat bakarra zegoen guztia. Gainontzekoak eskupetekin eta, potoa ipini aurrean eta hotsa ateratzeko hari tiraka. Gero errifle txiki batzuk ekarri zituzten. Ehun metrora tiratzen bazuten… Ez zegoen beste armarik. Francoren aldeko tropak nola sartu ziren gogoan duzu? Iluntzean Mutiloatik egin zuten tropek, behetik gora. Nik anaia zena nuen Gabirian, eta hari esnea [...]
Antonio Igartzabal, 1936ko gerran gudari ibilia
Hamasei urterekin joan zen gerrara Antonio Igartzabal. Amaiur eta Sarasketa bataloietan ibili zen, laguntzaile. Gernika sutan ikusi zuen. Ondoren beste aldean aritzea egokitu zitzaion.
Aimar Maiz
Telefonoarekin lotuta hasi eta bukatu zuen 1936ko gerra Antonio Igartzabalek (Gabiria, 1919). Erreketeak herrira sartu ziren egunean alde egin zuen, tropen erditik pasatu, aurrea hartu, eta herriko telefono bakarra eramanez. Santoñakoaren ondotik etxera itzuli zen, baina berehala soldadutzara deitu zuten, eta Lleidako frontean egon zen, orduan frankisten armadan, telefono zerbitzuan.
Non jakin zenuen hasi zela?
Gari ebakitzen orduantxe hasita geunden, eta etxean harategira bidali ninduten, Ormaiztegira enkargutara. Hantxe jakin nuen aurrena gerra irten omen zela. Handik denboratara sartu ziren Gabirian, irailean 17an edo.
Lehenengo antolakuntza nolakoa izan zen herrian?
Gerra Mutiloa aldetik etorri zen. Tiroak entzuten genituen Liernin. Gabino Murua zena, Lopez eta aritu ziren antolatzen; herrian junta egin eta herriko gazte guztiak bildu zituzten. Fusil bat bakarra zegoen guztia. Gainontzekoak eskupetekin eta, potoa ipini aurrean eta hotsa ateratzeko hari tiraka. Gero errifle txiki batzuk ekarri zituzten. Ehun metrora tiratzen bazuten… Ez zegoen beste armarik.
Francoren aldeko tropak nola sartu ziren gogoan duzu?
Iluntzean Mutiloatik egin zuten tropek, behetik gora. Nik anaia zena nuen Gabirian, eta hari esnea eramatera joan nintzen. Tropak ordurako bazetozen kaminoz behetik gora, eta ni erditik pasatuta aurrera joan nintzen.
Tropen erditik pasatu zinen?
Erditik joan nintzen, troparen tartetik gora bai, ezjakinean. Bidezidorretik herrira joan nintzenean —tropak bidez bide igo ziren— gizon batek esan zidan: «Motel, motel, joan hadi hemendik, besteak joan dituk eta!». Irteeran, Gabino zenak esan zidan, herriko telefonoa zegoen han eta hura hartu eta eramateko handik. Herriko telefonoa neuk eraman nuen Zumarragara.
Telefonoa?
Paretakoa, zintzilikakoa, besteek ez hots egiteko. Maisuaren eskolan zegoen ipinita. Murgilen zeuden herrikoak. Haiekin Zumarragara joan nintzen.
Zenbat lagun edo elkartu zineten?
Asko ginen. Ez daukat gogoan zenbat, baina asko. Zumarragako Batzokian gaua pasatu eta hurrengo egunean etxera etorriko ginelakoan joan ginen… Leku onean zegoen!
Sartu ziren tropak nafarrak ziren?
Nafarrak, eta militarrak behintzat bai. Txapel gorriak, erreketeak. Sartu zirenean kanpai bueltakoak eta hotsak atera zituzten. Ni bertantxe nengoen oraindik. Tirorik ez nuen entzun. Hemengoek zer tiratu behar zuten bada? Tirorik gabe hartu zuten herria. Ordurako denak Zumarraga aldera joanda zeuden.
Biharamunean berriz aurre egitera etorri ziren Zumarragatik, ezta?
Bai, berriz atzera etorri ziren Zumarragatik. Fusil gehiago izango zituzten, baina lau izango ote ziren? Eta beste aldetik ondo prestatuta zeuden ordurako. Gure aita zenak esaten zuen, Agerreko askatik gora Gabiriara joaten omen ziren tropa handiak, eta besteek Murgiletik ikusi ere ez.
Zumarragatik, nora egin zenuen?
Hurrengo egunean, Zumarragatik bertan zirela eta, Eibarrera eraman ninduten, gaztea nintzela artean eta. Lehenengo momentuan ez ninduten sartu gudari. Gero muntatu zen Amaiur bataloia, eta Kalamura joan ginen, herrikoekin.Morroi alde egiteko esaten zidaten. Arbazegi-Gerrikaitzen egon nintzen morroi ia geroxeagora arte, Munitibarren (Bizkaia). Han jada tiroka hasi ziren garaian, beldur horrekin, beharko irten! Sarasketa bataloira joan nintzen, zapadoreetara.
Beraz, lehenengo bataila egin eta gero morroi joan zinen.
Nik ez nuen hartu fusilik. Gaztea nola nintzen, han ibiltzen nintzen platilloak garbitu eta. Kalamuan konpainia bakarra geunden artean. Erreleboa joan eta handik jaitsi ginenean joan nintzen morroi. Geroago, berriz, zapadoreetan, Sarasketan, gehienean sukaldeko zeran egon nintzen: sua egin, egurra txikitu… Morroi egon nintzen etxeko jabeak, ia edadetuak ziren, bonbardeoetan hil ziren.
Gernika bonbardatu zutenean non zinen?
Handik bi kilometrora. Gernikatik aurreraxeago, pinudi batean. Han atera zituzten hautsak! Hura zen txikizioa, hura. Gu ordurako pasatuta geunden handik, ihesi beti. Bilbora eraman ninduten, taldean. Bar Guipuzcoanon egon nintzen. Bale xahar bat neukan janaritarako, eta harekin.
Beste gudari asko bezala Santoñara iritsi eta bukatu zen ibilaro hura.
Beti atzeraka, atzeraka. Santoñan harrapatu gintuzten. Han alemanak eta italianoak ziren. Zubi batean entregatu ginen, alemanak izango ziren guregana. Hondartza batera eraman gintuzten, deklarazioa hartu eta ni etxera bidali ninduten, gaztea eta.
Santoñakoa zer izan zen, errendizioa ala traizioa?
Traizioa ere puska bat bai, baina beharko errenditu. Ezer ez zegoen eta! Besteek aeroplanoak eta dena zituzten. Errenditu ezean txikitu egingo gintuzten. Lapikoak garbitzeko kargua besterik ez neukan nik, eta laster libratu ninduten. Fusilik batere ez geneukan, pala eta aitzurra besterik.
Zuk anaia galdu zenuen gerran.
Bizkargin metrailarekin zauritu zuten, eta sendakuntzarik gabe pasmoa sartu zitzaion. Basurtoko ospitalean hil zen, eta Derion lurperatu zuten. Berez aberia txikia zen, baina kurarik egiteko ezer ez.
Bizkargin jende asko hil zuten.
Bai, asko. Bonbardeo eta eraso gogorrak egon ziren han. Ordurako ia arma bazegoen gudarien artean: fusila bai, kanoi gutxi batzuk ere bai. Baina aeroplanorik batere ez, eta aeroplanotik egiten zuten besteek. Eguna zabaltzeko beldurrez! Aurrena hirunaka etortzen ziren kaza txiki batzuk; ikusten zuten behean mugimendua non zegoen, eta handik ordu erdi bat baino lehen etorriko ziren denak. Mendi guztia sutan ipintzen zuten. Beste bonbardaketa batean, Mañariko kanpandorrean nengoen, bista-bistan neukan goikoei bonbak gastatu zitzaizkienean nola bota zituzten munizio kaxa hutsak. Besterik ez zutenean, jo eta behera hura ere.
Etxera itzulitakoan, zer zegoen?
Hemen zegoen miseria… Inor ez zegoen. Ormaiztegin okinak falta zirela eta, okin aritu nintzen, harik eta kintak harrapatu arte. Herrira etorritakoan alkateak hauxe esan zidan: «Isilik egon Gernika bonbardeatzeko horrekin! Hire egiak baino nire gezurrak gehiago balio dik eta». Gernika zeinek bonbardeatu zuen bagenekien ondo asko, baita hark ere!
Gerra gehiena kanpoan, beraz?
Bai, gehiena gerran. Aurrena alde batean eta gero bestean. Etxera etorri eta sei hilabete baino lehen hots egin zidaten. Montejurrara joan nintzen soldadu, Lizarrara. Handik gerratera eraman ninduten, Lleidara. Telefonoetara sartu ninduten. Gerrate guztia pasatu, eta zauritu bat ere ez nuen ikusi; ez handik, eta ez hemendik. Zorte ikaragarria eduki nuen, gerra izateko. Gu atzerago joaten ginen, parapetoak egitera. Han aitzurra eta pala izaten zen. Ni gazteena nola nintzen sukaldean sartzen ninduten. Hiru sukaldariak bertakoak nituen.
Zer giro zegoen Euskal Armadan?
Organizazioa, gutxi. Hemengo aldean beste diziplina bat zegoen beste aldean. Engainatuta bezala ibili ginen. Gainera, gaizki. Hasieran, Gasteiz hartzeko gertu ibili ziren Bilboko militarrak. Baina hor galdu ziren, eta gero sartu ziren italianoak, alemanak eta moroak. Pentsa zer hiru. Niri alferrik esango didate hemengoei laguntzen errusiarrak ibili zirela, nik ez nuen ikusi! Nazio laurden baten kontra hiru-lau nazio jarri ziren. Han ez zegoen bromarik.













