Euskal Jaiak ekitaldiz beteta datoz aurten
Kamera eta foko guztiak aparteko azokako gazta lehiaketari begira egongo dira datorren astean, baina Ordiziako Euskal Jaien egitarauak, ekitaldi sorta dakar berekin datozen bi asteetarako. Ez dira faltako elkarteen arteko sukaldaritza lehiaketa bezalako ohiko ekitaldiak, baina berrikuntzarik ere bada aurtengo egitarauan. Euskal jaien izaera, antzinako garaietatik, euskal kultura eta ohiturak berritzearena izan da. Bide horretatik antolatu dute aurtengo egitaraua ere. Hala, gastronomia, musika, bertsolaritza eta herri kirolak uztartzen dituzten ekitaldiak izango dira datozen egunetan. Euskal jaiekin bat eginez, Ordiziako jubilatuek beraien eguna ospatuko dute igandean. Denera, herriko larehun bat jubilatu elkartuko dira Beti Alai pilotalekuan, bazkaltzeko. Javier Barandiaran elkarteko kideak azaldu duenez, Kutxak opari bana emango die bazkaritara joaten direnei; gainera, orain arte omenaldirik jaso ez duten gizonezko eta emakumezko adinekoenei ordulari bana oparituko diete juntakoek. Sei gazta ere zozkatuko dituzte parte hartzen dutenen artean. Bazkalondoan, orkestrak lagunduta, dantzaldia izango dute. Astelehena eta asteartea gastronomiari eskainitako egunak izango dira. Iñigo Lavadok eta Mikel Zeberiok, Idiazabal erara sukaldatzen ikasteko saioa eskainiko dute D’Elikatuz zentroan. Eta asteartean, Larrun Arri elkarteak antolatzen dituen lehiaketen txanda izango da. Batetik, Elkarteen arteko XXI. Sukaldaritza Lehiaketa egingo dute. Euskal Herriko produktuak erabiliz egindako errezetekin parte har dezakete elkarte gastronomikoetako kideek. Bertakoek ez ezik, Gipuzkoa osoko elkarteetatik [...]
Kamera eta foko guztiak aparteko azokako gazta lehiaketari begira egongo dira datorren astean, baina Ordiziako Euskal Jaien egitarauak, ekitaldi sorta dakar berekin datozen bi asteetarako. Ez dira faltako elkarteen arteko sukaldaritza lehiaketa bezalako ohiko ekitaldiak, baina berrikuntzarik ere bada aurtengo egitarauan. Euskal jaien izaera, antzinako garaietatik, euskal kultura eta ohiturak berritzearena izan da. Bide horretatik antolatu dute aurtengo egitaraua ere. Hala, gastronomia, musika, bertsolaritza eta herri kirolak uztartzen dituzten ekitaldiak izango dira datozen egunetan.
Euskal jaiekin bat eginez, Ordiziako jubilatuek beraien eguna ospatuko dute igandean. Denera, herriko larehun bat jubilatu elkartuko dira Beti Alai pilotalekuan, bazkaltzeko. Javier Barandiaran elkarteko kideak azaldu duenez, Kutxak opari bana emango die bazkaritara joaten direnei; gainera, orain arte omenaldirik jaso ez duten gizonezko eta emakumezko adinekoenei ordulari bana oparituko diete juntakoek. Sei gazta ere zozkatuko dituzte parte hartzen dutenen artean. Bazkalondoan, orkestrak lagunduta, dantzaldia izango dute.
Astelehena eta asteartea gastronomiari eskainitako egunak izango dira. Iñigo Lavadok eta Mikel Zeberiok, Idiazabal erara sukaldatzen ikasteko saioa eskainiko dute D’Elikatuz zentroan. Eta asteartean, Larrun Arri elkarteak antolatzen dituen lehiaketen txanda izango da. Batetik, Elkarteen arteko XXI. Sukaldaritza Lehiaketa egingo dute. Euskal Herriko produktuak erabiliz egindako errezetekin parte har dezakete elkarte gastronomikoetako kideek. Bertakoek ez ezik, Gipuzkoa osoko elkarteetatik etorritako sukaldariek parte hartuko dute lehian. Parte hartu nahi duten elkarteek, 650 46 48 40 telefono zenbakira deituta eman dezakete izena. Egun berean, Goierriko Odolkien XVII. lehiaketa ere egingo dute. Eskualdeko harakinei zuzendutako lehia da, odolkien denboraldiko lehena.
Asteburua, ekitaldiz beteta
Asteazkeneko aparteko feriaren ondoren, ostiralean jarraituko dute Euskal Jaietako ekitaldiek. Eta asteburu betea izango da gainera. Ostiralean, Pello Ramirez eta Xabier Zeberio musikariek osatu duten ON ikuskizuna eskainiko dute. Musikari ordiziarrak proiektu berri bati ekin dio, Oskorri taldearekin aritzen den Xabier Zeberiorekin batera. Alos Quartet taldean elkarrekin aritu ziren biak, eta orain, bikote moduan datoz, Ramirez soinu handiarekin eta Zeberio nyckleharpa instrumentuarekin. Emanaldia Barrena parkean izango da; eguraldiak lagunduko ez balu, D’Elikatuz gunean egingo lukete.
Larunbata izango da asteburuko egunik beteena. Koadrillen arteko herri kirol saioa eta sagardo festa izango dira arratsalde parteko hitzordu nagusiak. Ordiziako Dantzariak taldeak berriz, euskal dantzen erakustaldia egingo du iluntze partean.
Bertsoek ere badute tokia
Euskal Jaietako egitarauen barruan, bertsolaritzak ere badu bere tokia. Larunbat gauean, Xabier Amurizak eta Anjel Mari Peñagarikanok Otaño, atzerriko oroi-mina ikuskizuna eskainiko dute D’Elikatuzen.
Biharamunean, hilaren 11n, Lazkao Txiki Bertsopaper Lehiaketako sariak banatuko dituzte. Aurten 20. urtea du gazteen artean bertsolaritza sustatzeko sortu zuten lehiaketak.
Herriko koadrillen arteko herri kirol saioa egingo dute bihar zortzi
DEuskal Jaietako egitarauak dakarren berrikuntza nagusietako bat, Emaneurre elkarteak hilaren 10erako antolatu duen koadrillen arteko herri kirol saioa da. Gorka Argaizek azaldu duenez, «hamar urte edo gehiago izango dira koadrillen arteko herri kirolak egiteari utzi ziotenetik, eta guk berreskuratu egin nahi izan dugu».
Zortzi laguneko taldeak behar dituzte. Jokoak hauek izango dira: harria, ingudea, txingak, trontza, zakua, oskolak, korrika eta sokatira. Denbora onena egiten duten bi taldeak pasako dira finalera. Udalaren laguntzari esker, «sari itxurazkoak» izango direla azaldu du Argaizek. Igandera arteko epea dago izena emateko, baina 10 bat koadrilla gutxienez apuntatzea espero dute antolatzaileek.