Iaz baino gazta gaztagile gehiagok parte hartuko dute Ordiziako lehiaketan
Datorren asteazkenean egingo dute Ordiziako Euskal Jaietako aparteko feria. Latxa Ardien Gazta Lehiaketa izan ohi da ikusmin handiena sortzen duen ekitaldia, baina horrekin batera, ganadu, oilo, fruta eta barazki lehiaketak ere egingo dituzte egun berean. Gaur goizean Donostiako Kutxaren egoitzan egin duten ekitaldian, azokaren eta Idiazabal Jatorri Izendapenaren inguruko berri eman dute. Idiazabal Jatorri Izendapenean 125 ekoizle daude aurten, iaz baino 6 gehiago. Gehienak gazta ekoizten hasi nahi duten artzain gazteak direla azaldu du Miriam Molina, jatorri izendapenaren batzordeko lehendakariak. Ordiziako lehiaketan ere iaz baino gaztagile gehiagok hartuko dute parte. Izena emateko epea ixteko ordu batzuren faltan, 70 bat ekoizlek parte hartuko dutela aurreratu du Molinak (iaz 64 izan ziren). Aurten 38. urtea beteko du lehia horrek. Bihar goizeko 10:30ean hasiko da epaimahaia gaztak probatzen, Juan Mari Arzak sukaldaria epaimahai-buru dela. Sari banaketa eta ondorengo enkantea berriz, 13:30ak aldean izango dira. Berrikuntzak ferian Euskal Jaia, «euskal kultura eta nortasuna aldarrikatzeko eta zabaltzeko festa» dela azaldu du Igor Eguren alkateak, Donostian egindako aurkezpen ekitaldian. Bere ustetan, «baserritarrak izaera horren parte» dira, eta feriak, «haien lana ezagutarazteko eta bultzatzeko» balio du. Horregatik, ordiziarren eta inguruko herrietako jendearen partehartzea eskatu du. Asteazkeneko feriak izango dituen berritasunak ere azaldu ditu Egurenek. Batetik, Jose Castillo [...]
Datorren asteazkenean egingo dute Ordiziako Euskal Jaietako aparteko feria. Latxa Ardien Gazta Lehiaketa izan ohi da ikusmin handiena sortzen duen ekitaldia, baina horrekin batera, ganadu, oilo, fruta eta barazki lehiaketak ere egingo dituzte egun berean. Gaur goizean Donostiako Kutxaren egoitzan egin duten ekitaldian, azokaren eta Idiazabal Jatorri Izendapenaren inguruko berri eman dute.
Idiazabal Jatorri Izendapenean 125 ekoizle daude aurten, iaz baino 6 gehiago. Gehienak gazta ekoizten hasi nahi duten artzain gazteak direla azaldu du Miriam Molina, jatorri izendapenaren batzordeko lehendakariak. Ordiziako lehiaketan ere iaz baino gaztagile gehiagok hartuko dute parte. Izena emateko epea ixteko ordu batzuren faltan, 70 bat ekoizlek parte hartuko dutela aurreratu du Molinak (iaz 64 izan ziren).
Aurten 38. urtea beteko du lehia horrek. Bihar goizeko 10:30ean hasiko da epaimahaia gaztak probatzen, Juan Mari Arzak sukaldaria epaimahai-buru dela. Sari banaketa eta ondorengo enkantea berriz, 13:30ak aldean izango dira.
Berrikuntzak ferian
Euskal Jaia, «euskal kultura eta nortasuna aldarrikatzeko eta zabaltzeko festa» dela azaldu du Igor Eguren alkateak, Donostian egindako aurkezpen ekitaldian. Bere ustetan, «baserritarrak izaera horren parte» dira, eta feriak, «haien lana ezagutarazteko eta bultzatzeko» balio du. Horregatik, ordiziarren eta inguruko herrietako jendearen partehartzea eskatu du.
Asteazkeneko feriak izango dituen berritasunak ere azaldu ditu Egurenek. Batetik, Jose Castillo sukaldariari omenaldia egingo diotela jakinarazi zuen. Bestetik, aurten gazta lehiaketa eta ondorengo enkantea zuzenean jarraitzeko aukera izango dela esan zuen, ordiziako azokaren webgunearen bitartez.
Horiekin batera, beste aldaketa batzuen berri ere eman du Miriam Molinak. Lehiaketan parte hartuko duten gaztekin desfilea egingo dute herrian barrena, «herritarrek gazta gertutik sentitu dezaten». Gazta horiek baldintza onenetan mantentzeko eta inolako manipulaziorik ez egoteko neurri bereziak ere hartuko dituzte. Lehiaketaren aurretik, kalitate komisio batek, gazta bakoitzak lehiaketako baldintza guztiak betetzen dituela ziurtatuko du.
Ekoizleak igo, ekoizpena jaitsi
Ordiziako lehiaketa, «Euskal Herri mailan egiten den lehiaketa nagusia» dela azaldu zuen Miriam Molinak. «Artzainentzat garrantzia handia du lehiaketa horrek, haiek baitira egun horren protagonista».
Aurten Idiazabal Jatorri Izendapenean dauden ekoizle kopuruak gora egin du. Guztira 125 dira izendapenaren barruan dauden gaztandegiak –iaz 119 ziren–. Molinaren hitzetan, «azken bost urteetan oso jende gaztea» sartu da elkartean, «batez ere euren kontura gazta egiten hasi nahi dutenak».
Gaztagile kopuruak azken urteetan gora egin badu ere, produkzioa jaitsi egin da aurten. Guztira, 1.220 tona gazta ekoitzi dituzte jatorri izendapeneko gaztagileek (iaz 1.446 tona), horrenbestez, %17 egin du behera ekoizpenak. Jaitsiera horren arrazoiez galdetuta, «kanpaina hasieran salmentak polikiago» doazela azaldu du Molinak. «Produktoreek esan digutena da ez dutela bezerorik galdu, baina bai polikiago edo maiztasun gutxiagorekin erosten dutela». Krisiak ere zerikusia izan du horretan, Molinaren ustez. «Ez du beste sektoreetan adinako eraginik izan, baina etxeetan ere kontuan egin behar dituzte, eta garbi dago egoerak eragina izan baduela».