Aizpea gaztandegiak irabazi du ardi gaztaren Gipuzkoako 27. lehiaketa
Olaberriko Aizpea gaztandegiak irabazi du Legazpin igandean ospatu zuten Gipuzkoako Artzain Eguneko 27. Gazta Lehiaketa. Goiz osoan zehar izan zen zer jan eta zer ikusia Euskal Herria plazan, eta jendea kostata bertaratu bazen ere, eguerdi parterako plazak itxura betea eskaintzen zuen. Aizpea gaztandegiarena izan da epaimahaiaren ustez gazta onena. Elgoibarko Jesus Mari Ansolaren Mausitxa gaztak bigarren egin zuen. Lehen goierritarra Ordiziako Joseba Insausti izan zen. Laugarren egin zuen eta Euskal Herriko gazta lehiaketara joateko eskubidea irabazi zuen. Han izango dira ere Zeraingo Muñoa gaztandegia eta Legazpiko Arantxa Segurola (Erreixal). Herriko gazta onenaren saria ere jaso zuen honek. Herritarrek osatutako epaimahaiak, berriz, Legorretako Aitor Esnaolari eman zion gazta onenaren saria. Ordiziako J. Aramburu elkarteari ez zioten parte hartzen utzi, duela urtebete inguru Artzai Gazta elkartetik at geratu baitzen. Ardi mutur beltxen lehiaketan, ardi eta arkazta onenaren sariak Juan Joxe Aranguren (Erreixal) legazpiarrak jaso zituen, eta berak jantzi zuen ere Gipuzkoako Latxadun Elkarteak ematen duen Artzain Aipagarriaren txapela, 30 urtetan artzaintza munduan egin duen lanagatik. Ardi eta arkazta mutur gorri onenak Getariako Jose Manuel Etxeberriarenak izan ziren. Ardi okela gertatze lehiaketa, berriz, La Bellota elkarteak irabazi zuen. Arratsaldean artzain txakur lehiaketa egin zuten. Bederatzi txakurrek eta beste hainbeste artzainek hartu zuten bertan [...]
Olaberriko Aizpea gaztandegiak irabazi du Legazpin igandean ospatu zuten Gipuzkoako Artzain Eguneko 27. Gazta Lehiaketa. Goiz osoan zehar izan zen zer jan eta zer ikusia Euskal Herria plazan, eta jendea kostata bertaratu bazen ere, eguerdi parterako plazak itxura betea eskaintzen zuen.
Aizpea gaztandegiarena izan da epaimahaiaren ustez gazta onena. Elgoibarko Jesus Mari Ansolaren Mausitxa gaztak bigarren egin zuen. Lehen goierritarra Ordiziako Joseba Insausti izan zen. Laugarren egin zuen eta Euskal Herriko gazta lehiaketara joateko eskubidea irabazi zuen. Han izango dira ere Zeraingo Muñoa gaztandegia eta Legazpiko Arantxa Segurola (Erreixal). Herriko gazta onenaren saria ere jaso zuen honek. Herritarrek osatutako epaimahaiak, berriz, Legorretako Aitor Esnaolari eman zion gazta onenaren saria. Ordiziako J. Aramburu elkarteari ez zioten parte hartzen utzi, duela urtebete inguru Artzai Gazta elkartetik at geratu baitzen.
Ardi mutur beltxen lehiaketan, ardi eta arkazta onenaren sariak Juan Joxe Aranguren (Erreixal) legazpiarrak jaso zituen, eta berak jantzi zuen ere Gipuzkoako Latxadun Elkarteak ematen duen Artzain Aipagarriaren txapela, 30 urtetan artzaintza munduan egin duen lanagatik. Ardi eta arkazta mutur gorri onenak Getariako Jose Manuel Etxeberriarenak izan ziren. Ardi okela gertatze lehiaketa, berriz, La Bellota elkarteak irabazi zuen.
Arratsaldean artzain txakur lehiaketa egin zuten. Bederatzi txakurrek eta beste hainbeste artzainek hartu zuten bertan parte eta Elgoibarko Juan Joxe Arrizabalagaren Azkar txakurra izan zen guztietan azkarrena. Arraza aldetik txakur hoberena Mutrikuko Javier Zubiaurreren Txiki izendatu zuten.
Lehiaketak baino gehiago
Legazpira hurbildu zen orok artisau erakusketez edota ardi mozte erakustaldiez gozatzeko aukera ere izan zuen goizean zehar. Mozte erakustaldiek ikusmin handia sortu zuten, ohiko legez. Lehenengo ilea artaziekin nola mozten den erakutsi zuten, eta atzetik makinaz moztu zieten ilea, lehiaketa forman.
Omenaldiek ere indar berezia dute Gipuzkoako Artzain Egunean. Gipuzkoako lau aiton-amona artzain, Ameriketan lanean aritutako beste artzain bikote bat eta artzantzaren alde lan egin duen pertsona bat omendu ohi dituzte egun honetan. Aurten, Angel Alberdi eta Atanasi Gesala (Azpeitia-Aizarna) senar-emazteak eta Juan Lizarralde (Oñati) omendu dituzte artzain gisara egin duten lanagatik. Ameriketan artzain lanetan aritutako omenduak Inaxio Arrieta eta Maria Isabel Salutregi senar-emazte bolibartarrak izan dira. Eduardo Urarte albaitaria ere omendu zuten artzaintzaren alde egin duen lanagatik.
Erramun Martikorena abeslaria eta artzaina ere bertan zegoen eta omenaldien atzetik Xalbadorren heriotzean kanta ezaguna abestu zuen, «joan ziren artzain guztien omenez». Bere ahotsaz ikuslegoa hunkitzea lortu zuen Martikorenak.