Legazpi jai girora itzuliko da asteburuan Agorreko Santikutzekin
Asteburu honetan Agorreko Santikutz festak ospatuko dituzte Legazpin. Ostiral goizean hasiko dituzte ekintzak, eta igandean amaitu, Lakiolako erromeriarekin. Festek urteroko egitura aurkeztuko dute, baina edukietan berrituta. Hala, garai bateko jolasekin hasiko dituzte jaiak ostiral goizean. 20 jolas eskainiko dituzte aukeran, zirko jolasekin eta jolas erraldoiekin. Adin guztietarako jolasak direla esan dute antolatzaileek. Festen lehen egunak aukera gehiago eskainiko ditu, ordea. Ormazarreta zalditegiko arduradunek zaldi erakustaldia eskainiko dute eguerdian, eta animalia erakustaldiekin jarraituz, idi proben bi saio ere egingo dituzte egun honetan. Sei idi pare ariko dira lehian, Haztegiko jolastokian. Arratsaldean eta gauean egingo dituzte tiraldiak. Kanturako parada ere izango da lehen egunean. Bertso Olariek bertso saioa antolatu dute Arkaitz Estiballesekin eta Iker Zubeldiarekin. Saio hau apirilerako prestatu zuten, baina izena jende gutxik eman zuela eta, atzeratu egin zuten. Kantu Afaria ere etzi egingo da, Euskal Herria plazan. Doinua musika eskolak prestatuko du, eta aurten kantu liburuxkak bai, baina ogitartekoak ez dituzte salduko. Hauek inguruetako tabernetan eskuratu ahalko dira. Kontzertua eta erromeria Larunbatak ere ohiko festak eskainiko ditu. Txikienentzako ekintza ugari egingo dira egun honetan, hala nola motor txikien lasterketa edota kirol jolasak. 19:30ean Santikutz abesbatzak antolatu duen kontzertua izango da. Ahotsa eta pianoa izena eman diote eta bertan Mayca Teba [...]
Asteburu honetan Agorreko Santikutz festak ospatuko dituzte Legazpin. Ostiral goizean hasiko dituzte ekintzak, eta igandean amaitu, Lakiolako erromeriarekin.
Festek urteroko egitura aurkeztuko dute, baina edukietan berrituta. Hala, garai bateko jolasekin hasiko dituzte jaiak ostiral goizean. 20 jolas eskainiko dituzte aukeran, zirko jolasekin eta jolas erraldoiekin. Adin guztietarako jolasak direla esan dute antolatzaileek. Festen lehen egunak aukera gehiago eskainiko ditu, ordea. Ormazarreta zalditegiko arduradunek zaldi erakustaldia eskainiko dute eguerdian, eta animalia erakustaldiekin jarraituz, idi proben bi saio ere egingo dituzte egun honetan. Sei idi pare ariko dira lehian, Haztegiko jolastokian. Arratsaldean eta gauean egingo dituzte tiraldiak.
Kanturako parada ere izango da lehen egunean. Bertso Olariek bertso saioa antolatu dute Arkaitz Estiballesekin eta Iker Zubeldiarekin. Saio hau apirilerako prestatu zuten, baina izena jende gutxik eman zuela eta, atzeratu egin zuten. Kantu Afaria ere etzi egingo da, Euskal Herria plazan. Doinua musika eskolak prestatuko du, eta aurten kantu liburuxkak bai, baina ogitartekoak ez dituzte salduko. Hauek inguruetako tabernetan eskuratu ahalko dira.
Kontzertua eta erromeria
Larunbatak ere ohiko festak eskainiko ditu. Txikienentzako ekintza ugari egingo dira egun honetan, hala nola motor txikien lasterketa edota kirol jolasak. 19:30ean Santikutz abesbatzak antolatu duen kontzertua izango da. Ahotsa eta pianoa izena eman diote eta bertan Mayca Teba sopranoa, Charles dos Santos tenorea eta Sergio Martinez pianojolea entzuteko aukera izango dute bertaratuek.
Igandean, azkenik, erromeria egingo dute Lakiolan. Berrikuntza nagusia Ardanbidetan jarriko duten karpa izango da. Giroa jarriz, berriz, Imuntzo eta Beloki ariko dira. Eurekin batera Jimmy Arrabit Itoizeko bateria-jolea izango da Legazpin. Erromerian bazkaria ere eskainiko du Hare Haizea elkarteak, eta txartelak Karibe Zaharra, Gurrutxaga, Oilarra, Kukue eta Katillu tabernetan eros daitezke.
Egitaraua
Agorreko Santikutz jaiak
Irailak 9, ostirala
• 11:00. Garai bateko jolasak, zirko jolasak eta jolas erraldoiak. Euskal Herria plazan.
• 13:00. Zaldi erakustaldia Kale Nagusian.
• 17:30. Idi probak. Haztegi ikastolako atzeko patioan. 6 idi pare ariko dira lehian.
• 18:00. Erraldoien eta buruhandien konpartsaren kalejira trikitilariekin.
• 20:00. Bertso saioa: Arkaitz Estiballes eta Iker Zubeldia. Kale Zaharrean.
• 21:00. Kantu Afaria. Euskal Herria plazan.
• 22:00. Idi probak Haztegi ikastolako atzeko patioan. 6 idi pare ariko dira lehian.
• 22:30. Jose Jabier Mariatxia. Euskal Herria plazan.
• 23:00. Kontzertua gaztetxean: Legen Beltza, Anvil Of Doom, Antalgia.
Irailak 10, larunbata
• 10:00. Probintzia mailako bola txapelketa, Danantzako bolatokian.
• 10:30. Motor txikien entrenamendua Haztegi ikastolan.
• 11:00. Kirol jolasak haur eta gaztetxoentzat.
• 16:00. Motor txikien lasterketa. Haztegi ikastolako jolastokian.
• 17:00. XXIX. Sukaldari lehiaketa Euskal Herria plazan.
• 18:00. XII. Atletismoko Milla Urbanoa Aizkorri kalean.
• 19:00. Sukaldaritza lehiaketako sari banaketa. Euskal Herria plazan.
• 19:30. Dantza jaialdia Korosti dantza taldearekin. Euskal Herria plazan.
• 19:30. Kontzertua: Ahotsa eta pianoa. Latxartegi aretoan.
• 23:00. Dantzaldia Legazpi musika bandaren eskutik. Euskal Herria plazan.
Irailak 11, igandea
• 9:00. Goiz Deia txistulari taldearen kalejira.
• 12:00. Lakiolako erromeriaren hasiera (11:00etatik autobusa egongo da Laubiden).
• 16:00. Herri mailako plater tiraketa. Urtazar tiro zelaian.
• 18:00. Erromeria amaiera eta herrira itzulera.