Olaberriko Udalak isunetako 20.000 euro kobratzeko deia egin du
Olaberriko Udalak aurreko astean Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu zuen iragarkiaren arabera, trafikoko isunetan 20.000 euro ditu kobratzeko, 2010eko urteari dagozkionak. Arau hauste «oso larriak» egin zituzten gidarien 40 isun ordaintzeke d...
Olaberriko Udalak aurreko astean Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu zuen iragarkiaren arabera, trafikoko isunetan 20.000 euro ditu kobratzeko, 2010eko urteari dagozkionak. Arau hauste «oso larriak» egin zituzten gidarien 40 isun ordaintzeke daudela dio, eta horiek galdegin ditu bide ofizialetik. Isun guztiak 500na eurorekin eta gidabaimeneko 6 puntu kenduta zigortu ditu Isunen Unitateak.
«Ibilgailuen zirkulazioa eta bideetako segurtasuna arautzen duen legea urratu» izanagatik jarritakoak dira isunak. Iragarki ofizialaren bitartez, eta «aurretik saiatu ziren jakinarazpen pertsonalek ez zituztenez ondorioak lortu», isunen zenbatekoak eta ordaintzeko modua eta kontu korronteak zehaztu ditu Udalak.
Iragarkian zehazten denez, isuna ordaindu behar dutenei amaitu zaie administrazio bidea, helegiteetarako. Alkateari zuzendutako errekurtsoa aurkez dezakete, hala ere, hilabeteren barruan.
Isunaren zenbatekoa irmo bihurtzen denetik 15 egun izango dituzte salatuek ordainketa egiteko. Udaletxeko zerga bilketa bulegoan edo hiru banketxetan udalak dituen kontu korronteetan sartu behar da dirua.
Trafikoko arau hausteen eta egileen zerrenda ere argitaratu du Udalak. Guztiak 500 eurorekin eta baimeneko sei punturekin zigortu ditu. Baten kasuan bost isun ditu pilatuta, 2.500 euroko zenbatekora iristen dena. Ordainkizun bi eta hiru dituztenak ere bat baino gehiago dira.