Ricardo Remiro nafarrak irabazi du Ordiziako latxa ardien gazta lehiaketa
Ricardo Remiro artzain nafarrak irabazi du 2011. urteko Latxa ardien gazta lehiaketa. Eulatekoak lehiaketa hori irabazten duen bigarren aldia da (2009. urtean ere irabazi zuen), eta bere gurasoek ere beste bi alditan irabazi dute Ordizian. Sariarekin gustora agertu da Remiro, eta berea, “maitasun handiarekin egindako gazta” dela esan du.
Bigarren eta hirugarren sarietan, goierritarrak izan dira nagusi. Eli Gorrotxategi beasaindarrak eta Jose Mari Jauregi lazkaotarrek (La Leze, Araba) egin dute bigarren. Hirugarren berriz, Javier Muñoa zeraindarraren gazta gelditu da. Enkantean, 7.300 euro ordaindu dituzte Remiroren gazta erdiaren truke. Bilboko Porrue jatetxeko Unai Campo sukaldariak eraman du.
Denera 66 gaztagilek parte hartu dute lehiaketan eta epaimahaiko kideek azaldu dutenez, “kalitate handiko gaztak” aurkeztu dituzte aurten. Horietatik hamalau aukeratu dituzte finalerako, eta tartean bi goierritar zeuden, Legorretako Aitor Esnaola eta Zeraingo Javier Muñoa. J. Aranburu elkarteak ezin izan du parte hartu lehiaketan, Artzain Gazta elkartetik kanpo gelditu baitzen.
Ordiziako Euskal Jaietako egun handia ospatzen ari dira gaur Ordizian, aparteko feriarekin. Giro onak lagunduta, goizetik jende ugari dabil herriko kaleetan. Goizean 9:00etarako apenas zegoen aparkatzeko lekurik herrigunean. Antolatzaileek aparkaleku berezia prestatu dute Trebijano zelaian. Goizean zehar fruta, barazki eta ganadu lehiaketak egin dituzte. 13:00etatik aurrera berriz, gazta lehiaketa. Goizean herrian barrena desfilea egin eta gero sartu dira Beti Alai pilotalekura epaimahaiko kideak, Idiazabal Gazta Kofradiako kideek eta dultzaineroek lagunduta.
Arratsaldean profesionalen arteko eskuzko pilota partidek hartuko dute goizeko gazten lekua Beti Alai pilotalekuan. Lehen partidan Lemuno eta Mendizabal II.a, Tainta eta Zabalaren aurka ariko dira; bigarren partidan Olaizola II.a eta Albisu, Bengoetxea VI.a eta Beginoren aurka. 17:30ean hasiko dira pelota partidak. 19:30ean, berriz, Aizkolari Txapeldunaren Ligaren barruan, Iñaki Azurmendi eta Jose Mari Olasagasti ariko dira aizkoran, eta Goenatxo II.a eta Goenatxo III.a harria jasotzen. Herri kirol saioa Jose Migel Barandiaran plazan izango da.