Artzainak azoka handiaren muinean, aspaldiko partez
Ordiziako Euskal Jaietako feria berezian azken aldian arreta guztia gaztari eman izan zaio. Emaitzari, sustraiei baino gehiago. Aurten egileen garrantzia baloratu da, eta artzainei, gaztaren benetako izateari, egin zaio aitortza. Xumea, baina aspaldian lehen aldiz ekitaldiaren buru jarrita. Azoka eguna desfilearekin hasi zen, atzo. D’elikatuzetik Beti-Alai pilotalekura, kale buelta eginez. Idi parea gurdiarekin buru, lehiaketara aurkeztutako gaztak gainean jarrita. Atzetik, artzain eta gaztagile partaideak, ilaran. Segizioa ixten, Ordiziako Idiazabal Gaztaren Kofradiakoak. Asteazkeneroko ohiko azoka iraunarazten ari direnak ohartu ziren benetako altxorra nekazariak direla; sustrairik gabe nekez izango dela fruiturik. Gaztagileei ere iritsi zaie unea. Gaztari lekurik kendu gabe, gainera. Baina gehiago da Ordizian iraileko lehen asteazkeneko feria. Goierriko, Gipuzkoako eta Euskal Herriaren zati handi bateko merkatua da. Atzo ere hala izan zen. Urdaneta kalean euskal pastelak, baratzuriak eta lukainkak, gisa askotako zezinak —orein, asto, zezen, behi, moxalarenak…—, urdaiazpikoak, Ipar Euskal Herriko pateak eta ahatekiak, gozoak, ogia, eztia. Baita sagardogintzarako prentsak, ontziak eta gailuak ere, etxerako neurrian; sukaldeak, traktore bakanen bat… Garagartza plazan, ganadua. Pirenaika zuri galantak, euskal oilo gorri eta zilar bikainak. Frontoi aurrean Idiazabal gaztaren barietate izugarria, salpostuetan. Atzeraxeago, ezkontide onena: Arabar Errioxako ardo beltzak. Plaza Nagusian azoka nagusiaren beste nagusiak: nekazariak. Asteroko moduan, batzuk gehixeago salduz, besteak jendearen [...]
Ordiziako Euskal Jaietako feria berezian azken aldian arreta guztia gaztari eman izan zaio. Emaitzari, sustraiei baino gehiago. Aurten egileen garrantzia baloratu da, eta artzainei, gaztaren benetako izateari, egin zaio aitortza. Xumea, baina aspaldian lehen aldiz ekitaldiaren buru jarrita.
Azoka eguna desfilearekin hasi zen, atzo. D’elikatuzetik Beti-Alai pilotalekura, kale buelta eginez. Idi parea gurdiarekin buru, lehiaketara aurkeztutako gaztak gainean jarrita. Atzetik, artzain eta gaztagile partaideak, ilaran. Segizioa ixten, Ordiziako Idiazabal Gaztaren Kofradiakoak.
Asteazkeneroko ohiko azoka iraunarazten ari direnak ohartu ziren benetako altxorra nekazariak direla; sustrairik gabe nekez izango dela fruiturik. Gaztagileei ere iritsi zaie unea. Gaztari lekurik kendu gabe, gainera. Baina gehiago da Ordizian iraileko lehen asteazkeneko feria. Goierriko, Gipuzkoako eta Euskal Herriaren zati handi bateko merkatua da. Atzo ere hala izan zen. Urdaneta kalean euskal pastelak, baratzuriak eta lukainkak, gisa askotako zezinak —orein, asto, zezen, behi, moxalarenak…—, urdaiazpikoak, Ipar Euskal Herriko pateak eta ahatekiak, gozoak, ogia, eztia. Baita sagardogintzarako prentsak, ontziak eta gailuak ere, etxerako neurrian; sukaldeak, traktore bakanen bat…
Garagartza plazan, ganadua. Pirenaika zuri galantak, euskal oilo gorri eta zilar bikainak. Frontoi aurrean Idiazabal gaztaren barietate izugarria, salpostuetan. Atzeraxeago, ezkontide onena: Arabar Errioxako ardo beltzak.
Plaza Nagusian azoka nagusiaren beste nagusiak: nekazariak. Asteroko moduan, batzuk gehixeago salduz, besteak jendearen emanari begira, baina fin-fin. Eta dena eguzkipean gozatuz, milaka lagun. Egon-giro zoragarria, mahaiak gainezka eta kaleak beteta izan ditu azoka handiak.
Goiztiri AEKren zozketa
Bestetik, Goiztiri-AEK euskaltegiak jakinarazi duenez, bertako produktuen zozketan saria 1244 zenbakidun txartelari egokitu zaio (ordezko zenbakia: 0753). Saridunak telefonoz hots egin behar du (943 88 91 74), astea baino lehen.