Jean Christophe Jouchoux automodelismo mekanikaria eta gidaria
“Autoaren hobekuntza ez da inoiz amaitzen”
Mekanikaria da afizioz eta ofizioz. Astegunak autoen motorrak konpontzen pasatzen ditu Beasaingo tailer batean. Asteburuetan, berriz, automodelismoko lasterketako autoa prestatu eta lasterketetan parte hartzea du gustokoen. Jean Christophe Jouchoux da bera, Zaldibian bizi den frantziarra, 1:8 eskalako autoen mekanikari eta pilotua.
Auto muntatu berria esku artean duela hartu gaitu Jean Christophe Jouchoux-ek Zaldibiako bere etxean. Segituan hasi zaigu bere zaletasunaren ingurukoak azaltzen, “Auto osoa egiteko adina ordezko pieza ditut, eta hoiekin bigarren autoa muntatu dut. Pieza txiki asko gastatzen joaten dira eta beti aritu behar izaten dut aldatzen. Horregatik muntatu dut, zein pieza falta diren ikusteko”.
Benetako lasterketetako autoak bezelakoak dira, baina miniaturan. Muntatzeko moduak, moldaketek zerikusi handia dute autoak izango duen portaeran. “Adibide bezala gurpilen piezatxo bat lasatu edo estutuz gero errueda okertu edo zuzendu egiten da. Gehiago okertuz gero, bihurguneetan gehiago heltzen du, baina, kono eran gastatzen dira gurpilak. Zuzenago jarriz gero, berriz, azeleratzean trakzio gehiago du. Lau gurpiletako trakzioa dute autoek”, azaldu du Jouchoux-ek.
“Auto marka ezberdinak daude, baina denak berdintsuak dira, aldatzen dena prezioa da”, dio irrifarrez. “Orain motor italiar asko dago baina garestiak dira. Nik japoniarra erabiltzen dut, merkeagoa da eta. Italiarrak 800 euro inguruan dabiltza eta japoniarrak 200-300 inguruan; alde handia dago”.
Lehiaketetan ere egunero auto osoa desmontatzen dutela azaldu digu frantziarrak: “Ostiralean entrenamenduak izaten ditugu, larunbatean sailkapenak eta igandean lasterketa. Egunero auto osoa desmuntatzen dugu, piezaz pieza, izan dezakeen edozein akats aurkitzeko. Hori egiteko 3-4 ordu behar izaten dugu. Autoa berria denean gehixeago, oraindik piezak beraien lekura ondo moldatu gabe egoten baitira. Ordu asko sartu behar dira, zeure materiala noiz eta hobeto ezagutu, gehiago fintzen duzu direkzioa, esekidura, motorra, aldagailua, enbragea…”
Mekaniko, piloto denetik egiten al duzue?
Nire kasuan biak egiten ditut. Baina kasu asko daude aitak zaletasun handia duena, mekanikari bezala esperientzia handia duena, baina gidatzeko orduan semea aritzen da, erreflexu eta abilezia gehiago duelako. Frantzian aritzen nintzenean nire aitak ez zuen laguntzeko asti handirik eta neronek egiten nuen mekanikari lana ere. Hori bai, berak lasterketetan laguntzen zidan, gasolina betetzen…
Bat formulan bezala, depositua bete beharra ere izaten da beraz.
Bai lasterketak 20 minutukoaka izaten dira eta sailkapenak 7koak. Deposituak, berriz, 5 minuturako erregaia izaten du. Beraz 5 minutuero geratu eta 6-7 segundu galtzen dira. Autoa horretarako dagoen bidean sartu behar da, laguntzaileak hortik atera, gasolina bete eta berriro ere pistan jartzen du. Nitrometanol nahasketa bat da gasolina: %25ean. %35-40an jarriz gero azkarrago ibiliko litzateke, baina horrela nahikoa da. Arrankatzeko aparagailu bat ere badugu. Lehenik bujia berotu eta arrankatu egiten dugu. Lasterketan zehar pistatik atera eta motorra gelditzen bada, ekarri eta arrankatu beharra daukagu. Auto elektrikoek ez dute arazo hori, haiei motorra ez zaie itzaltzen.
Elektrikoek zarata ere gutxiago aterako dute.
Hori da, gureek berriz, hots asko ateratzen dute. Oraingo autoek haize filtroa eta eskapea hots gutxiago ateratzeko dute diseinatuta, baina hala ere zarata handia izaten da lasterketetan.
Ze abiadura harrapatzen dute autoek?
Azken lasterketan radarra zegoen helmugako zuzengunean eta 110km/h-ko habiadura hartzen genuen. Pinoiak aldatuz gero azkarrago joan liteke, baina gure pistetan bihurgune asko eta zuzengune bakarra egoten da, eta horrela bihurguneetatik irteera hobea lortzen dugu.
Motorraz gain, karrozeria ere zeuek moldatzen al duzue?
Karrozeri guztiak berdinak dira, plastiko gardenezko moldeak izaten dira. Gure gustura moztu eta margotzen ditugu. Aurrerago jarriz gero direkzio gehiago, atzerago jarriz gero atzeko gurpilek gehiago heltzen dute. Autoaren portaeran zerikusi handia du karrozeriak.
Lasterketetan zer da garrantzitsuena, autoa, gidaria…
Dena da garrantzitsua. Pazientzia izan behar da. Zure mailakoekin hasi eta pixkanaka aurrekoen pare ibiltzen saiatzea. Besteek nola egiten duten ikusi, ikasten joan… Garrantzitsuena zeure materiala ondo ezagutzea da. Entrenatu, akatsak ikusi eta autoa bere puntuan jartzea.
Nola entrenatzen duzue?
Oso gutxi entrenatzen dugu. San Adrianen (Nafarroa) badago pista txiki bat, baina auto hauentzat juxtu xamarrekoa da. Zaragozan hobea dago, baina, urrutiago. Tarteka joaten gara asteburu pasa baina denbora asko behar da. Hemen bazegoen bat Martutenen, egokia zen, baina itxi egin dute. Gipuzkoan pista baten beharrean gaude. Pista batek denetik behar du, bihurgune zabalak, estuak, txikanea, zuzengunea…
Entrenamentua bera baino garrantzitsuagoa da autoa ondo prestatzea. Bihurguneetan autoaren pisua (2 kilo pasatxo) ondo orekatu behar da, gurpilek ondo heltzeko. Pisuak garrantzia handia du, zenbaitek autoari torloju guztiak aldatu eta titaniozkoak jartzen dizkio, pisua arindu eta pisu hori autoan azpikaldean eta komeni zaion puntuan gehitzen dio gehiago heltzeko. Autoaren hobekuntza ez da inoiz amaitzen.
Ordu asko dira beraz.
Bai, prestatzen gidatzen baina askoz ere denbora gehiago behar da. Baina, noiz eta gehiago prestatu gustorago gidatzen duzu autoa. Ikusten duzu denborak hobetzen dituzula, autoa gehixego fintzen duzu… ez da inoiz bukatzen. Aurkakoa ere gertatzen da, zerbait gaizki egin duzu, autoa ez dabil behar bezala eta nahi duzun guztia ukitu dezakezu, baina, akatsa aurkitu eta zuzendu arte ez da autoa ondo ibiliko. Autoaren portaerari, ateratzen duen soinuari, beti adi egon beharra dago. Kontzentrazio handia behar da lasterketetan.
Elkarri laguntzen al diozue?
Bai, aritzen gara aholkuak eman eta entzuten. Baina gero denon gidatzeko modua desberdina da eta autoa desberdin prestatu behar da. Batzuk modu erasokorragoan gidatzen dute, beste batzuk finagoak dira eta niri hori gehigo gustatzen zait, txukunago gidatu eta gurpil gutxiago gastatzen duen gidatzeko modua. Zenbat olio sartu, zein malguki jarri… hitz egiten dugu. Baina bakoitzak bere erara egiten du. Niri hori gustatzen zait, mekanikoki autoa modu batera edo bestera prestatzeak lasterketan zein eragin duen aztertzea.
Lehiaketa hasi aurretik asteburu batean lagun talde bat elkartzen gara Madrilen edo, eta hor aritzen gara proba desberdinak egin eta autoaren portaera aztertzen. Horixe da niri gustatzen zaidana. Hori bai beti izaten dira, zure akatsa ikusi eta laguntzeko prest egoten ez direnak. Baina zuk laguntzen baduzu, gero zuri ere lagunduko dizute.
Piezak lortzeko, erosteko, saltzeko, muntatzeko interneten bidez egiten dut asko, foroetan sartuz… Ahokuak ematen dizkiogu elkarri. Frantzian piloto asko dago batere laguntzen ez dutenak. Jarrera hori ez dut batere ulertzen.
Frantzian ba al dago zaletasunik?
Bai, handia dago, baina Baiona edo inguruetan ez dago zirkuiturik. Gertuen Paben, Tarbesen edo Bordelen daude. Frantzi erdi aldean aspalditik dago zaletasun handia. Espainian lur orotako ibilgailuetan beti egon da zaletasuna, baina, zirkuituetan azken urte hauetan asko hazi da.
Eta Goierri inguruan?
Auto hau lehiaketakoa da, zirkuituetan bakarrik ibili liteke. Horrelakoekin ez da jende gehiegi ibiltzen, Donostia inguruan ba dago zaletasuna. Jende askok du erositako autoa, gainera merkeagoak izaten dira; hauekin edozein aparkalekutan edo industrialdetan ibili liteke, denbora pasa modura. Lur orotako ibilgailuak ere badira. Gureak oso baxuak dira, ia lurra ikutuan joaten dira, beraz, zoru leuna behar dute. Eta horrez gain pistak garbia egon behar du, bestela zikinkeria sartu eta korrea eta hainbat pieza hondatu egiten dira.
Lasterketa asko izaten al dituzue?
Espainiako txapelketan 4 lasterketa izaten dira. Gero eskualdeka gehiago izaten dira. Aurten, adibidez, San Adrianen zazpi, Zaragozan bederatzi… Baina ezinezkoa da denak egitea. Denbora izanez gero joaten gara.
Zu zer moduz moldatzen zara?
Bueno, hor ibiltzen gara, onenetara gerturatzen saiatuz. Ba dira 4 pilotu, oso onak direnak eta beti finalean sartzen direnak. Gu final erdietan eta final laurdenetan ibiltzen gara borrokan. Niretzat garrantzitsuena inor ukitu gabe ibiltzea da. Saiatu besteen pare ibiltzen baina ukitu gabe. Zuk besteak errespetatzen badituzu, zu ere gehiago errespetatzen zaituzte. Horregatik ibiltzen naiz beti kolore berdinarekin, jendeak ezagutzen nau eta errespetatzen nau. Irabazten badidate, azkarrago joan direlako izan da.
Besteen lasterketak eta sailkapenak ere jarraituko dituzu noski.
Garai batean itzuliak eskuz kontatzen ziren markagailu batekin. Baina, gaur egun, autoek azpikaldean txip moduko bat daukate eta horrek buelta guztiak eta denborak markatzen ditu. Eta internetara konektatuta badago etxetik ere lasterketak jarraitzeko modua izaten da. Askotan, adibidez, suspentsio biguna jarri duzu eta uste duzu oso erraz ibili zarela, baina bukatutakoan interneten denborak aztertu eta konturatzen zara uste baino mantsoago ibili zarela.
Zaletasun garestia al da?
Autoa bera erostea da garestia, gero ez du hainbeste gastu. Baina txapelketetara joateko, asteburu pasa joan behar zara eta bidaia, lo egitea, jatea… azkenean garesti ateratzen da. Lasterketetan izen ematea 40 euro izaten da. San Adrianen kide egitea 200 euro kostatzen da, gero urtero 50 euroko kuota ordaintzen da eta entrenatzea eguna 10 eurotan ateratzen da. Zaragozako pista oso ona eta hilero 20 euro ordaintzen da. Garestiagoak ere izaten dira.
Gipuzkoako herriren bat prest balegoke, gogoz hartuko zenukete zirkuitu bat.
Bai, erakustaldiren bat ere gustura egingo genuke, herriko jaietan edo. Gasteiz eta Bilbon badaude bi zirkuitu, baina, auto txikiagoentzat dira 1:10 eskalakoentzat. Gurea 1:8koa da eta eskala handiagoa ere badago, 1:5ekoa.
Frantziarra Zaldibian
Zer egiten du frantziar batek Zaldibian?
Lan egin. Nire bikotea hemen bizi zelako etorri nintzen 2006an. Bera Dominikar Errepublikakoa da eta 16 urte daramatza hemen, Tuteran eta Galizian bizi izan ondoren iritsi zen. Ni, berriz, zuzenean Zaldibiara etorri nintzen eta berehala aurkitu nuen lana mekanikari bezala.
Frantzian nongoa zara?
Lourdes ingurukoa, Nestalas-Pierrefittekoa, Tourmaleten eta Luz Ardidenen oinean.
Zer moduz bizi zara Zaldibian?
Lasai. Herri txikia da eta denok ezagutzen gara.
Zer gustatzen zaizu gehien Goierritik?
Eguraldia, bero handirik ez duela egiten. Eta giro ona dagoela, jendea oso lagunartekoa dela. Egia esan lasterketetan edo kanpoan ez bagabiltza Zaldibian bertan egoten gara, ez gara Beasaina eta Ordiziara asko joaten. Garagardo batzuk hartu, pintxoak jan… Sagardotegiak eta txuletak asko gustatzen zaizkit. Hemen ospakizunak lagunartean eta janaren inguruan izaten dira, elkarteetan, sagardotegietan… Frantzian etxean egiten da askoz ere bizitza gehiago.