Zer da energia geotermikoa?
Energia geotermikoa lur barneko beroa aprobetxatzen duen energia berriztagarria da. Lur barnea bero dagoenaren froga ugari ditugu, hala nola sumendiak, geiserrak, edota gure inguruan azaleratzen diren ur termalak. Esate baterako, Beteluko ur termaletako bi iturri 22ºC-tan eta 32ºC-tan azaleratzen dira. Fiteroko ur termalen iturria aldiz 50ºC-tan azaleratzen da. Egoera normaletan batez beste lur barnerantz 100 m sakontzean 3ºC igotzen da lurraren tenperatura. Honi gradiente geotermikoa deritzogu. Beraz, 2-3 km sakontzean arrokak (eta ura) 60-90ºC-tan egon ohi dira. Baina ingurune batzuetan gradiente hau askoz handiagoa izan daiteke, besteak beste sumendi inguruetan eta ondorioz 1,5-2 km-ko sakoneretan arrokak 200-300ºC bitartean aurkitzen dira.
Tenperatura altuko energia geotermikoa
Gradiente geotermiko altuko inguruneetan, 2 km-ko sakoneran 150ºC-ak gainditzen dituzten eremu geologikoei deritze. Normalean eremu bolkanikoekin zuzenean erlazionaturik daude. Magmak fluidoa (ura eta beste mineral ugari) berotu egiten du 150-400ºC tenperatura lortu arte. Zundaketa (sondeo) batzuen bidez, ur bero edo lurruna atera egiten da eta honek turbina batzuk martxan jartzen ditu, energia elektrikoa sortuz. Beste zundaketa hodi baten bidez ura lurperatu egiten da akuiferoa ez husteko. Teknika hau Italiako Larderellon erabili zen lehen aldiz 1904an. Gaur egun mundu mailan gehien garatua dagoen lekua Islandia da, bertako energiaren % 81 energia berriztagarri honetatik lortzen dutelarik.Tenperatura baxuko energia geotermikoa
Gradiente geotermiko arrunta, hau da, 2 km-ko sakoneran 150ºC-tik beherako tenperatura duten eremu geologikoak dira. Hobi hauek dira mundu mailan ugarienak. Tenperatura baxua denez, elektrizitatea sortzeko baino berokuntza sistemetarako, negutegiak berotzeko, bainuetxeetan bero terapeutiko gisa edota etxeetako ur beroa lortzeko erabiltzen da. Aurreko adibidean bezala, tenperatura baxuetakoetan ere zundaketa baten bidez ur beroa ateratzen da eta beste baten bidez ura berriro barneratzen da naturalki berotua izan dadin. Lurpeko tenperatura oso konstantea denez, urte osoan zehar erabili daiteke, giro tenperatura baino hotzagoa udan eta beroagoa neguan.Baldintza geologikoak
- Energia geotermikoa aprobetxatu ahal izateko, baldintza geologiko batzuk bete behar dira.
- Tenperatura altuko hobiak lortzeko eremu bolkaniko batean egon behar du.
- Sakonera jakin batean (1,5-2 km) arroka iragazkorrak aurkitzea, ura eta fluidoak bideratzeko gai izango dena.
- Akuifero edo arroka hauen inguruan arroka iragazgaitzak egon behar dira ura barreiatzen ez uzteko eta leku konkretu batean berotzeko.
- Tenperatura baxuko hobi geotermikoetako fluidoen tenperatura dela eta (60-90ºC), aprobetxatuko duen eraikuntza oso gertu egon behar du. Normalean zundaketaren gainean egoten dira.
JAKIN BEHARREKOAK
- Basoak birlandatzea klima aldaketaren aurkako neurria izan arren, Nature Geoscience aldizkarian argitaratutako ikerketa batek dioenez, basoen birlandatzea ez da nahikoa izango klima aldaketa geldiarazteko.
- Ardi latxaren bazka eta produkzioaren arteko erlazioa aztertu da, EHUko tesi batean. Tesi honetako ondorio nabarmenena, urtaro ezberdinetako bazkak zuzenean eragiten duela esne eta gaztaren kalitatean.
- Hegaztien eraztuntze teoriko-praktikoa antolatu du Aranzadi Zientzia elkarteak, irailaren 17an eta 18an. Ornitologian interesa duen ororentzat zuzendua dago eta ez da aurretiko ezagutzarik behar. Parte hartzeko: oficinaanillamiento@aranzadi-zientziak.org
- ‘La experiencia fluviofeliz’ Javir Martinez Gil ‘Uraren Kultura Berria’ ko hidrogeologoak idatzi duen liburuak errekak sentitzeko era ezberdina proposatu nahi digu. Piraguan eginiko bidaia batean bizitako sentipenak eta Pipa Alvarezen argazkiek osatzen dute liburua. Gainera urarekin zerikusia duten olerki eta abestien CD dakar.