Etorkinentzako Aisa euskara ikastaroa antolatu du udalak
Ordiziako Udaleko euskara zerbitzuak, etorkinentzako Aisa ikastaroa antolatu du aurten ere. Urriaren 3an hasiko da eta dagoeneko zabaldu dute izena emateko epea. Ikastaro horren bidez, honera bizitzera etorri diren etorkinei euskarara gerturatzeko bide...
Ordiziako Udaleko euskara zerbitzuak, etorkinentzako Aisa ikastaroa antolatu du aurten ere. Urriaren 3an hasiko da eta dagoeneko zabaldu dute izena emateko epea. Ikastaro horren bidez, honera bizitzera etorri diren etorkinei euskarara gerturatzeko bide bat eman nahi zaie, oinarrizko hainbat irakaspen emanez.
Aurreko urteetan bezala, ikastaroak 60 orduko iraupena izango du. AEK euskaltegiko irakasleek emango dituzte eskolak, astelehen, astearte eta ostegunetan, goizez (09:00-11:00) edo arratsaldez (18:00-20:00). Ikastaroan zehar, ikasleek euskararen oinarrizko ezagutza eta egunerokoan beharko dituzten hitzak eta esaldiak landuko dituzte batez ere, hala nola agurrak, zenbakiak, familia, eskola, garraioa, kirola edota erosketen ingurukoak.
Udaleko euskara zerbitzuak antolatzen du ikastaroa, baina HABE erakundeak finantzatzen du. Haiek hala eskatuta, gutxienez zazpi laguneko taldeak osatu behar dira, ikastaroa martxan jartzeko. Material didaktikoen kostua (bi liburu eta zazpi hizkuntzatan dagoen hiztegia), udalak hartuko du bere gain.
Izena emateko epea zabalik
Etorkinentzako euskara ikastaroa urriaren 3an hasiko da eta abenduaren 22ra arte emango dituzte eskolak. Parte hartu nahi dutenek, aurrez eman behar dute izena. Bi bide daude horretarako; telefonoz, 943 80 56 22 zenbakira deituta, edo Euskara Zerbitzuak Kale Nagusiko 26. zenbakian duen egoitzara joanda. Bulegoa, 09:00etatik 13:00etara egoten da irekita.