Goiatz Labandibar oiartzuarrak irabazi du aurten Igartza Saria
Goiatz Labandibar oiartzuarrak irabazi du aurtengo Igartza Saria. Europako hirietan zehar Interrailean egindako bidaia batean oinarrituta, hamar edo hamaika ipuin idatziko ditu liburua osatzeko. Oraindik hiruzpalau besterik ez ditu idatzita, proiektua aurkezteko idatzi zituenak. Liburu osoa idazteko urte bete inguruko epea izango du, eta Elkar argitaletxeak 2013ko udaberrian argitaratuko du. Lan osoa egiteko, 6.000 euroko laguntza ere jasoko du sari gisa. Labandibarrek aurreratu duenez, «istorioek haien arten ez dute harremanik izango, baina lotura gisa geltokiak hartu genitzake, ipuin guztietan agertzen den elementua delako, eta esanahi berezia izango duelako». Ipuin bakoitza bi modutara irakurri ahalko omen da, «hirien izenen arabera, nire ustez hiri horrek duen esentzia azalduz, eta istoriaren izenburuaren arabera». Hendaian (Lapurdi) hasi eta Marsella, Geneva, Venezia, Trieste, Ljubljana, Zagreb, Pula, Genoa eta Niza hiriak zeharkatuz kontatuko ditu istorioak Labandibarrek. Gehiegi azaldu gabe, hainbat ipuinetan landuko dituen gai batzuk ere aurreratu ditu saridunak: «Bizitza oso bat elkarrekin daraman bikote batek errutina aldatzeko egiten dituen saiakerak, askatasunarekiko beldurra, alde bakarreko maitasuna, tokiz kanpo sentitzen denaren sentimendua…». Istorio bakoitza dagokion hirian kokatzen ahaleginduko dela ere kontatu du, eta hiri horiek kokaleku hutsa baino gehiago izango direla. Istorioak kokatzeko, hiri bakoitzaren inguruan egileak duen pertzepzioan eta esperientzia pertsonalean oinarrituko da, Labandibarrek orain hiru [...]
Goiatz Labandibar oiartzuarrak irabazi du aurtengo Igartza Saria. Europako hirietan zehar Interrailean egindako bidaia batean oinarrituta, hamar edo hamaika ipuin idatziko ditu liburua osatzeko. Oraindik hiruzpalau besterik ez ditu idatzita, proiektua aurkezteko idatzi zituenak. Liburu osoa idazteko urte bete inguruko epea izango du, eta Elkar argitaletxeak 2013ko udaberrian argitaratuko du. Lan osoa egiteko, 6.000 euroko laguntza ere jasoko du sari gisa.
Labandibarrek aurreratu duenez, «istorioek haien arten ez dute harremanik izango, baina lotura gisa geltokiak hartu genitzake, ipuin guztietan agertzen den elementua delako, eta esanahi berezia izango duelako». Ipuin bakoitza bi modutara irakurri ahalko omen da, «hirien izenen arabera, nire ustez hiri horrek duen esentzia azalduz, eta istoriaren izenburuaren arabera».
Hendaian (Lapurdi) hasi eta Marsella, Geneva, Venezia, Trieste, Ljubljana, Zagreb, Pula, Genoa eta Niza hiriak zeharkatuz kontatuko ditu istorioak Labandibarrek. Gehiegi azaldu gabe, hainbat ipuinetan landuko dituen gai batzuk ere aurreratu ditu saridunak: «Bizitza oso bat elkarrekin daraman bikote batek errutina aldatzeko egiten dituen saiakerak, askatasunarekiko beldurra, alde bakarreko maitasuna, tokiz kanpo sentitzen denaren sentimendua…». Istorio bakoitza dagokion hirian kokatzen ahaleginduko dela ere kontatu du, eta hiri horiek kokaleku hutsa baino gehiago izango direla.
Istorioak kokatzeko, hiri bakoitzaren inguruan egileak duen pertzepzioan eta esperientzia pertsonalean oinarrituko da, Labandibarrek orain hiru urte egin baitzuen ipuinetan kokaleku izango diren hirietan zehar bidaia. Baina ipuin bilduma ez da biografikoa izango, kontakizun eta pertsonaia guztiak fikziozkoak izango baitira. «Hiri baoitzean jaso nuen esentzia bakarrik izago da erreala ipuinetan», gaineratu du.
Garazi Kamiok bigarren zatia
Orain arteko parte hartzaile kopuru antzekoak aurkeztu du aurten ere lana Igartzara, guztira 13 proiektu. Proiektu horien guztien artetik berea aukeratzeak «ilusio handia» egin diola aitortu du Labandibarrek. Sariketa egin den urte hauetan saria jaso dutenen ibilbidea ikusita ordea, errespetua ere sentitzen du, «taila eman behar delako».
Orain arte, tarteka idazteko ohitura zuen oiartzuarrak, baina gaztetan hainbat sari ere irabazitakoa da, tartean, Urruzuno eta Tene Mujika lehiaketak. Hemendik aurrera, ordea, «helburu batekin» idazteko aukera duela gaineratu du. Idazteko duen zaletasunak lan hau amaitzeko indarra emango dio, eta etorkizunean zein bide jarraituko duen ikusteko dagoela esan du.
Hamalaugarren Igartza Sariketa da aurtengoa, eta iazko irabazleak proiektuaren bigarren zatia aurkezten duen garaia. Garazi Kamio izan zen iazko garailea, eta Gerizpeko panpinak izeneko liburua datorren urtean, otsailean edo martxoan, argitaratuko du Elkar argitaletxeak.