«Zaletasunek bultzatuta edo errebotez nabil jardunean»
[ELKARRIZKETA OSOA BIHAR GOIERRIKO HITZAN]
Gorka Azkarate Urretxun jaio zen 1977. urtean, eta Zumarragan bizi da orain. Bere soslaia egiterakoan, egokitzen zaion adjetiboa polifazetikoa dela esan daiteke. Lanbidez ingenieroa, ikerketa zentro batean egiten du lan. Zaletasunek kulturaren eta kirolaren mundura eraman dute, eta bere aurpegia eta ahotsa nonahi ikus eta entzun daitezke Urretxun eta Zumarragan antolatzen diren ekintzatan.
Nola uztartzen dira zugan hainbeste jarduera mota: bertsogintza, literatura, kirola, musika, zientzia?
Zaletasunek bultzatuta edo errebotez nabil jardunean.
Kirolaren eremutik hasita, Goierri Garaia mendi lasterketako taldeko kidea zara, ezta?
Mendia oso gustukoa dut, oinez lehenengo eta gero korrika ere hasi nintzen. Goierri Garaia taldea osatu genuen zaletasun berdina genuenon artean.
Ehunmilia proba Urretxutik eta Zumarragatik pasa zenean esatari lanetan ibili zinen, Goierri Garaia mendi lasterketa taldeko kideak lanean aritu zineten?
Bai. Talde bezala laguntza eman genien hemen antolatu behar zen anoa-postuarekin, ibilbidea markatu genuen, eta niri esatari lanak egokitu zitzaizkidan.
Kirolatik literaturarako jauzia eginez, eta Bergarako Idazle Eskolan ikasketak egin zenituen, eta hortik Zumarragan egiten diren Ilunabar Literarioetara.
2006ko udazkenean hasi nintzen Idazle Eskolan. Titulazio bat da, masterra. Etekinik handiena norberak lan eginda ateratzen zaie ikasketa hauei, eta ni literaturarekiko dudan zaletasunak bultzatuta sartu nintzen. Bi urtez ikasi nuen Bergaran, larunbatero joaten nintzen eskolatara, eta bi urteak igarota, jarraitzeko aukera dugu; ekintzak, bilkurak eta hitzaldiak antolatzen dituzte, ikasle ohiei irekiak direnak. Kontaktuan jarraitzen dut Bergarako kideekin, eta hortik sortu zen Zumarragara Ilunabar Literarioen ekintza ekartzeko aukera.