Ekologikoki ibiltzeko ideiak Lazkaon, aste guztian zehar
Mugikortasun iraunkorraren astea ari dira garatzen Lazkaon. Astelehenean hasi zen, eta etzi bukatuko da, ostiralarekin. Autorik gabeko nazioarteko egunaren harira —bihar da—, naturalki eta ekologikoki batetik bestera ibiltzeko moduak, ereduak eta i...
Mugikortasun iraunkorraren astea ari dira garatzen Lazkaon. Astelehenean hasi zen, eta etzi bukatuko da, ostiralarekin. Autorik gabeko nazioarteko egunaren harira —bihar da—, naturalki eta ekologikoki batetik bestera ibiltzeko moduak, ereduak eta iraunkortasunaren adibideak azalduko dizkiete lazkaotarrei Udalak, San Benito ikastolak eta Ludotekak. Aste honetan egunero, 16:30etik 18:30era izango dira ekimenak, plazan eta inguruan.
Astelehena kirol mota batzutan arituz eta atzoko jarduna irristaketaren esperientzia ezagutzen igaro ondoren, gaur txirrinduarengan jarriko dute arreta. Gozagarri izateaz gain —gynkanak eta jolasak egingo dituzte bizikletekin—, herrian batetik bestera joateko aparteko garraiobidea dela nabarmenduko dute. 18:30ean txangoa egingo dute.
Bihar, osteguna, kaleak autorik gabe nolakoak liratekeen irudikatu ahalko da. Norbere ibilgailu motorduna etxean uzteko deia egin, eta Ludotekak jolastoki bihurtuko ditu kaleak.
Ohiturak sorrarazteko helburua duen mugikortasunaren aste berezia bukatzeko, ostiralean ere kalean hainbat jolas antolatuko dituzte Gaztelekukoek: mahai futbola, mahai tenisa, jokoak…