Txirrindularitza lasterketa berreskuratu dute Zaldibian hiru hamarkadaren ondoren
Ez dirudi garai oparoena denik txirrindulari probentzat: Goierrin bezala kanpoan, banaka-banaka erortzen ari dira egutegitik. Finantzatzeko diru iturriak agortu direlako askotan, edo antolatzeko boluntariotza ere krisian delako, ez gutxitan. Kontrako adibidea dute Zaldibian, ordea, larunbat honetan. Azkeneko hogeita hamar bat urtean lasterketarik gabe izan ondoren, Gailurrerantz elkarteko ziklismo sailekoek heldu diote erronkari, eta sortu dute. Afizionatu mailako proba izango da Zaldibiako I. Txirrindulari Sari Nagusia, eliteko eta 23 urtepeko ziklistentzat. 114,8 kilometroko ibilbidea prestatu dute, beti ere Zaldibia-Ordizia-Itsasondo-Legorreta-Alegia-Amezketa zirkuitu preziatuan. Euskaldun Torneoko azken lasterketa da. Hego Euskal Herriko afizionatu txapelketa dagoeneko zehaztuta baldin badago ere —Jorge Martin Montenegro da txapeldun; taldeka, Caja Rural— txirrindulari sorta baten ikuskizuna ziurtatuta dago. Errepideko denboraldia agortzear da, eta zuzendariekin harremanean dira antolakuntzakoak. «80 bat txirrindulari espero ditugu. Talde askori bidali diegu gonbidapena», dio Harriet Mendizabalek, antolakuntza taldearen izenean. Garai batean Santa Fe jaietan jokatu ohi zen lasterketaren gomutan sortu dute Zaldibiako Sari Nagusia, hein batean. «Ilusioz» daude zaldibiarrak. Hiru helburu nabarmendu ditu Gailurrerantzeko Mendizabalek: «Lehenago egiten zuten lasterketa berreskuratzea da bat. Bestetik, zalego polita dago herrian gogotsu, antolatzeko prest, eta herriari zerbait berria eskain diezaiokegu. Zaldibian txirrindularitza sustatzea ere bada, noski». Lehen aldia dute antolakuntza talde honetakoek lasterketen munduan. Bospasei lagun ari dira. «Dirua [...]
Ez dirudi garai oparoena denik txirrindulari probentzat: Goierrin bezala kanpoan, banaka-banaka erortzen ari dira egutegitik. Finantzatzeko diru iturriak agortu direlako askotan, edo antolatzeko boluntariotza ere krisian delako, ez gutxitan. Kontrako adibidea dute Zaldibian, ordea, larunbat honetan. Azkeneko hogeita hamar bat urtean lasterketarik gabe izan ondoren, Gailurrerantz elkarteko ziklismo sailekoek heldu diote erronkari, eta sortu dute.
Afizionatu mailako proba izango da Zaldibiako I. Txirrindulari Sari Nagusia, eliteko eta 23 urtepeko ziklistentzat. 114,8 kilometroko ibilbidea prestatu dute, beti ere Zaldibia-Ordizia-Itsasondo-Legorreta-Alegia-Amezketa zirkuitu preziatuan.
Euskaldun Torneoko azken lasterketa da. Hego Euskal Herriko afizionatu txapelketa dagoeneko zehaztuta baldin badago ere —Jorge Martin Montenegro da txapeldun; taldeka, Caja Rural— txirrindulari sorta baten ikuskizuna ziurtatuta dago. Errepideko denboraldia agortzear da, eta zuzendariekin harremanean dira antolakuntzakoak. «80 bat txirrindulari espero ditugu. Talde askori bidali diegu gonbidapena», dio Harriet Mendizabalek, antolakuntza taldearen izenean.
Garai batean Santa Fe jaietan jokatu ohi zen lasterketaren gomutan sortu dute Zaldibiako Sari Nagusia, hein batean. «Ilusioz» daude zaldibiarrak. Hiru helburu nabarmendu ditu Gailurrerantzeko Mendizabalek: «Lehenago egiten zuten lasterketa berreskuratzea da bat. Bestetik, zalego polita dago herrian gogotsu, antolatzeko prest, eta herriari zerbait berria eskain diezaiokegu. Zaldibian txirrindularitza sustatzea ere bada, noski».
Lehen aldia dute antolakuntza talde honetakoek lasterketen munduan. Bospasei lagun ari dira. «Dirua lortzea kosta zaigu, baina azkenean estali dugu dena, nahiko ondo. Herritarren laguntza handia jaso dugu, bai boluntario aldetik, bai ekonomikoki enpresa txikien partetik. Eskerrak haiei guztiei. Zailena egin dugu, hastea. Esperantza dugu aurrera segitzeko», dio Mendizabalek.
Zaldibia gune dela bost itzuli
Ehun eta hamabost kilometroko ibilian Zaldibia izango dute txirrindulariek ardatz. Bost itzuli dira denera, eta lau aldiz igaroko dira herrigunetik. Hiru mendate jarri dituzte bidean.
Gogortasunean gutxitik gehiagora joango da ibilbidea. Hirugarren bueltan, Altzo gaina igaro ala ez zalantzan zeuden atzo, hango errepidean obrak burutzen ari direlako. Baliteke mendate hori kentzea. Larraitz eta Gaintza (Zaldibiako herritik gorantz igotzeko biak) dira beste portuak.
Larunbatean 10:00etan hasiko da lasterketa. Zaldibian tarteko pasaerak 10:13an, 10:56an, 11:46an eta 12:31n dira. Helmuga, 12:52an.
Tradizio luzea eta emankorra izan du Zaldibiak
Zaldibiak historia luzea du txirrindularitzan. Herrian karrera ugari antolatu direlako batetik, aldi desberdinetan; baita txirrindulari dezente —asko profesionalak— eman dituelako ere. Horiei «omenaldi xumea» egiteko aitzakia ere bada larunbateko proba.
Txirrindulari izandakoetako bat Jose Kruz Zubeldia da, eta antolatzaileei lagundu die orain ere. «Denboraldiaren garai honetan etapa gogorregia ez jartzea garrantzitsua da, ziklistak nekatuta egoten direlako, bukatzeko gogoz. Lehen ere hori izan zen uztearen arrazoi bat. Santa Fe data txarra da karrerentzat», oroitu du.
Aldi desberdinak izan dituzte karrerek Zaldibian. «Mutikotakoa» du lehenbiziko oroitzapena Zubeldiak —61 urte ditu gaur egun—. «Zaldibiakoek korritzen zuten orduan, gainera. Joakin Salaberria, Martin Erauskin, Jexux Mendizabal… Profesionaletara iritsi ziren, eta karrerak irabazi ere egin zituzten».
Hurrengo loraldia 1960ko hamarkadan etorri zen. Lauzpabost urtean jokatu zen, azkena 1971n. «Nik lau urtean korritu nuen: 68an jubenil bezala, 70ean jubenilek eta lehen urteko afizionatuek batera egin genuen, orduan hala ohi zen; eta 71n afizionatuetan».
Joxe Nazabal profesional izandakoa Zubeldiaren jirakoa da, urtebete gazteagoa. «Orduan korredore asko etortzen zen Zaldibiako probara, 80 bat mutiko igoal». Zubeldia bera sei urtean ibili zen bizikletan, 1966tik 1971ra, afizionatu mailan utzi zuen arte.
Azkeneko aldian, 1980ko hamarraldian, beste lau bat urtean antolatu zen, «Jokin Mujikaren garaian». «Baina Santa Fe izanik, eta karrerak nahiko gogorrak, jendea bete egin zen. Ziklista gutxi etortzen zen, eta gutxiagok bukatzen zuten. Ikusita nago helmugara bederatzi bakarrik iristen», dio Zubeldiak.
«Txirrindulari katea etenik gabea izan da beti hemen. Orain ez dabil inor lehiaketetan. Ea ziklistaren bat ateratzen den proba hauek antolatuta. Pozgarria izango litzateke», dio Zubeldiak.