Santafetan, Zaldibia festetan
Berritasunez kargatuta eta ekitaldi distiratsuz zipriztinduta, gaur hasiko dira Santa Fe jaiak Zaldibian. Iluntzeko desfilearekin ekin eta mondejuak janez hasiko dute egitaraua, igandera bitartean etenik gabe segitzeko. Zaindariaren eguna bihar da; ostirala mozorrotuentzako, larunbata gazteentzako eta igandea kirolarentzako izango dira ondoren. Hurrena, urriaren 15ean, koadrilen eguna ospatuko dute. Udalak leihoetan ikurrina jartzeko deia egin die herritarrei. Idi parearen eta gazte koadrila baten arteko dema izango da, seguruenik, festa aurretik herrian zeresan handiena ipini duena. Ostiralean, 18:30ean, Roman Elosegi itzainaren uztarriak eta hamar laguneko koadrilak desafioa jokatuko dute, plaza parean, Illati aurreko kaleko asfaltoaren gainean. Lazkaomendiko harria erabiliko dute, 760 kilokoa. Hogei minutuan zeinek plaza gehien egin, horixe elkarri bota dioten erronka. Plazaren distantzia 25 metro luzera mugatu dute. Elosegi eta gizon probako tiralari bat lankide direla eta, hala sortu zen asmoa. Elosegitarrek aurreko belaunalditik dakarte idiekiko zaletasuna. «Apustua egin behar zela, eta herrian zirika hasi ginen, parranda giroan. Hortik irten da kontua», gogoratu du Akaitz Jauregi tiralariak. Buruz buruko «estua» espero Erronka onartu, eta desafioko baldintzak gorpuzten zerbait kostatu zen arren, aurrera egin du demak. Diru konturik-eta ezer jokatu dutenik ez dute argitu. «Denak ez dira jokoaren aldeko, ez dugu zehaztu oraindik. Bakoitzak 700na euroko bermea jarri dugu, proba jokatuko [...]
Berritasunez kargatuta eta ekitaldi distiratsuz zipriztinduta, gaur hasiko dira Santa Fe jaiak Zaldibian. Iluntzeko desfilearekin ekin eta mondejuak janez hasiko dute egitaraua, igandera bitartean etenik gabe segitzeko. Zaindariaren eguna bihar da; ostirala mozorrotuentzako, larunbata gazteentzako eta igandea kirolarentzako izango dira ondoren. Hurrena, urriaren 15ean, koadrilen eguna ospatuko dute. Udalak leihoetan ikurrina jartzeko deia egin die herritarrei.
Idi parearen eta gazte koadrila baten arteko dema izango da, seguruenik, festa aurretik herrian zeresan handiena ipini duena. Ostiralean, 18:30ean, Roman Elosegi itzainaren uztarriak eta hamar laguneko koadrilak desafioa jokatuko dute, plaza parean, Illati aurreko kaleko asfaltoaren gainean. Lazkaomendiko harria erabiliko dute, 760 kilokoa. Hogei minutuan zeinek plaza gehien egin, horixe elkarri bota dioten erronka. Plazaren distantzia 25 metro luzera mugatu dute.
Elosegi eta gizon probako tiralari bat lankide direla eta, hala sortu zen asmoa. Elosegitarrek aurreko belaunalditik dakarte idiekiko zaletasuna. «Apustua egin behar zela, eta herrian zirika hasi ginen, parranda giroan. Hortik irten da kontua», gogoratu du Akaitz Jauregi tiralariak.
Buruz buruko «estua» espero
Erronka onartu, eta desafioko baldintzak gorpuzten zerbait kostatu zen arren, aurrera egin du demak. Diru konturik-eta ezer jokatu dutenik ez dute argitu. «Denak ez dira jokoaren aldeko, ez dugu zehaztu oraindik. Bakoitzak 700na euroko bermea jarri dugu, proba jokatuko dela ziurtatzeko», zioen Jauregik herenegun. «Helburua, nahiz galdu, nahiz irabazi, taldeak lan egin duela erakustea da, ondo prestatu dugula geure burua».
Prestakuntza, ordea, serio hartu dute bi aldeek. Elosegi itzainaren laguntzaile Unai Matxain ariko da. Bi idi erabiliko dituzte. Lehendabizi zein taldek tira egin, bihar iluntzean zotz egingo dute.
Gazteak ekainaren bukaeran hasi ziren prestakuntzan. Guztiek aurreneko esperientzia dute gizon-proban, eta Orioko Pello Saizar izan dute maisu. Proban erakusle Keixeta ariko zaie. «Uztailean fuerte aritu ginen, abuztuan lasaiago, bakoitza bere kabuz, korrika eta. Atzera irailean serio heldu diogu hamarrok», argitu du Jauregik. Beste hiru-lau lagun ere aritu dira, ordezko.
Tiralari hauek ariko dira bihar lanean: Unai Lezea, Asier Labaka, Unai Beloki, Eneko Arizti, Akaitz Jauregi, Xumai Matxain, Xabat Garmendia, Asier Murua, Ibai Beloki eta Xabier Berdi. «Irabazi nahi duenak plaza asko egin beharko ditu. Uste dugu diferentzia txikia izango dela baten ala bestearen alde». Tabernetan giroa pil-pil dago. «53 plaza baietz gazteek» dio erronka batek.
Gainontzean, nabarmentzekoa da biharko pilota jaialdia ere, hiru partidakoa. Gazteetan, Nazabal zaldibiarra eta Elustondo berrobitarra, Larrea ikaztegietarraren eta Oria zaldibiarraren aurka. Afizionatuak, lau t’erdian, Goikoetxea eta Sukia zaldibiarrak ariko dira. Ondoren, profesional mailan, binaka, Mendizabal I.a-Galartza VI.a eta Mikel Goñi-Fernando Goñi lehiatuko dira.
Igandean krosa, lehenbizikoz
Besterik ere izango dute berritik aurtengo santafeek. Igandean Zaldibiako I. Herri Lasterketa jokatuko da, korrikalari herrikoien esparruan. 7 kilometroko ibilbidea izango da, herrigunetik Ordizia alderantz joan-etorrian. Lehen hiru emakumezko nahiz gizonezkoek dituzte sariak, baita 35 urtetik gorako hiru emakume azkarrenek eta 40tik gorako hiru gizonezko onenek ere. Herritar onenak ere sarituko dituzte.
Izena aurrez kultur etxean (943 16 03 38) eman liteke, 5 euroan.
EGITARAUA
Gaur, urriak 5
- 18:30. Desfilea, Olaldetik plazara, mondeju osagaiak bilduz.
- 19:00. Festa hasiera: dantzariak, danbor jotzaileak, txistulariak, Gauerdi txaranga, buruhandiak. Kalejira.
- 20:00. Mondeju dastaketa.
- 23:00. Imuntzo eta Beloki.
Bihar, urriak 6, Santa Fe eguna
- 11:00. Meza.
- 11:30. Zezenak eta pottokak.
- 11:45. Nerea Elustondo eta Iker Zubeldia bertsolariak.
- 12:00. Herriko trikitilariak.
- 18:00. Pilota jaialdia: afizionatuak eta profesionalak.
- 19:00. Kuxkuxtu txaranga.
Ostirala, urriak 7, mozorro gaua
- 11:00. Meza, hildako herritarren alde.
- 12:00. Otamena, jubilatuek.
- 11:00-13:00. Zirko tailerra, haurrentzat, Oreka eskolarekin.
- 16:30. Pilota partidak: haurrak
- 18:30. Idi parearen eta mutil taldearen arteko desafioa.
- 20:00. Manifestazioa, euskal presoen eskubideen alde.
- 23:30. Garraxi musika taldea.
- 01:30. ‘Play-back’ saioa.
Larunbata, urriak 8, gazteen eguna
- 11:30. Haur jolasak.
- 12:30. Ordiziako errondaila.
- 13:00. Nesken sokatira: Zaldibia-Anoeta. Triki poteoa.
- 14:30. Gazteen bazkaria. Gero, Gartxotekin kantaldia.
- 18:00. Dantza-bertso kalejira.
- 20:00. Manifestazioa.
- 22:00. Manillares Iturriaga musika taldea.
- 23:30. Ingo al Deu? taldea.
Igandea, urriak 9
- 10:30. Haurren krosa.
- 11:00. Zaldibiako I. Herri lasterketa, helduen krosa (izen-ematea: aurrez edo lasterketa hasi baino lehen).
- 12:30. Iztueta dantza taldearen saioa.
- 18:00. Mozorro festa eta jaialdia, haurrentzat: musika tresnak jotzen, abesten. Takolo, Kuki eta Koxmo pailazoak. Buruhandiak.













