«Estatubatuarrek ukiezinak zirela sinestu zuten, New Yorkeko dorreak erori ziren egunera arte»
Enrique Zaldua (Zumarraga, 1964) New Yorkera Denverretik iritsi zen 1995ean. Zuzenbidean egin zituen ikasketak, eta, beka batek baliatuta, Estatu Batuetara joan zen nazioarteko ekonomiari buruzko masterra egitera. Orduko bere ametsa Nazio Batuen Elkarteko (NBE) erakunderen batean lan egitea zen, lortu zuen. Horrela iritsi zen New Yorkera, NBErako aholkulari gisa lan egitera, baina erakundearekin desengainatuta nonbait, beste bide batzutatik egin zuen aurrera. Orain, Zumarragan dago, iragaitzako bidaiaria bailitz. Beharbada, Estatu Batuetara bueltatuko da. Agian, Europara begira jarriko da. Bien bitartean, egunotan, Zelai Arizti Kultur Etxean, Irailaren 11ko atentatuen egunean eta ondorengoetan osatutako ikus-entzunekoa erakutsi du.
Erraza egin al zitzaizun New Yorkeko erritmora egokitzea?
Hasieran gogorra egin zitzaidan. Maleta ametsez eta ilusioz beteta daramazu, eta irentsi ahal zaituen hiria da. Traizionatu egiten zaituen hiria da, sirena batek bezala egiten dizu kantu, aukeren nazioaren hiriburua bailitz: antzerkia, opera, lana, dirua… Baina aukerarik gabe egon zaitezke, eta gogorra da hori.
Nolatan sortu zitzaizun Time aldizkarian lan egiteko aukera?
Nire lagun bati espainolez egiten duten gehigarriaren zuzendaria izatea proposatu zioten, eta berak niri bere laguntzailea izatea. Baiezkoa eman, eta bost urte eman nituen, 1998tik 2003ra.
Zein da 2001eko irailaren 11ko zure oroitzapena? Denborak ezabatuko ez duena?
Badago irudi bat ezabaezina dena. Brooklyn Heights pasealekutik nindoan, Hudson errekaren ondoan doan pasealekua da, Manhattanen parean dagoena, downtown (hirigunea) guztia ikusten da bertatik. Jendea han elkartu zen, jendeak ez zuen bakarrik egon nahi, eta hirian zehar bilkura espontaneo asko egon zen. Ni, toki hartan egon nintzen, eta hesi baten ondoan bizikleta bat ikusi nuen. Atzean, soka bati lotuta, transistore zahar bat zegoen, eta Lennonen Imagine abestia ateratzen ari zen transistore hartatik; aurrez-aurre genituen dorreak sutan.
Irailaren 11ren zure bizipenen kronologia egingo al zenuke?
Lanean nengoen. Ohi baino goizago joana nintzen Time-eko egoitzara, bilera bat genuelako. Bederatziak laurden gutxian norbait sartu zen bulegora, eta hegazkin batek World Trade Centerreko dorre baten kontra jo zuela esan zuen. Istripu bat izango zelakoan, aurrera jarraitu genuen bilerarekin. Bederatzietan, amaitu genuenean, erredakzioko telebista guztiei so, bigarren hegazkina ikusi genuen, beste dorreraren kontra eztanda egiten. Nire iloba bisitan zegoen, eta dorreetara joateko plana zuen; deitu egin nion, ez joateko esanez.
Nola hasi zitzaizuen informazioa iristen?
Gero eta xehetasun gehiago jasotzen genituen, eta beldurra ere, gehiagora zihoan. Ikaratuta geunden, ez genekien beste hegazkin misil bat airetik etorriko ez ote zen, Time-eko eraikinaren kontra. Izan ere, aldizkaria kazetaritza estatubatuarraren ikur bat da; aurreko astean Bin Ladenen inguruko artikulu bat publikatu genuen… Dena beldurra zen. Pennsylvanian, Pentagonoaren kontra jotako beste hegazkina ikusi genuen. Eraikinetik ateratzea pentsatu genuen, baina lan egiteko unea zela, eta han geratu ginen oso berandura arte. Paradoxikoa zen, behera begiratu eta eguneroko bizitza aurrera zihoan 50. kalean, Worl Trade Centerretik urrun dagoen kalean. Surrealista zen, kilometro gutxitara hondamendia baitzegoen.
Nola esango zenuke hartu zutela estatubatuarrek erasotuak izatea?
Shock bat izan zen. Inork ikutu ezin zituenaren sinesmena zuten dorreak erori ziren arte. Estatu Batuek izan duten eraso bakarra Pearl Harbourrekoa da; eta, hura, ez da nazioa bete-betean, Hawai zen. Beraientzat, eurena plataforma kontinentala da, sinestezina izan zen, objetu hegalari ezezagun batek lur hartu izan balu bezala. Faktore bat baino gehiago egon zen: hegazkinek dorreen kontra jo zuteneko irudi grafiko berak psikean sortzen duena, New Yorken izatea, 3.000 hildakotik gora eraso bakarrean…
New Yorkeko gizarteari nola eragin zion?
Atentuak gertatu, eta bi hilabetez iraun zuen anaitasunezko garra piztuta egon zen. Sozialki, New York erasokorra da izatez, atentatuek jendearen defentsak hautsi zituen modu nabarmenean. Jendea kalera ateratzen zen, elkarri hitz egiten zioten ezagutu gabe, elkarri laguntzeko prest zeuden. Gero, hango normaltasun eza itzuli zen klaxonen oihuetan.
Mundua aldatu al zen egun horretan?
Zeharo. Orduz geroztik, kontraesan nabarmenak azaleratu dira, aurretik ere bazeudenak.
«Pentsamendu bakarra hemen errotuago dago»
Enrique Zalduak ondo baino hobeto ezagutzen du gizarte estatubatuarra. Irailaren 11ko atentatuek «mundua aldatu» egin zutela dio. Orain, hamar urte igaro eta gero, gizarte haren erradiografia egin du.
Atentatuen ondorengo aldaketak zehaztuko al zenituzke?
Gizabanakoaren eskubideak murriztu egin dira, hori legitimatzeko bideak ireki dira. Irakeko gerra, Afganistangoa… Eta, gerra horiek sortu duten defizita, beste herrialde batzuek duten egoera ekonomikoarekin lotu daitezke. Adostasun politikoak zanpatzen dituzten muturreko taldeek, Tea Party-a kasu, aurretik bazeuden, baina telurikoak ziren. Atentatuek leherrarazi dituzte fenomeno horiek guztiak.
Estatubatuarrek atentatuengatik onartu al dituzte gerra hauek?
Deigarria izan zen, atentatuak izan eta gero, mendekurako oihuak ez zirela New Yorkeko biztanleengandik etorri. Telebistan atera ziren bi soccer mum –horrela deitzen diete han klase ertaineko emakumeei, izan ere, futbola ez da kirol popularra, hemen, golfarekin alderatu daiteke–. Bi emakume horiek Bush lehendakariari mendekua eskatu zioten.
Bushek mendeku hori ikur gisa hartu zuen, ezta?
Ordura arte, plastikozko lehendakaria zela esan daiteke. Iparrik gabekoa, gairik gabekoa, gaitasunik gabekoa. Atentatuak oparia izan ziren beraretzat, opari perbertsoa izan baziren ere; zentzua eman zioten bere agintaldirai, eta jende askok hala ulertu ez bazuen ere, beste lau urtez Etxe Zurian egoteko aukera izan zuen, hauteskundeak bigarren aldiz irabazi eta gero.
Obamak aldaketak ekarriko zituela, eta helarazi zuten ilusioa benetazkoa izan al zen?
Bai, erabatekoa. Bere kanpainan lan egin nuen. Itxaropena eta ilusioa transmititu zituen, emakumezkoen botuak lortu zituen nabarmen. Baina estatubatuarrak sineskorrak dira, eta esaten zuen guztia betetzerik ez zegoela ez zuten ikusi nahi izan. Obamarekin, gainera, muturreko eskuina esnatu da, lehendakari beltza izatea onartezina dela uste dutenak asko dira. Bestalde, Estatu Batuetan, adimena ez dago oso baloratuta, mehatxu gisa hartzen dute norbaitek hitz jario adimentsua badu. Eta, han, estatu kontserbadoreek botere handia izan dute betidanik.
Hangoa eta hemengoa alderatuz gero, zein da irudia?
Estatubatuarrek euren kondaira sinetsi dute, sisteman konfiantza dute. Beharbada, orain pentsamendu bakarra hemen errotuago dagoela ikusten dut, han mekanismo gehiago dago mugimendu popularrak sor daitezen, disidentzia, alegia.














