Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako final-zortzinerenetako azken saioak jokatuko dira asteburu honetan. Etzi Lasarte Orian egingo den saioan lehiatuko dira Iñaki Apalategi beasaindarra eta Amaia Iturriotz urretxuarra. Manuel Lekuona kultur etxean izango da saioa eta 17:30ean hasiko da.
Apalategirekin eta Iturriotzekin batera igoko dira oholtzara Uxue Alberdi, Ainhoa Agirreazaldegi, Oihana Iguaran eta Andoni Otamendi bertsolariak. Haitzol Olaiz izango da aurkezlea.
Igandean Sasietaren txanda
Asier Sasieta ezkio-itsasoarrak igandean du G Puntuko final-zortzirenetako saioa, Irunen. Amaia antzokian izango da, 17:30ean hasita. Alaia Martin, Haritz Casabal, Iñaki Zelaia, Manex Mujika eta Urko Egaña izango ditu aurkari Sasietak. Egoitz Aizpuru izango da aurkezlea.
Bi saioetarako sarrerak salgai daude www.gpuntua.com helbidean. Txapelketari buruzko informazioa eta sailkapenak ere aurkitu daitezke. Webgunean emango dute jakitera igandean final-laurdenetara igaroko diren 24 bertsolariak zein izango diren.