Gidarien harrobian lehia, igandean Olaberrian
Olaberriko motor zirkuituan karting probak jokatuko dira igande goizean. Olaberriko Karting Serieak txapelketako laugarren eta azkeneko jardunaldia izango da, karting modalitatean. Txapeldunak izendatzeko eta sailkapena ixteko balioko du. Igandean 10:0...
Olaberriko motor zirkuituan karting probak jokatuko dira igande goizean. Olaberriko Karting Serieak txapelketako laugarren eta azkeneko jardunaldia izango da, karting modalitatean. Txapeldunak izendatzeko eta sailkapena ixteko balioko du.
Igandean 10:00etan hasiko dira lasterketak, 13:30a aldera arte. Hiru mailatako karrerak egingo dituzte, adinka bereizita. Lehenbizi, alebin eta kadete mailako haurrak ariko dira, proba berean. Hamabi urte artekoek dute hor parte hartzeko aukera. 65 eta 85 zentimetro kuboko motordun kart autoak erabiltzen dituzte.
Bigarren lasterketa hobby-juniorrena izango da, gazte mailan, 15 urte arteko neska-mutilak. Haien kart-aren motorra 125 zentimetro kubokoa da, enbrage eta aldagailu automatikoarekin.
Hirugarren eta azken proba helduena izango da, KZ2 kategoriakoa. 125 zentimetro kuboko motorra eta sei martxa dituen ibilgailua erabiltzen dute, orduko 160 kilometroko abiadura hartzeko gai direnak, Ibon Arregi gidari beasaindarrak zehaztu duenez.
KZ2 mailan hiru goierritar ariko dira: Elias Martinez idiazabaldarra, Ekain Aizpurua beasaindarra eta Iban Altuna ordiziarra. Euskal Herriko toki askotako pilotuek osatuko dute parrilla, azken proba erabakigarriko lehian.
Lehiaketa igandean bada ere, larunbatean entrenamendu saioak egingo dituzte, 10:00etatik 16:00etara. Sarrera doan da, bai zapatuan, bai igandean. Lasterketak ikusteko «oso politak» direla aurreratu dute gidariek.