Jende mordoxka bildu du Arrastoakek, Ormaiztegin
Eguraldi hezea egin arren, jende mordoxka bildu du Jatorrizko Euskal Animalia Espezieen XII. Erakusketak, Ormaiztegin. Antolatzaileen hitzetan, «iaz baino gehiago, eta ez da gutxi, egin duen eguraldia ikusita». Horrenbestez, gustura daude jasotako erantzunarekin. Bisitariei dagokionean gehiengoa goierritarra zen, baina baziren besteak beste, Oñatitik, Antzuolatik, Arrasatetik eta Zarautzetik gerturatutakoak ere. Azokara joandakoen adinari dagokionean berriz, asko helduak ziren, baina horrelakoetan ohikoa den moduan, guraso ugari ere ikus zitekeen beraien seme-alabekin. Igandean, 10:00etik aurrera ireki zuten jatorrizko euskal animalien azoka, 7.000 metro koadroko azaleran, eta bertara hurbildutako askok berehala ikusi zituzten animaliak. Batez ere baserritarrek, interes handia izaten baitute. Ganaduari begiratu eta beraien artean hizketan eta kalifikazioak jarriz entzun zitezkeen batzuk. Animaliak ikusteaz gain, jatorrizko euskal animalia espezietatik ekoiztutako produktuak ere erosi zituzten bisitariek. Informazioa eskuragarri Goizeko hamaiketatik aurrera hasi ziren elkartekideak animalia bakoitzari buruzko argibideak ematen, megafonia bidez. Asko izan ziren animaliak zeuden itxituretara inguratu eta beraiei buruzko galderak egin zituztenak: galtzeko zein arrisku duten, zein lan egiten den arriskua ekiditeko… Elkartekideek ahalik eta xehetasun gehienekin erantzun zituzten bisitarien galderak. Goizean 11:30etan hasi zen Pottoka Arrazaren Gipuzkoako VIII. Txapelketa. Lau sailetan banatuta egin zuten: sementalak, 3 urtetik gorako behorrak, 6tik 36 hilabete arteko behokak eta 6tik 36 hilabete arteko zaldikoak. Sementalen, [...]
Eguraldi hezea egin arren, jende mordoxka bildu du Jatorrizko Euskal Animalia Espezieen XII. Erakusketak, Ormaiztegin. Antolatzaileen hitzetan, «iaz baino gehiago, eta ez da gutxi, egin duen eguraldia ikusita». Horrenbestez, gustura daude jasotako erantzunarekin. Bisitariei dagokionean gehiengoa goierritarra zen, baina baziren besteak beste, Oñatitik, Antzuolatik, Arrasatetik eta Zarautzetik gerturatutakoak ere. Azokara joandakoen adinari dagokionean berriz, asko helduak ziren, baina horrelakoetan ohikoa den moduan, guraso ugari ere ikus zitekeen beraien seme-alabekin.
Igandean, 10:00etik aurrera ireki zuten jatorrizko euskal animalien azoka, 7.000 metro koadroko azaleran, eta bertara hurbildutako askok berehala ikusi zituzten animaliak. Batez ere baserritarrek, interes handia izaten baitute. Ganaduari begiratu eta beraien artean hizketan eta kalifikazioak jarriz entzun zitezkeen batzuk.
Animaliak ikusteaz gain, jatorrizko euskal animalia espezietatik ekoiztutako produktuak ere erosi zituzten bisitariek.
Informazioa eskuragarri
Goizeko hamaiketatik aurrera hasi ziren elkartekideak animalia bakoitzari buruzko argibideak ematen, megafonia bidez. Asko izan ziren animaliak zeuden itxituretara inguratu eta beraiei buruzko galderak egin zituztenak: galtzeko zein arrisku duten, zein lan egiten den arriskua ekiditeko… Elkartekideek ahalik eta xehetasun gehienekin erantzun zituzten bisitarien galderak.
Goizean 11:30etan hasi zen Pottoka Arrazaren Gipuzkoako VIII. Txapelketa. Lau sailetan banatuta egin zuten: sementalak, 3 urtetik gorako behorrak, 6tik 36 hilabete arteko behokak eta 6tik 36 hilabete arteko zaldikoak. Sementalen, behorren eta behoken kasuan 3na pottokak jaso zuten saria, baina zaldikoen kasuan bi pottokek bakarrik, hirugarren saria banatu gabe geratu baitzen.
Pottoka lehiaketaz gain, Eskualdeko XIV. Ezti Lehiaketa ere egin zuten, Gipuzkoako Erlezainen Elkarteak antolatuta. Lehen saria Manuel Agirre itsasondoarrak etxeratu zuen.
Betizu pintxoak
Animaliak ikusteaz eta beraie buruzko informazioa jasotzeaz gain, jendeak eztia dastatzeko aukera izan zuen yogurtarekin. Haurrak pottoka gainean eta astoetan jarritako otarretan ere ibili ziren hara eta hona, eta ederki asko pasatu zuten.
Eguerdian, 12:30etik aurrera goizean zehar erakus gunean erretako betizuaren pintxoak dastatzeko aukera izan zuen jendeak. Haritz Maiz Ormaiztegiko Udaleko Nekazaritza zinegotziak jakitera eman duenez, pintxo guztiak bukatu ziren.
Betizuaren pintxoekin eta eztia eta yogurrarekin asetu ez zenak taloak jateko aukera ere izan zuen, bertan baitziren Goierriko zein Lapurdiko talogileak. Bestalde, trikitilariak arduradu ziren musika doinuak lau haizetara zabaltzeaz, eta eguraldi euritsua egin arren, giro polita sortu zen igandean Ormaiztegin.














