Andoitz Bonilla: “Zirkuituaren arabera, 170 kilometro ordura ere joan gaitezke”
Zortzi urterekin hasi zen Andoitz Bonilla (Beasain, 2001) motor lasterketatan lehiatzen, eta ordutik horretan jarraitu du, astebururo furgonetako eserlekuan eseri eta ehunka kilometro eginez. Hamar urte ditu, eta abiadura bizian ia lurra ukitzeraino markutzeak ez dio beldurrik ematen. Zergatik hasi zinen motorrak gidatzen? Aitari gustatzen zitzaion, eta berak erakutsi zidan. Hasieran ez zitzaidan asko gustatzen, baina gero gustua hartu nion. Zein izan zen zure lehen motorra? Minimoto bat erosi zidaten, baina ia ez nuen erabili. Gero kroseko bat erosi zidaten, eta pista batzuetara joan ginen, baina hura ere ez nuen asko erabili. Gero 70 zentimetro kubikokoa erosi zidaten eta hura erabiltzen hasi nintzen. Gehiago gustatu zitzaidan eta harekin lehiatzen hasi nintzen. Supermotar bat erosi ere zidaten, eta hori gustatzen zait gehien, arinagoa delako, irristatu egin naitekeelako, lokatzetan ibili… dibertigarriagoa da. Zenbat urterekin parte hartu zenuen lehen lasterketan? Lehenengo lasterketa bederatzi urterekin egin nuen Kotarren, Burgosen, eta irabazi egin nuen. Baina gero lasterketa guztietan denek irabazten zidaten, esperientzia gehiago zutelako, 70eko motorrarekin bederatzi urtetik 12 urtera artekoek lehiatzen baitute. Nik orain bi motor erabiltzen ditut, 70ekoa Gaztela eta Leongo eta Euskadiko txapelketetan, eta 80koa Mediterraneokoan, MotoDes txapelketan, eta Espainia iparraldean. Nolako aurkariak izaten dituzu? Ni baino zaharragoak dira gehienak, 13 urtera [...]
Zortzi urterekin hasi zen Andoitz Bonilla (Beasain, 2001) motor lasterketatan lehiatzen, eta ordutik horretan jarraitu du, astebururo furgonetako eserlekuan eseri eta ehunka kilometro eginez. Hamar urte ditu, eta abiadura bizian ia lurra ukitzeraino markutzeak ez dio beldurrik ematen.
Zergatik hasi zinen motorrak gidatzen?
Aitari gustatzen zitzaion, eta berak erakutsi zidan. Hasieran ez zitzaidan asko gustatzen, baina gero gustua hartu nion.
Zein izan zen zure lehen motorra?
Minimoto bat erosi zidaten, baina ia ez nuen erabili. Gero kroseko bat erosi zidaten, eta pista batzuetara joan ginen, baina hura ere ez nuen asko erabili. Gero 70 zentimetro kubikokoa erosi zidaten eta hura erabiltzen hasi nintzen. Gehiago gustatu zitzaidan eta harekin lehiatzen hasi nintzen. Supermotar bat erosi ere zidaten, eta hori gustatzen zait gehien, arinagoa delako, irristatu egin naitekeelako, lokatzetan ibili… dibertigarriagoa da.
Zenbat urterekin parte hartu zenuen lehen lasterketan?
Lehenengo lasterketa bederatzi urterekin egin nuen Kotarren, Burgosen, eta irabazi egin nuen. Baina gero lasterketa guztietan denek irabazten zidaten, esperientzia gehiago zutelako, 70eko motorrarekin bederatzi urtetik 12 urtera artekoek lehiatzen baitute. Nik orain bi motor erabiltzen ditut, 70ekoa Gaztela eta Leongo eta Euskadiko txapelketetan, eta 80koa Mediterraneokoan, MotoDes txapelketan, eta Espainia iparraldean.
Nolako aurkariak izaten dituzu?
Ni baino zaharragoak dira gehienak, 13 urtera artekoekin lehiatzen dudalako 80ko motorrarekin. Beraien kontra aritu eta irabaztea oso zaila da, esperientzia gehiago dutelako eta diru gehiago ere bai. Gure motorra gainera, bigarren eskukoa da, eta gidari gehienek motor berria eta hobeto prestatutakoa izaten dute. Baina nik, ikasteko, nahikoa dut nirearekin. Abiadura gutxiago hartzen du, baina nik bihurgunetan aurrea hartzen diet eta beraiek niri tarte zuzenetan. Motorra ere ez dut horren ona, baina nahiko emaitza onak lortzen ditut. Meditarreneoko lasterketan adibidez, 25 gidarik parte hartu genuen eta zortzigarren egin nuen.
Zein dira aurkari gogorrenak?
Niretzat katalanak, tranpak egiten dituztelako. Motorrean gps-a eta abiadura gehiago hartzeko ordenagailu bat izaten dute. Lasterketa amaitzen denean motorrak behar baino potentzia gehiago badu, lehiaketatik kanpo geratzen gara, baina katalanek iruzur egiten dute, motorra geldi dagoenean behar den indarra adierazten dutelako eta lasterketan indar gehiago erabiltzen dutelako. Baina halako motorrek bihurgune asko dituzten zirkuituetarako ez dute balio, eta halakoetan nik irabazten diet.
Zer egiten duzu irabazteko?
Denbora guztian abiadura kalkutzen joan behar naiz, eta motorra nola gidatu ikasten joan naiz. Baina gainerakoei dena gps-ak esaten die eta beraiek ez dakite momentu zehatzetan zer egin.
Nola ikasten da hori guztia?
Asko entrenatuta, eta aitak ere erakusten dit. Asko kostatzen da ikastea, ondo irten arte behin eta berriro egin behar delako.
Anaia Danel ere hasi da zure pausoak jarraitzen. Zuk erakusten diozu zer egin behar duen?
Aitak erakusten dizkio gauzak eta nire motor txikia erabiltzen du, 70ekoa. Baina oraindik txikia da eta 70eko motorra oso azkar ibiltzen da berarentzat, 140 kilometro orduko abiadura hartzen duelako.
Zenbateko abiaduran joan zaitezke zu lasterketa batean?
Zirkuituaren araberakoa da, baina 170 kilometro orduko inguru. Alcarraseko zirkuituan (Lleida, Herrialde Katalanak) aldapa behera dago une batean, eta han 180 kilometro orduko abiadura ere hartzen dugu.
Horrek ez dizu beldurrik ematen?
Ez, probaren hasieran oso urduri jartzen naiz, irteeran bat erortzen bada atzekoak erortzeko arriskua dagoelako. Baina behin lasterketa hasita, zirkuituan zer egin behar dudan pentsatzen joaten naiz, aurkariak non dauden kontrolatuz.
Erortzen zarenean ez duzu minik hartzen?
Erropek babesten gaituzte, ukalondoetan, sorbaldan, belaunetan, bularraldean… babesgarriak ditugu, eta kolpeak arintzen ditu. Lurraren kontra irristatzen garenean jantzia zulatu daiteke, erre egiten delako, eta halakoetan azala erretzen zaigu. Bestela, kolpeak dira gehien izaten ditugunak. Momentuz, minik gehien, radioa apurtu nuenean izan nuen. Bota bereziak ere eramaten ditugu, gogor-gorroak dira, eta hala ez ditugu orkatilak okertzen.
Espainia guztian zehar ibiltzen zara, hara eta hona?
Albacete, Cheste, Los Arcos, Bartzelona… Astebururo joaten gara norabait, batzuetan lasterketak daudelako eta bestela entrenatzera. Aitarekin edo bere lagun batekin joaten naiz. Gogorra egiten da, lagun guztiek asteburuak jolasten igarotzen dituztelako, eta nik ostiraletik igandera kanpora joan behar izaten dudalako. Ostiral goizean edo eguerdian abiatzen gara Beasaindik, eta gertuen dugun zirkuitua Cañizekoa da, Teruelgoa, hemendik lau ordura.
Zein pista gustatzen zaizu gehien?
Los Arcosekoa (Nafarroa), bihurgune asko dituelako eta etzateko aukera gehiago ematen duelako.
Eta zein gidari gehien?
Keisy Stoner, gogor lehiatzen duelako edozein motorrekin.
Urtean zenbat lasterketatan parte hartzen duzu?
15 bat gutxienez izaten ditut, bi motorrekin lehiatzen dudalako.
Lasterketa baten aurretik, zer egiten duzue?
Lasterketa dagoen asteburuan ostiraletan joaten gara zirkuitura, normalean ostiraletan izaten direlako entrenamendu libreak. Larunbatean erlojupekoak izaten ditugu, eta igandetan lasterketak. Entrenamenduetan motorrean egin behar diren aldaketak zehazten joaten gara, motorra zirkuitu bakoitzera moldatzeko eta akatsak zuzentzeko. Aita eta bere laguna aritzen dira motorra egokitzen eta mekaniko lanak egiten.
Diru asko behar al da halako hobby bat edukitzeko?
Bai, asko. Gurasoek ordaintzen dute dena eta Apain, Teilatugain, EHAFF, Ferroarte, Jondek, Erloju kafetegia, Jose Miguel Pinturas, Rotulos Vicentek eta Nerea Jatetxea enpresek eta Beasaingo Udalak laguntzen digute, bakoitzak ahal duen neurrian.
Etorkizunera begira, jarraitzeko asmorik baduzu?
Zaila da, 125 zentimetro kubikokoen lasterketak kendu egin behar dituztelako, eta mototres lasterketan hasi beharko nukeelako. Maila horr etan aritzeko diru asko behar da, eta oso zaila da diru hori lortzea.
Talderen batean sartzeko gonbita egiten badizute, onartuko duzu?
Talde batean sartzeak jarraitzeko aukera ematen du, baina gidari bakoitzak bere gastuei egin behar die aurre, beraz, ez dut uste.













