Antxiñe Mendizabal
Antxiñe Mendizabalek (Zumarraga, 1968)
Katti beti endredatzen liburua plazaratu berri du. Mendizabalek eskarmentua du haurren literaturan, 2009an Nire amak ez dauka erremediorik eleberria idatzi zuen. Elkar argitaretxean lan egiten du, editore bezala.
Liburua idaztea proposatu zizuten ala barrutik kanpora atera zitzaizun?
Istorioa neuri bururatu zitzaidan. Katti bezalako neskato bihurri eta burugogor baten azalean sartzeko gogoa nuen. Gainera, benetan gertatutako hainbat pertsonen pasadizoak neuzkan buruan eta haiei tira eginez sortu da ipuina.
Pertsonaiak eta istorioa harilkatzerakoan, zer kontatu nahi zenuen?
Hasiera batean, ziur aski, ez neukan oso garbi zer kontatu nahi nuen; baina orain, emaitza ikusi ondoren, iruditzen zait azpimarratu nahi izan dudana da haur guztiek, baita bihurrienek ere, beren alderdi positiboa izan ohi dutela, eta helduoi tokatzen zaigula haiek atzematea eta eragitea.
Nolako istorioa da?
Istorioa berez arrunta da oso, egunerokoa: Kattik pentsatzen du mundua –etxea, eskola, lagunak– bere aurka dagoela eta bera, hala ere, ez da kokiltzen eta bere asmoekin aurrera egiten du.
Gaur egungo testuingurutik edaten du istorioak, ezta?
Bai, oso egungo istorioa da: hiri edo herri handi bateko aldirietan bizi da istorio honetako familia. Familia xehe bat da. Kattik anaia-arreba bikiak ditu, jaio berriak, eta aitak arazoak ditu lanean, beraz etxean une zaila igarotzen ari dira; hau da, krisi garaia da.
Behin gidoia edukita, marrazkilariarekin egindako lana zein izan da?
Patxi Gallego da marrazkilaria eta, beti bezala, oso ondo jakin du pertsonaiak irudikatzen; umorea eta freskotasuna eman die.
Zein adin tarteko haurrei zuzenduta daude Kuku bildumako liburu hauek?
Adin kontuak zehaztea zaila da, baina 7-10 urte bitarteko haurrei zuzenduta daude normalean.
•
LIBURUAREN FITXA
Liburuaren portada
•
Titulua.
Katti beti endredatzen.
•
Egileak. Testua: Antxiñe Mendizabal. Marrazkiak: Patxi Gallego.
•
Argitaletxea. Elkar. Kuku bilduma. 50 orrialde.