Lazkaoko Elkartasun egunean herriko presoen alde aldarria bihar
Lazkaoko lau preso eta iheslari politikoen egoera gizarteratzeko, seigarren aldiz Elkartasun Eguna ospatuko dute Lazkaon, bihar. Euskal presoen eskubideak aldarrikatuko dituzte, oro har, eta herrikideen egoerari buruzko azalpenak emango dituzte, berezi...
Lazkaoko lau preso eta iheslari politikoen egoera gizarteratzeko, seigarren aldiz Elkartasun Eguna ospatuko dute Lazkaon, bihar. Euskal presoen eskubideak aldarrikatuko dituzte, oro har, eta herrikideen egoerari buruzko azalpenak emango dituzte, bereziki.
Egitaraua gaur hasiko da. 18:00etan hasita, haur jolasak eta asteoan paseoak izango dira plaza inguruan. 19:00ak alderako gaztaina erreak, pintxoak eta sagardoa banatzen hasiko dira. 20:00etan enkartelada dago.
Elkartasun eguna bihar da. 12:00etan giza katea abiatuko da, plazatik. Herriguneko hainbat tokitan geldialdiak egin eta presoen egoeraz jardungo dira.
Behin jai giroan, lehenik triki-bertso poteoa eta ondoren plazan bazkaria egingo dituzte, jatekoa bertan prestatuta. Aitor Sarriegi eta Iñaki Apalategi bertsolari beasaindarrak ariko dira ondoren bertsotan. Txartelak erosteko azken eguna gaur da, Herrikoa, Alboka eta Martin tabernetan.
Gaur egun Anitz Eskisabel eta Garikoitz Mujika kartzeletan preso daude; Belen Gonzalez etxeko espetxealdian dago atxilo, gaixotasunagatik. Xabier Arruti ihesean da azken 30 urteotan.