Zaldibian kuadrillen eguna ospatuko dute bihar, Santa Fe jaiak astebete luzatuta
Santa Fe jaietako egun gehienak aurreko astean batu bazituzten ere, zaldibiarrek biharko utzi dute azken parranda. Kuadrillen eguna ospatuko dute, bigarren larunbata ere festarako hartuta. Eta, biharkoaren aitzakian, gaur gaua ere herritarren arteko otorduarekin jantziko du Txosna Batzordeak, «giro lasaian» bada ere. Herriko lagun-taldeen juntadizoak estimu handia du zaldibiarren artean. Bai bertan bizi direnak, bai kanpora joanak, plaza inguruan elkartuko dira, bihar. Bazkariari jarriko diote arreta lehendabizi, kalejira eta musika artean, hori bai. Erramun Amundarain ordiziarrak eta bere sukaldari taldeak prestatuko dute bazkaria plaza ertzean, Goierriko herrietan beste hainbatetan bezala. Paella, entrekota, ijito besoa izozkiarekin, kafe, kopa eta puru, 23 euroan bazkalduko dute. Txartelak Zaldibiako tabernetan dauzkate salgai; oraindik «batzu-batzuk» geratzen dira saltzeko. Kuadrillen arteko bazkarian 300 bat lagun elkartuko diren kontua aterata du udalak, egunaren antolatzaileak. Jun da Jo txaranga ariko da kaleak alaitzen, bai eguerdian, bai arratsaldean. Kuadrillek jokoetan parte hartu ahalko dute, baita ere. Larunbata bukatzeko, eta aurtengoz jaiak erabat ixteko, Trikizio taldeak joko du gauean. Herri afaria, gaur Txosna Batzordeak, biharko eguna girotze aldera, gaur gauerako beste juntadizo bat antolatu du, egitarauan iragarri gabea. Herri afaria izango da, gaur, 21:00ak aldean, Zaldibiako plazan. Norberak eraman behar du jatekoa; sagardoa, kafea eta kopakoa batzordekoek jarriko dute. Afal [...]
Santa Fe jaietako egun gehienak aurreko astean batu bazituzten ere, zaldibiarrek biharko utzi dute azken parranda. Kuadrillen eguna ospatuko dute, bigarren larunbata ere festarako hartuta. Eta, biharkoaren aitzakian, gaur gaua ere herritarren arteko otorduarekin jantziko du Txosna Batzordeak, «giro lasaian» bada ere.
Herriko lagun-taldeen juntadizoak estimu handia du zaldibiarren artean. Bai bertan bizi direnak, bai kanpora joanak, plaza inguruan elkartuko dira, bihar. Bazkariari jarriko diote arreta lehendabizi, kalejira eta musika artean, hori bai.
Erramun Amundarain ordiziarrak eta bere sukaldari taldeak prestatuko dute bazkaria plaza ertzean, Goierriko herrietan beste hainbatetan bezala. Paella, entrekota, ijito besoa izozkiarekin, kafe, kopa eta puru, 23 euroan bazkalduko dute. Txartelak Zaldibiako tabernetan dauzkate salgai; oraindik «batzu-batzuk» geratzen dira saltzeko. Kuadrillen arteko bazkarian 300 bat lagun elkartuko diren kontua aterata du udalak, egunaren antolatzaileak.
Jun da Jo txaranga ariko da kaleak alaitzen, bai eguerdian, bai arratsaldean. Kuadrillek jokoetan parte hartu ahalko dute, baita ere. Larunbata bukatzeko, eta aurtengoz jaiak erabat ixteko, Trikizio taldeak joko du gauean.
Herri afaria, gaur
Txosna Batzordeak, biharko eguna girotze aldera, gaur gauerako beste juntadizo bat antolatu du, egitarauan iragarri gabea. Herri afaria izango da, gaur, 21:00ak aldean, Zaldibiako plazan. Norberak eraman behar du jatekoa; sagardoa, kafea eta kopakoa batzordekoek jarriko dute.
Afal ondoren euskal kantu zaharrak abestuko dituzte.
Egitaraua
Kuadrillen eguna
- 11:00. Goiz eresia, herriko txistulariekin.
- 13:00. Kuadrillen kalejira, Jun da Jo txarangarekin.
- 14:30. Bazkaria, plazan.
- Ondoren. Jun da Jo txarangak girotuta kuadrillen arteko jokoak eta kalejira.
- 23:30. Trikizio musika taldearekin dantzaldia.













