Tximeletaren azal delikatua
Aguibaile dantza elkarteak, Zumarragako Udalaren babesarekin, Markel Lopezen aldeko jaialdia egin zuen herenegun, Zelai Arizti aretoa beteta zela. Ekitaldi xume batean, Lopezen senitartekoek 2.500 euro jaso zituzten, saldutako sarrerei esker.
Tximeletarena bezain delikatua da Markel Lopezen azala; epidermolisi bullosa gaixotasun arraroa du, jaio zenetik. 11 urte bete zituen abuztuan.
Garestia da gaixo egotea, are garestiagoa gaixotasun arraro bati aurre egiteko behar dena. Saioa Arrizabalaga haurraren ama da. Atzo, jaialdia dela eta esker oneko agertu zen erabat, izan ere, «guk, gaixotasunari aurre egiteko aukerarik badugu, ongintzari esker da».
Hitz horien ondoren ez dago gehitzeko askoz gehiago, beharbada gogoeta egitea baino ez da geratzen. Nolanahi ere, Markel Lopezek dituen beharrak zeintzuk diren argituta, gogoeta egingarriagoa izan liteke, halabeharrez.
Arrizabalagari atzo, Madriletik, umearen hurrengo ebakuntza urtarrilean izango dela jakinarazi zioten. Bartzelonan egingo diote, eskuetan apurtutako azala, galdutako geruzak, osatuko dizkiote. Hala ere, ebakuntzara iristeko hamaika lan dituzte aurretik. Haurra ez zen ondo osatu azkeneko ebakuntzaren ondoren, «eta orain, konplikazioak saihesteko neurriak hartu behar ditugu, kirofanoan sartu baino lehen».
Neurri bakoitzeko bidaia bat egin beharko du familiak.
Azkenaldian ez du pisu gehiegi irabazi, eta Madrileko La Paz ospitaleko nutrizionistak ikusi beharko du. Hortzetan arazoa du, eta begiratu egin behar diote, ebakuntzan arazoak sor ez dadin. Horretarako Valentziara joan behar dira. Bi bidaia horiez gain, Bartzelonara lau aldiz joan beharko dute urtarrila baino lehen. Eztarriari, bihotzari eta Markel Lopezen gorputz osoari goitik beherako begiratua emango diote ospitaleko bisita horietan guztietan.
Asteburukoa ez da izan haurraren alde antolatzen duten lehenengo ekitaldia. Urretxu-Zumarragako Gaztelekuan ere egin dituzte kontzertuak. «Horiei esker erosi dugu gurpil-aulki tolesgarria, eta horiei esker egin ahal izan ditugu ospitalerako bisitak». Amak, haurraren zaintzaile izaki, laguntza publikoa jasotzen du, 400 euro; ortopedistara doazen bakoitzean, 300 euro ordaintzen dizkiote. Litekeena da, amaren arabera, «18 urte betetzean laguntza bat jasotzea». Bien bitartean, eskerrak jendearen bihotzari.