Urretxuko eta Zumarragako Udalek omenaldi «xumea baina sentikorra» eskainiko diete larunbatean 1936. urteko urriaren 20an Hernanin fusilatu zituzten bederatzi pertsonen familiei.
Hirurogeita hamabost urte bete dira aurten 1936ko altxamendutik. Urte hartako urriaren 20an bi herriotan bizi ziren bederatzi pertsona fusilatu egin zituzten Hernanin: Hilario Aranburu, Hilarion Arzelus, Jose Becerra, Angel Belaustegi, Hilario Gabilondo, Alfonso Orcajo, Angel Zabaleta, Venancio Eguren eta Francisco Pompeyo.
Iraila eta urria bitartean atxilotu zituzten, eta Donostiako Ondarretako espetxera eraman. «Hantxe galdu zen beren arrastoa» dio udalek igorri duten oharrak. Gehienak etxean atxilotu zituen Goardia Zibilak, eta ordundik ez dute euren berririk izan.
Zenbait testigantza jaso ondoren, 1936ko urrian Hernaniko kanposantuko hormaren aurka fusilatu zituztela uste dute senideek. «Dena den, oraindik ere agiri ofizialetan desagertutzat jotzen dituzte» jarraitzen du udalen oharrak. Herrian dagoen haien oroigarri bakarra Urretxuko hilerrian dagoen eta fusilatuen izenak jasotzen dituen plaka da. Plaka hori senideek jarri zuten, ezkutuan, 70. hamarkadan.
75. urtemugan, isiltasun horrekin amaitu nahi dute Urretxuko eta Zumarragako udalek. Horretarako, aitortza instituzionala egingo diete bederatzi fusilatuen senideei. Bi ekitaldi antolatu dituzte. Batetik, urriaren 20an 12:30ean Urretxuko hilerrian lore eskaintza egingo dute. Hemen, senitartekoek loreak jarriko dituzte fusilatutakoen omenez.
Bestetik, urriaren 22an, larunbata, omenaldi xume bat egingo diete senideei. 13:30ean Urretxuko udaletxeko beheko solairuan elkartuko dira eta bertan egingo dute omenaldia.
Fusilatuak
Urretxuarrak:
Hilario Aranburu Unanue (Tolosa, 1875-Hernani, 1936)
Labeaga kaleko 8. atarian bizi zen emaztearekin eta zazpi seme-alabekin. Agustin Agirreren saski-lantegian egiten zuen lan. Udal musika bandako eta txistulari taldeko partaidea zen. Pregonari lanak egin ohi zituen. EAJ-PNV alderdiaren jarraitzailea zen.
Urriaren 14an atxilotu zuen Guardia Zibilak. 61 urte zituela hi zuten.
Hilarión Arzelus Agirre (Urretxu, 1909-Hernani 1936)
Jauregi kaleko 10. atarian bizi zen. Umezurtza. Herriko Benefizentzia Etxean zeukan anaia. Jostuna zen; etxean lan egiten zuen Ordiziako Balenciaga jostunarentzat. Herriko jarduera artistiko ugarietan hartzen zuen parte, antzerkian batez ere. Parrokiako zerga-kobratzailea zen. EAJ-PNVren jarraitzailea zen. Urriaren 13an atxilotu zuen Guardia Zibilak. 27 urte zituela hil zuten.
Jose Becerra Narbaiza (Donostia, 1917-Hernani 1936)
14 urte zituela etorri zen Urretxura. Iparragirre kaleko 2. atarian bizi zen amarekin eta arreba gazte batekin. Ezkongabea zen. Esteban Orbegozo lantegian lan egiten zuen, eta Pinchada izeneko lantokiko futbol taldean jokatzen zuen. Inoiz ez zen inongo alderdi politikoren alde agertu, eta adinez txikia zenez, ez zuen Errepublika aldarrikatu zeneko hauteskundeetan parte hartu. Urriaren 13an atxilotu zuen Guardia Zibilak etxean. 19 urte zituela hil zuten.
Angel Belaustegi Otamendi (Urretxu, 1916-Hernani 1936)
Udaletxean bizi zen guraso eta anai-arrebekin. Udal idazkaria zuen aita. Ezkongabea zen. Zuzenbide ikasketak egiten ari zen. Udan beti etorri ohi zen Urretxura, eta Urola futbol-taldean jokatu ohi zuen. Ez zen inongo alderdi politikoren jarraitzailea. Etxean atxilotu zuen Guardia Zibilak. 20 urte zituela hil zuten.
Hilario Gabilondo Ugalde (Urretxu, 1894-Hernani, 1936)
Iparragirre kaleko 24. atarian bizi zen emaztea eta bi seme-alabekin. Forjaria zen. Alcorta Mendizabal y Cia. lantegiko sortzailea eta bazkidea zen. EAJ-PNVren jarraitzailea zen.Urriaren 14an atxilotu zuen Guardia Zibilak etxean. 42 urte zituela hil zuten.
Alfonso Orcajo Orcajo (Valladolid, 1900-Hernani, 1936)
Ipiñarrieta kaleko 1. atarian bizi zen amarekin. 19 urte zituela etorri zen Urretxura. Eguzkia S.A. balezta lantegian lan egiten zuen. Alderdi errepublikanoaren jarraitzailea zen. Guardia Zibilak atxilotu zuen. 36 urte zituen hil zutenean.
Angel Zabaleta Aranburu (Urretxu, 1917-Hernani, 1936)
Iparragirre kaleko 2. Atarian bizi zen guraso eta zazpi anai-arrebekin. Ezkongabea. Tabako denda bat zeukan familiak. Apaiztegian ikasten ari zen, eta udan gurasoei laguntzen zien dendan. Politika munduan inoiz ez zuen alderdi batekiko edo bestearekiko atxikimendurik agertu. Aita monarkikoa zuen. Arreba zaharrena Emakume Abertzale Batzako partaidea zen, telefonista; diktadurapeko erregimen berrian udal agintariek lanik gabe utzi zuten.
Zumarragarrak:
Venancio Eguren Mendia (Zumarraga, 1904-Hernani, 1936)
Secundino Esnaola kaleko 26. atarian bizi zen anaiarekin. Ezkongabea zen. Urretxuko Alcorta Mendizabal y Cia malguki eta balezta lantegiko bazkidea eta langilea zen. Ez zegoen inongo alderditan afiliatua.
Guardia Zibilak etxean atxilotu zuen. 32 urte zituela hil zuten.
Francisco Pompeyo Pompeyo (Donostia, 1896-Hernani, 1936)
Artiz auzoan bizi zen emaztea eta hiru seme-alabekin. Zumarragako Rojo y Zaldua lantegiko langilea zen. Ez zegoen inongo alderdi politikotan afiliatua. Guardia Zibilak etxean atxilotu zuen. 40 urte zituela hil zuten.