Imuntzo eta Beloki trikitilari bikoteak 20 urte daramatza Euskal Herriko plazak girotzen
Eleuterio Jauregi Beloki: “Irekiak gara, baina plaza taldeek beti izan duten izpiritu hori galdu gabe Eleuterio Jauregi Beloki “Makalo” Zaldibiarra da Eleuterio Jauregi. ‘Beloki’ bezala ezagunagoa da Imuntzoren bikotea den panderejolea. 20 urte daramatzate Euskal Herriko bazterrak alaitzen. Zazpi disko ere kaleratu dituzte, musika estilo eta erritmo ezberdinak bilduz. Urtero legez, Zaldibiako jaiei eurek eman diete hasiera. Luze-zabal hitz egin dugu zaldibiarrareki Izenez Eleuterio eta abizenez Jauregi zaitugu. Ezizenez, Makalo lagunentzat eta Beloki duzu izen artistikoa. Amak eta aitak Eleuterio izena jarri zidaten eta hori ez deitzeagatik edozein gauza. Beloki bigarren abizena dut. Oso tradiziozko kontu bat da, baina trikitilariak beti bikoteak izaten ziren; trikitilaria eta panderojolea. Laja eta Landakanda, Tapia eta Leturia, Sakabi eta Egañazpi… Gu, berriz, Imuntzo eta zer? Imuntzo eta Makalo; ez zitzaion gustatzen. Imuntzo eta Jauregi; ‘ez dit indarrik’ eta orduantxe bazeuden Jauregi anaiak trikitilariak. Bigarren abizena Beloki nuela esan nion. Gustatu eta horixe jarri genion, gehiegi pentsatu gabe. Geroztik pentsatu izan dut, ez genuela gehiegi asmatu. Izen pertsonala jarri beharrean, nahiago nukeela beste izen orokorrago bat jartzea. Izan ere, hasieran bakarrik ibiltzen ginen baina gero bajista bat hartu genuen, gero bateria ezagutu genuen. Laukotea joaten ginen, baina Imuntzo eta Belokiren izenean. Diskriminazio kontu bat ere [...]
Eleuterio Jauregi Beloki: “Irekiak gara, baina plaza taldeek beti izan duten izpiritu hori galdu gabe
Zaldibiarra da Eleuterio Jauregi. ‘Beloki’ bezala ezagunagoa da Imuntzoren bikotea den panderejolea. 20 urte daramatzate Euskal Herriko bazterrak alaitzen. Zazpi disko ere kaleratu dituzte, musika estilo eta erritmo ezberdinak bilduz. Urtero legez, Zaldibiako jaiei eurek eman diete hasiera. Luze-zabal hitz egin dugu zaldibiarrareki
Izenez Eleuterio eta abizenez Jauregi zaitugu. Ezizenez, Makalo lagunentzat eta Beloki duzu izen artistikoa.
Amak eta aitak Eleuterio izena jarri zidaten eta hori ez deitzeagatik edozein gauza. Beloki bigarren abizena dut.
Oso tradiziozko kontu bat da, baina trikitilariak beti bikoteak izaten ziren; trikitilaria eta panderojolea. Laja eta Landakanda, Tapia eta Leturia, Sakabi eta Egañazpi… Gu, berriz, Imuntzo eta zer? Imuntzo eta Makalo; ez zitzaion gustatzen. Imuntzo eta Jauregi; ‘ez dit indarrik’ eta orduantxe bazeuden Jauregi anaiak trikitilariak. Bigarren abizena Beloki nuela esan nion. Gustatu eta horixe jarri genion, gehiegi pentsatu gabe.
Geroztik pentsatu izan dut, ez genuela gehiegi asmatu. Izen pertsonala jarri beharrean, nahiago nukeela beste izen orokorrago bat jartzea. Izan ere, hasieran bakarrik ibiltzen ginen baina gero bajista bat hartu genuen, gero bateria ezagutu genuen. Laukotea joaten ginen, baina Imuntzo eta Belokiren izenean. Diskriminazio kontu bat ere badago; atzean daudenak zer. Saiatu ginen talde izaera ematen, baina alperrik izan zen. Jendearentzat Imuntzo eta Beloki ginen eta kitto.
Bi izeneko kasuan, batzuetan ez da jakiten bat zein den eta bestea zein den. Pantxoa eta Peioren kasuan adibidez. Zuen kasuan ere bai?
Bai, nahasketa egoten da bai. Niri askotan deitzen didate Imuntzo. Gure kasuan konfusio handia egoten da. Alaitz eta Maiderrek ere gauza bera esaten dute.
Noiz eta nola hasi zinen panderoa jotzen Imuntzorekin?
Erdi jolasean hasi ginen. Kasualitatez izan zen. Orduan ere gaur egun egiten dudan lan berdina egiten nuen: musika, diskoak banatzen nituen dendetan. Lehenengo hiru urteak IZ-an egin nituen eta gero Elkarrera joan nintzen. Imuntzo IZ-etatik ezagutzen nuen. Imuntzo eta Epelar diskoak grabatzen ezagutu nituen IZ-n. Zarauzko denda batera joaten nintzen diskoak eramatera. Han eskolak ematen zituen Imuntzok eta han topo egin nuen berarekin. Imuntzo erdi krisi batean aurkitu nuen. Jotzen ez zebilen asko, Epelarrek utzia zuen eta panderojolerik ere ez zuen. Panderoa jotzen nuela eta egun batean berarekin panderoa jo behar nuela esan nion, erdi txantxetan. “Egun batean nahi baduk etorri eta jolas egingo diagu”, erantzun zidan. Horrelaxe hasi ginen. Kantatzen ere hasi nintzen.
Ordura arte, trikitixan ez zen ia behin ere kantatu. Guk ezagutzen dugun lehenengoa, Egañazpi izango zen. Gero Landakanda hasi zen kantatzen. Lehengo trikitilariek ez zuten kantatu. Hutsune bat egon da.
Zergatik ez zen kantatzen?
Trikitixa kalean jotzen hasi zenean, txistulariak eta biolin joleak ordezkatu zituen. Euskal dantzatan eta musikaren kultura horretan, biolina trikitria baino zaharragoa da. Arrabita deitzen zaio. Pentsa, gure bateri joleak, Arrabit du abizena. Donaixtikoa da, Baxenafarroa eta Zuberoako mugan dagoen herri bat da. Ez dut uste trikitixa deituriko abizenik dagoenik Euskal Herrian.
Trikitixak daukan sonoridadeagatik, berehala ordezkatu zituen biolina eta txistua. Askoz ere builosogoa da eta oso alaia da. Kalejirak-eta jotzen hasi ziren. Kantatu beharrik ez zegoen. Anplifikadorerik ez zegoen eta anplifikadorerik gabe kantatzea oso zaila da. Trikitriak eta panderoak hots handia ateratzen du eta horren gainetik kantatzea oso zaila da.
Kantuan hasi eta ondo moldatu zinen beraz.
Imuntzori gustatu egin zitzaion. Ateak ireki zizkidan Imuntzok. Beldur pixka bat somatu nuen baina bestetik tentazioa ere bai. Abesten ikasteko, kantua ikastera joan nintzen Donostiako emakume batengana.
Hasi nintzen garaian gainera Imuntzok, disko bat egiteko materiala prest zeukan Epelarrekin. Berak ere parte hartu zuen. ‘Jo ezak’ diskoa grabatu behar genuen eta serio hartu nuen lana.
Erraza al da trikitilari bikote batek 20 urtean irautea? Zein da sekretua?
Gauza asko gertatzen dira bizitza pertsonalean, familiarren… lanean… Gauza asko aldatzen dira. Gure kasuan, lana ez dugu aldatu eta. Nahiko lan moldaerrezak ditugu lanak. Malgutasuna badaukagu. Eta horrek asko errazten du lan hau egiteko.
Sekretua? Ez dakit. Nik uste bokazio pixka bat dela, eta gustura sentitzea egiten duzun horrekin.
Lanak banatuta dituzue: Imuntzok musika arloa eta zuk letra arloa.
Hori da. Musika arloan Imuntzok lan gehiago egiten du, bera musikaria delako, baina ideiak emate kontuan, nik ere ekarpenak egin dizkiot. Ni musika munduan nabilelako, musika gehiago entzun izan dut beti. Baliabide gehiago izan dut beste gauza batzuk entzuteko. Gaur egun errazagoa musika entzutea baina gauzak grabatu behar ziren garaian, gauzak bilatu eta grabatu egin behar ziren. Alde horretatik asko aportatu diot. Tex-mex-a zela, Kajun musika zela… Europan egiten den folk kutsuko gauzak… Musika entzun egin behar da, gauza ezberdinak entzun behar dira eta janzten joaten zara.
Musika estilo ezberdinak landu dituzue.
Askotan oso erraz eragiten utzi gara, entzun dugun musikaren arabera. Adibidez, kajun, zer da kajun? Ipar Amerikako hegoaldean, Louisianan egiten den musika bat. Argentinarrak, beltzak eta frantsesak daude. Soinu txikia jotzen dute. Rock&Rollera asko gerturatzen den musika da, baina soinu txikiarekin eginda. Guretzat erakargarritasun handia dauka. Ilara bakarreko soinua da. Horrek esan nahi du ezker hauspoa asko erabili behar dela. Trikitilarientzat oso erakargarria da. Gainera, hain musika bizia da! Oso dantzagarria da.
Azkeneko honetan polk-a gehiago landu dugu, Euskal Herriko erromerietan eta plazetan polk asko dantzatu delako. Dantza munduan polk ikastaroak asko eman dira.
Tex-mex ere egin genuen. Flaco Jiménez-eta deskubritu genituen garaian, hortik edan genuen pixka bat. Eragiten utzi gara baina zergatik utzi gara eragiten? Guretzat oso gauza politak direlako, egiteko ez zailak, eta zuzenean plazatan jotzeko baliokoak direlako. Guk alaitasuna transmititu behar dugu eta dantzarako gogo hori zabaldu, ondo pasatuarazi behar diozu jendeari, horretarako gaude eta. Gure musika taldea horretarako da.
Irekiak zarete, beraz?
Irekiak gara, baina plaza taldeek beti izan duten izpiritu hori galdu gabe. Gu jendearekin komunikatu egin behar gara. Jendeari ondo pasatuarazi behar diogu. (Telefonoak jo dio. Irrintzia du telefonoaren soinua. Primi Erostarbe oñatiarraren irrintzia dela dio).
Gu bezalako talde batek 7 disko egin behar baditu, saiatu behar du beti disko berdinik ez egiten. Baina estiloa gehiegi aldatzea ere ez da komeni, bestela jendeak esango baitu ‘hauek ez dira Imuntzo eta Beloki’. Kontutan hartu behar da.
Ematen du gu trikitilariak garela eta ez dugula besterik entzuten eta ez zaigula beste musikarik gustatzen, eta trikitixa gustatzen zaigula beste ezer baino gehiago. Beharbada ez da horrela. Guk denetik entzuten dugu, gauza ezberdin asko gustatzen zaizkigu. Baina azkenean zer egiten dugu? Gu plaza taldea gara eta guk jo behar dugu jendeak ondo pasatzeko eta guk jendearekin komunikatu egin behar dugu. Hor, beraz, mugatuta zaude. Estilo ezberdinak jo ditzakezu, baina beti, nolabait, herri musika edo gure dibertitzeko era hori ahaztu gabe.
Musikari bati normalean, gauza ezberdin asko gustatzen zaizkio. Arratsaldeko 5etan jartzen bazara kafesne bat hartzen, Euskal Herrian gehinean jartzen den musikak, molestatu egiten du. Zergatik? Orain tabernariak kritikatu behar ditut. Tabernariek kortauak eta kubatak mimatzen dituzte, baina ez dute ikasten musika mimatzen, nire ustez. Kasualitate handia da ni beti deseroso sentitzea tabernako musikarekin. Eta gehienetan desoroso sentitzen naiz.
Bateria eta bajua sartu zenituztenean, aldaketa handia izan al zen?
Bai. Baina beharrezkoa izan zen guretzat. Bateria sartu genuen garaian jolas asko egin genuen. Erromerien bukaeran, beste gauza batzuk jotzen ditugu. Giroa sortzen baldin bada, bertsioak jotzen ditugu, goizeko 2etatik atzera. Ertzainak, Kortatu… horrelako gauzak. Guk ere badaukagu gure ’40 principales’. Kubako musika tradizional pixka bat, hemen mitiko bihurtu diren taldeena… Jendeagatik jotzen dugu, baina guregatik ere bai. 3 ordu jotzen aritu ondoren, beste zerbait jo nahi duzu. ‘Egunero, dena okerrago…’. Horrelako gauzak kantatzea mundiala da. Guk ondo pasatzen dugu, eta gu ondo pasatzen ari bagara, hori transmititu egiten da. Nik uste, inportantea dela guk ondo pasatzea.
Musikaz Imuntzo eta letraz, zu zeu arduratzen zara.
Letrak moldatzen ditut, letrak egiten ditut, letrak enkargatzen ditut…
Bertsolari puntua badaukazu orduan.
Badaukat bai pixka bat. Kostatzen zait, baina gustatzen zait egitea.
Lehengo bertsolariak eta gaur egungoak sartu dituzue azkeneko diskoan. Zein letra mota bilatzen duzue?
Denetik. Beti dago zertaz idatzia. Politika kontuekin sartzea gustatzen zaigu. Politika egoera zehatzak daude beti eta gustatzen zaigu ikutu bat ematea. Gauza sozialei ere bai: abiadura handiko trenari buruz baditugu bi kantu eginak. Denetik. Maitasun kontua oso presente dago. Lan polita da baina denbora behar da.
Zeri buruz idatziko zenuke gustura?
Talentua baneuka, gauza askotaz. Edozer gauzataz. Askotan letrak idaztera, barruan dauzkadan hainbat gauzek bultzatzen naute. Baina alde batera uzten ditut, karga emozional handi samarra daukatela iruditzen baitzait. Niri momentu honetan etortzen zait gai bat: iloba bat daukat preso. Iloba horrek barruan ume bat izan du eta orain bigarren bat. Beti buruan daukat horiei kantu bat egitea baina zer kristo esango dut! Bertsoak egingo nituzke baina bertsoa oso zuzena da. Gehiago gustatzen zait, adibideak jarriz, beste era batera, baina nahikoa zaila egiten zait.
Azkeneko diskoan Lazkao Txiki ere gogoan izan duzue.
Argia irakurtzen ari nintzela irakurri nuen, Lazkao Txikik esan zuen bezala, “politikan ez dago gauza politikan”. Sekula entzun gabe nengoen eta oso polita iruditu zitzaidan. Imuntzori esan nion esaldi bat banuela, estribilloa ere izan zitekeena. Hori dela eta, kantu bat egin dugu esaldi horrekin.
Baserri eta Uztapide ere bai.
Hori aspalditik neukan buruan. Baserriren eta Uztapideren bertsoak musikatu nahi nituen. Aritxulegiko bertsoak dira; gerra garaian Aritxulegiko tunelak egin ziren garaikoak. Elkarte batean biek kantatutakoak dira. Musika egin genuen, trikitixa, gitarra eta biolinarekin. Kapritxo bat zen.
Hogei urte, zazpi disko
20 urte daramatza Imuntzo eta Beloki bikoteak Euskal Herriko plazak alaitzen. Denbora guzti horretan, zazpi disko kaleratu dituzte. “Zazpi disko grabatu ditugu. Diskoa grabatzea sekulako lana da. Disko bat proiektatzen duzunetik bukatzen duzunera, izugarrizko lana da. Gauza asko entzun behar dituzu, askotan; gauza asko idatzi, eta zaborretara bota; probatu… Prozesu oso luzea da. Disko bat egiten, guk behintzat, hiru urte pasatzen ditugu”, dio Belokik. Jarraian ageri da Imuntzo eta Belokiren diskografia: Jo ezak (1991). Trikisia (1993). Saturnotrik (1996). Lousiana (1999). Ganbaran bai (2004). Gauaren helduan (2007). Gezurra ez da egia (2011).
“Diskoa erostearen klabea aldatu da”
Plaza asko egiten al duzue?
Batik bat udan egiten ditugu plazak. Ez ditugu plaza asko ere egiten. Taldea bihurtu ginenean ere, herri txikietan, auzoetan Imuntzo eta Beloki bakarrik nahi izan zituzten. Horrek ate batzuk itxi zizkigun. Beste batzuk ireki ere bai. Biok bakarrik ez gara joaten, zortzi kanta jotzeko ez bada. Oso mugatuta sentitzen gara eta normalean ez gara joaten.
Krisirik nabaritu al duzue?
Krisia denean dago eta plazetan ere bai. Azken urte guztietan, ostatuek hartu dute protagonismoa. Lehen ostatuetan musika jartzen zen baina beste plan batean. Ez zegoen gaur bezalako altaboz eta anplifikadorerik. Sekulako ekipoak daude ostatuetan eta jendeak nahi duen musika jartzen da. Jendeak ondo pasatzeko, beti-betikoa nahi du. Eta hori tabernarientzat oso gauza erraza da. Gaztejendea, azken 6-8 urteotan, tabernetan dago. Eta kosta egiten da ateratzean. Krisia dela eta zer gertatzen da? Jendea ezin dela 3-4 ordu egon taberna batean egon eta orduan jendea guregana inguratzen da. Baina oso ohikoa da jendea gugana inguratzea, nahiko berandu, ordu biak aldera, poltsikoak hustutakoan edo nahikoa trago hartu dituen garaian. Bukatzera goazela esaten dugunean, jendea orduan builan hasten da.
Jendeak dantza egiten du?
Herri batean jendeak dantza egitea nahi bada, festa antolatzailea ere inplikatu egin behar da eta jakin behar du festak antolatzen. Erromeri bat antolatzen den garaian, beharbada, beste zerbaitekin uztartu behar du. Txosna bat edo beste inguruan egotea garrantzitsua da eta aurretik herri afari bat egon den ala ez, garrantzitsua da… Beste osagai batzuk behar dira. Horrelako gauzak kontutan hartuta antolatzen badira festak, normalean giroa sortzen da.
Diskoen salmentari dagokionean, zer moduzkoa da egoera?
Geroz eta okerragoa! Badirudi internetetik musika jaistea nahiko erraza dela. Baina ez da hori bakarrik aldatu. Gaur egungo gaztejendeak ez ditu 16 euro gastatzen cd batean, mp3an 100 kantu ditu eta, dohainik. Diskoa erostearen klabea aldatu da. Disko erosketaren klabe hori desagertu da. Erostekotan, talde kuttunarena erosiko lukete. Ez dute cd-aren formato hori nahi; nahi dituztenak bakarrik aukeratzen dituzte. Aldatu egin da. Honekin bizi beharko dugu.
Baina musika egiten jarraitu egin beharko da, ezta?
Jakina! Hortik bizi ez garenok ez gara gehiegi kezkatzen. Saltzea gustatzen zaigu, hobe da dudarik gabe. Baina gu ez gara hortik bizi eta ez gara mundua konpontzen hasiko. Ahal duguna egingo dugu eta saltzen badugu ondo eta ez badugu saltzen ez dizkiogu bi buelta emango. Hau dago eta kitto. Ezin dugu beti negarrez bizi. Aurrera egin behar da daukagunarekin, eta positiboki begiratu.
Gustura zaudete egiten duzuenarekin, ondo pasatzen duzue… Noiz arte?
Hil arte! Gure bateria joleak esaten du eszenatoki gainean hil nahi duela eta guk ere antzeko zerbait esan beharko dugu. Printzipioz ez daukagu uzteko asmorik.
Jubilatzen zaretenean:ere bai?
Jubilatzen garen garaian orduan eta indartsuago! Osperik handiena jubilatutako jendeak dauka. Kanpotik datozen talde guztiak zaharrak dira eta hemen ere Pantxoa eta Peio hor daude. Urteetan jo gabe egon dira eta jubilatu direnean jotzen hasi dira eta jo eta jo ari dira. Benito ere 70 urtera doa. Musikak ez du adinik.
Oraindik ere Alaitz eta Maider entzuten dira.
Haiek ibilbide bat egin zuten, garrantzitsua izan zen, indartsu sartu ziren eta hori hor gelditzen da. Rolling eta Beatles gelditu diren bezala. Indartsu sartzen baldin bazara, marka uzten duzu. Pantxoa eta Peio dezente ari dira jotzen. Zergatik? Marka utzi zutelako bere garaian, historia egin dute. Alaitzek eta Maiderrek ere berdin.
“Trikitixaren presentzia hor dago euskal taldeetan”
Nola laburbilduko zenuke trikitiaren egoera?
Egoera hobeak edo potenteagoak izan ditu: musika guztiak orokorrean ere bai. Trikitixak ez du galdu beste zerbaitek irabazteko. Alaitz eta Maider, Maixa eta Ixiar… garai hartan boom-a izan zen. Orain ere badaude, Euskal Herrian puntako taldeak direnak, eta trikitixa talde horretako partaide da. Esne Beltza, adibidez, trikitilaria da Solano eta sorkuntzak trikitixatik egiten ditu. Gose ere hor dago. Inesek musika elektrinikoarekin eta trikitixarekin egiten ditu nahasketak. Ze esatek? Ere hala da… Trikitixaren presentzia hor dago euskal taldeetan.
Nik beti esaten dut, trikitixa munduko jendeak zertxobait irekiagoa izan beharko luke. Musika gehiago entzun behar lukete, joera berriak gehiago entzun, gehiago arakatu.
“Bob Marley beti ondo sartzen zait”
- Musika talde bat: Ez nizuke esango. Bob Marley beti ondo sartzen zait; goizean lehenengo orduan, arratsaldeko kafesnean, eta gaueko hamarretan ere bai.
- Plaza bat: Akabatu egingo naute, baina aurten Ibarra.
- Abesti bat: ‘Imagine’.
- Zaletasun bat: Asko ditut. Mendia.
- Oporretarako leku bat: Ez daukat leku bat; oporretarako leku ezberdinak izan behar dute. Desberdinak, baina inguruan mendia baldin badute, hobe.
- Amets bat: Nik uste dut euskaldun gehienok daukagun ametsa: gu nor izatea. Nor izatea eta lege arrotzei esplikaziorik eman behar ez izatea.