Luis Mari De Juan Irastortza (Ordizia, 1957) hemezortzi eta hamabi urte bitarteko hiru seme-alaben aita da. Askotan suertatu zaio Zumarragako eta Ordiziako pediatria zerbitzuetara jotzea, eta orain bi urte salaketa jarri zuen Osakidetzak hizkuntz-eskubideak urratu zizkiola argudiatuta. Salaketa haren haritik Hizkuntz Eskubideen Behatokia harremanetan jarri zen De Juanekin, eta 18 urtez hizkuntz-eskubiderik gabe Osakidetzan dokumental laburra grabatu dute. Kontseilua Euskaraz bizi kanpainarako prestatzen ari den beste dokumental batean ere azalduko da aurki. Osakidetzaren aurka jarritako salaketa baten haritik dokumental bateko protagonista izatera pasa izan zara. Nola bizi izan duzu? Ez zait protagonista izatea gustatzen. Gertatzen dena da horrela tokatu dela. Jendeari salaketak eta horrelakoak jartzea kostatzen zaiola ulertzen dut, eta horrelako lekuetan ateratzeko ideia eta irizpide garbiak eduki behar dituzu. Nik salaketa egin nuen, eta erantzuna ere garbia izan zen. Zein izan zen, bada, erantzuna? Erantzuna izan zen hobea zela pediatra erdaldunak izatea ez izatea baino. Betiko erantzuna da, tranpa daukana. Agintari horiek osasunarekin jolas egiten dute, eta hori oso larria da. Hasieran amorrua sentitu nuen, eta gerora tristura. Ez dut ulertzen Osakidetzak jarrera hori izatea. Zumarragan jarri zenuen salaketa. Bai, orain dela bi urte. Behin baino gehiagotan gertatu zait pediatrarengana joan eta gehienetan erdalduna tokatzea, bai Zumarragan, eta Ordizian [...]
Luis Mari de Juan.
Luis Mari De Juan Irastortza (Ordizia, 1957) hemezortzi eta hamabi urte bitarteko hiru seme-alaben aita da. Askotan suertatu zaio Zumarragako eta Ordiziako pediatria zerbitzuetara jotzea, eta orain bi urte salaketa jarri zuen Osakidetzak hizkuntz-eskubideak urratu zizkiola argudiatuta. Salaketa haren haritik Hizkuntz Eskubideen Behatokia harremanetan jarri zen De Juanekin, eta 18 urtez hizkuntz-eskubiderik gabe Osakidetzan
dokumental laburra grabatu dute. Kontseilua Euskaraz bizi kanpainarako prestatzen ari den beste dokumental batean ere azalduko da aurki.
Osakidetzaren aurka jarritako salaketa baten haritik dokumental bateko protagonista izatera pasa izan zara. Nola bizi izan duzu?
Ez zait protagonista izatea gustatzen. Gertatzen dena da horrela tokatu dela. Jendeari salaketak eta horrelakoak jartzea kostatzen zaiola ulertzen dut, eta horrelako lekuetan ateratzeko ideia eta irizpide garbiak eduki behar dituzu. Nik salaketa egin nuen, eta erantzuna ere garbia izan zen.
Zein izan zen, bada, erantzuna?
Erantzuna izan zen hobea zela pediatra erdaldunak izatea ez izatea baino. Betiko erantzuna da, tranpa daukana. Agintari horiek osasunarekin jolas egiten dute, eta hori oso larria da. Hasieran amorrua sentitu nuen, eta gerora tristura. Ez dut ulertzen Osakidetzak jarrera hori izatea.
Zumarragan jarri zenuen salaketa.
Bai, orain dela bi urte. Behin baino gehiagotan gertatu zait pediatrarengana joan eta gehienetan erdalduna tokatzea, bai Zumarragan, eta Ordizian ere bai, kontrol orokorrean. Nik horrekin ez dut esan nahi pediatrak txarrak direnik, baina gertatzen dena da umeek zazpi urtera arte ez dutela gaztelera ondo ulertzen, eta sendagileari begira egon ordez guri begira egoten direla itzulpena noiz egingo zain. Umeak arrotz sentitzen dira, Frantzian edo Alemanian egongo balira bezala. Konturatu garena da, sendagilea euskalduna baldin bada umeekin zuzenean aritzen direla, eta nire ustez, horrelakoa izan behar du medikuaren eta gaixoaren arteko harremanak. Horrela ez bada, gurasook galbahe lana egin behar izaten dugu, eta hori ez zait oso objektiboa iruditzen.
Gerora etorri zen Behatokiaren eta zure arteko harremanetan.
Lehenengo salaketa nire kabuz jarri nuen, eta erantzuna ikustean sutu egin nintzen, eta bigarrena Behatokiaren bidez jarri nuen. Alaba zaharrenak 18 urte ditu, eta denbora horretan guztian gauzak ez dira aldatu. Zumarragako Ospitaleko giroa erdalduna da, eta gertatu izan zait pediatra euskalduna izan arren, bera denbora guztian gazteleraz aritzea.
Askotan sentitu naiz kanpotar baten moduan.
Zumarraga aipatu duzu, baina Ordiziako Osasun Zentroarekin zer esperientzia izan duzu?
Hemezortzi urteotan izan ditugu pediatra onak Ordizian, baina erdaldunak asko. Zortzi urtetik gora umeak moldatzen dira gazteleraz; hori ondo dago, baina non daude gure hizkuntz-eskubideak? Baina umea zortzi urtera ailegatu aurretik etapa kritiko bat egoten da, eta nire ustez oinarrizkoa da ume horiek euskaraz aritzea haien medikuarekin.
Uda ondoren berriz atera da Rafael Bengoa Osasun sailburua esanez anekdotikoak direla euskal hiztunek Osakidetzari egindako kritikak.
Ez, ez dira anekdotikoak. Hori gezurra da, latza gainera. Adibide bat jarriko dut; iloba bat, bi urte eta erdikoa, zaintza berezien gelan egon zen bi hilabetez Gurutzetako Ospitalean, eta hango larrialdi sailean inork ez zekien euskaraz. Salaketa jartzekotan egon nintzen orduan ere. Txartelak bai, horiek euskaraz jarrita zeuden; hori irudia da, baina mamia…
Zure antzeko egoera bizi izan duten euskal hiztun asko dago. Zer mezu emango zenieke?
Borrokatzeko. Mediku euskaldunak edukitzea gure eskubidea da, eta esango nieke ez hartzeko anekdota baten moduan. Datozen belaunaldiei gauza bera gertatuko zaie gaur ale txiki horiek jartzen ez baditugu. Euskal Herrian gaude, eta irizpide hori garbi izan behar dugu.
Zer iruditzen zaizu, errazegi etsitzen dugula euskaldunok?
Hori kulturala da, nire ustez. Kataluniara joaten bazara kuadrilla batera katalanez hitz egingo dute beraien artean, nahiz eta zu tartean egon. Hemen ez dugu hori egiten, eta neurri batean, katalanek egiten dutena errespetu falta ere iruditzen zait. Baina tentelak ere ez dugu izan behar. Gure eskubideak aldarrikatzen ikasi behar dugu, ezin dugu atzeraka joan.