Itxaropentsu daude goierritarrak
Goierriko alderdi politikoentzat albiste «positiboa» izan da ETAk armak uzteko hartutako erabakia, eta aurrera begira lanean segi behar dela diote.
Aralarreko Unai Baztarrikaren iritziz «bazen garaia». Gainera, alde-bakarrekoa izanda, «indar handiagoa» ematen dio pauso horri. Bere ustez, «beti ezagutu den zerbait ia bukatu dela jakitea, eta bake bidean aurrera egitea posible dela ikustea, pozgarria da». Dena den, aitortzen du «bide oso zaila» izango dela hemendik aurrerakoa, «zauri asko baitaude irekita, eta gauza asko konpontzeko: biktimak, presoak…». Herri mailan adiskidetzea eman beharko da bere ustez, eta «egin den kalte guztiaren» aitortza ere kontuan hartzekoa izango da. «Bake bidean, oinarrian dagoen gatazka politiko horri irtenbidea eman beharko zaio, eta jada ETA ez da aitzakia izango ezer ezkutatzeko».
Alternatibako Iñaki Saldañari «ilusio handia» egin dio. «Bagenekien une hau iritsiko zela, eman ditugun pauso guztiak albiste horretara zuzenduta eman ditugulako. Oso pozik gaude erabakia Bake Konferentziaren ondoren, berehala, eman delako». Saldañak uste du « oso garrantzitsua» dela hemendik aurrera arazo guztiak mahai gainean jartzea, eta denei irtenbidea ematen hastea. «Hizketan hasi behar da orain: presoak, giza eskubideak… Dena konpontzeko, bide politikoak aldatu egin behar du».
Elkarlanak «eragina» izan du
EAko Iban Asenjok ere ilusio handiz hartu du erabakia. «Euskal jendarteak aspalditik merezi zuen egoera honetara iristea. Erabaki horretan elkarlanak eragina izan duela ikusteak, poztasuna areagotu egiten du». Asenjoren ustez «zoritzarrez, gure gizartean sufrimendu asko eta askotarikoa izan da». Sufrimenduaren zikloa bukatzeko ETAk emandako alde bakarreko urratsa behar-beharrezkoa izan dela dio, «nahiz eta eragindako min asko konpontzea ezinezkoa izan». Estatuek, aldiz, sufrimenduaren zikloa behin-betiko ixteko, «egiteko asko» daukatela azaldu du. Bestalde, «pax romanatik aldendu eta askatasunean, justizian eta herritarren partaidetzan oinarritzen den bakearen alde» lanean jarraituko dutela hitz eman du Asenjok.
EAJko Aitor Aldasoro pozik dago erabakiarekin. «Bazetorrela esaten zen, eta nork eta zerk lagundu duen alde batera utzita, oso albiste ona da». Aldasororen hitzetan, «normalizaziorako beste pauso bat besterik ez da, eta zuzenean bere ondorioak izango dituena». Politika jardunean ere «normalizazio prosezu» bat hasi beharko duela iruditzen zaio, «eta hori ere ongi etorria izango da». Aurrera begira ilusioz daudela dio, «ezker abertzaleak berak ere pisu bat kenduko duelako jardun politikoan aritzeko». Ahalik eta azkarren «normalizaziora» iristea nahi du. Bere ustez, «batzuk demokrazia nola ulertu dugun ikusita, bide horretan lan egitea eta denon artean aurrerapausoak ematea da helburua».
«Gatazka konpondu gabe».
Karmele Aierbe ezker abertzaleko kidearen hitzetan urrats «garrantzitsua» eman du ETAk, eta «Euskal Herriak bizi duen gatazka politikoaren konponbidean izugarrizko ekarpena eginez amaitu du aro politiko bat, eta bide eman dio aro politiko berriari». Aierberen iritziz, ezker abertzaleak, azken bi urteotan emandako hausnarketa «sakon» baten ondorioetan kokatzen du egoera horren muina. Dena den, Euskal Herriko «gatazka politikoak, batzuk onartzen ez badute ere», konpondu gabe jarraitzen duela dio. «Euskal Herriaren Nazio onarpenik eza eta erabakitze eskubidearen ukazioa dira gatazka honen muina. Bukatu da ETAren aitzakia, ETAk hitz egin du». Orain, bere ustez, Espainia eta Frantziako Estatuei dagokie hurrengo urratsa egitea. Ezker Abertzaleak, bere aldetik «gatazka konpondu arte» lanean jarraitzeko konpromisoa duela azpimarratu du Aierbek.
Ezker Anitzako Carlos Gonzalezen iritziz, transizioaren hasieratik hartu duten erabakirik «garrantzitsuena eta beharrezkoena» da. «Posizio desberdinak bide politikoetatik defendatzea dela egokiena barneratu izana, pozgarria da». Bere ustez, «guztiz positiboa da, ez baita biolentziaren biktima gehiagorik izango, ez alde batean ez bestean. Orain alde batek barkamena eskatu, armak entregatu eta ETA disolbatu behar du, ezker abertzalearen erakunde politikoak hartu dezan protagonismoa». Beste parteak ere barkamena eskatu, ideia guztiak legalizatu eta presoei soluzioa emateko prozesua ireki behar du, bere iritziz. «Gainerakook krisi ekonomikotik ateratzeko lan egin behar dugu, eta Euskadiri etorkizunean zer komeni zaion eztabaidatu, eta ahal bada, erabaki behar dugu».
«ETAren desagerpena»
Hamaika Bat-eko Josi Intsaustik «oso positibotzat» hartu du albistea. «Azkenean ETAk onartu baitu behin eta berriz euskal gizarteak eskatu izan diona». Oraindik, ordea, «urrats garrantzitsua» falta da bere ustez: «ETA behin betikoz desagertzea». Aurrera begira momentu «interesgarria» sortu da Intsaustiren ustez, eta «lan sakona egin behar da, arazo horregatik sortutako zauri guztiak desagertzeko». Elkartasun-lana beharrezkoa izango da bere iritziz, «kaltetu asko izan baita: alde batetik sortutako biktimak, eta bestetik ETAkideen familiak, zerikusirik ez izan arren, zama handia eraman behar izan baitute gainean». Beste erronka bat ere badago bere ustez: «egun hauetan berriz indarrean jartzen hasi diren hitz negatiboak (adibidez: gatazka politikoa) alde batera utzi, eta hitz positiboak lantzen hastea (esaterako, elkarlana)».
PPko Begoña Pereirak uste du denborari denbora eman behar zaiola, eta zer gertatzen den ikusi behar dela. «Kontuz ibili behar dugu. Pausuak lasaitasunez eman behar ditugu. Gauzak ez dira presaka egin behar».
Herritarrak poztu egin ditu erabakiak
Alderdi politikoentzat ez ezik, herritarrentzako ere albiste «positiboa» izan da ETAk hartutako erabakia. Dena den, batzuk erakunde armatua hankamotz geratu dela uste dute, eta beste batzuk pentsatzen dute beste aldeari dagokiola orain, urratsak ematea. Alderdi politikoei kritika egin dionik ere izan da.
Olaberriko Maria Doloresek uste du albistea «oso ona» izan arren, «ETAkoek aurpegia» eman eta armak mahai gainean jarri beharko lituzketela. «Bakoitzaren helburuak eta ideiak direnak direla ere, inoren bizitza ezin delako horren gainetik jarri». Hala ere, azken urteetako albisterik «garrantzitsuena» da bere ustez, «jendea pozik dago, garai berri bat hasi daitekeelako».
Idiazabalgo Iñakiren iritziz erabakia «oso garrantzitsua» da. Azpimarratzekoa bere hitzetan, Euskal Herriko hainbat alderdik bat egin eta urratsak eman izana, «nahiz eta beste alderdi batzuei asko ez gustatu». Albistea ona izan arren, Euskal Herriak duen arazo politikoa ez da konpondu Iñakiren ustez, «eta orain beste aldeak mugitu behar du». Aurrerantzean «hauteskundeak irabazi eta gauzak bere tokian» jarri behar direla pentsatzen du Iñakik. «Euskaldunok geuk erabaki behar dugu zer egin nahi dugun, Madriletik egurra eta miseria besterik ez baitator».
«Pausoak ematea, xedea»
Beasaingo Josuk suposatzen du «gauzak aldatzeko pauso bat izan dela eta beraz, ona behar duela izan derrigor», baina ez da inorekin fidatzen. Albisteari «benetako» garrantzia eman ordez, eta ostegun gauetik lanean hasi ordez, alderdi guztiak «protagonismoa» bilatu nahi izan dutela salatu du. «Denek esan dute euren lanari esker eman duela ETAk pausoa. Paparrean jartzeko dominak bilatu nahi izan dituzte denek, baina zeinek zer egin duen ez da garrantzitsua, pausoak ematea baizik». Azkenik esan du, badela garaia «denak lanean hasteko, bidea pausoz-pauso egin behar baita».
Beasaingo Elik esan du albistea ona dela, baina ez duela harritu, hauteskundeen aurretik zerbait espero zelako. «Dena den, positiboa da, beste bide batzuetatik gauza gehiago lortu dezakegula ikusi baitugu. Ea orain indarra egin eta euskal preso politikoak etxera ekartzeko gai garen».














