Artaldeak goi larreetatik behera
Maiatzetik bizitoki izan dituzten goi larreak pixkanaka uzten ari dira Goierriko artaldeak. Aralarko eta Urbiako artzain askok beherako bidea hartu dute, ohiturak mugatzen duen Santu Guztien eguna gainean dela eta. Udazkeneko giro haizetsua eta zaparradatsua iritsi bezain pronto, eskualdeko behe bailaretan irudi bitxiak ikusi ziren atzo: errepideetako nagusi ardiak ziren, auto eta kamioiek baino askoz lehenagotik igaro ohi dituzten bidezidorretan. Olaberriko Aizpea etxeko Mikel Etxezarreta eta Eli Arrillagak, adibidez, atzo etxeratu zuten artaldea, 400 bat burukoa. Herenegun Urbiako Ttonttor txabolatik Urtsuaranera (Idiazabal) iritsi ziren; atzo, eguerdirako baserri inguruko larreetan ziren. Urbian 11 artzainek dituzte artaldeak. Gehienak jaisten ari dira dagoeneko, nahiz eta San Martin (azaroak 11) pasatu arte batzuek goian geratzeko ohitura duten, berantiarrena izan ohi den Jose Txantxangorri tartean. Etxezarreta eta Arrillaga bikoteak aurten mendiko gazta deiturako gazta merkaturatuko dute, goi mendietako artzaintza babesteko proiektukoa, lehen aldiz. Urbiako Ttontorren 20 urte daramate, hala ere. «Duela lau urte jarri genuen txabolan gaztandegia, eta aurten ardiak jezteko makina jarri digute», dio Arrillagak. Dena ez da bukolikoa, ordea. Mendiko gazta ezaugarritzeko, eta gazta Ttonttor txabolan egina dela adierazteko, etxolaren izen bera erregistratzeko ahaleginak nahigabea ekarri diela azaldu du Arrillagak. «Abuztuaren 1ean eskatu genuen Patenteen Bulegoan Ttonttor izena erregistratzeko, Madrilen. Hara non gure [...]
Maiatzetik bizitoki izan dituzten goi larreak pixkanaka uzten ari dira Goierriko artaldeak. Aralarko eta Urbiako artzain askok beherako bidea hartu dute, ohiturak mugatzen duen Santu Guztien eguna gainean dela eta.
Udazkeneko giro haizetsua eta zaparradatsua iritsi bezain pronto, eskualdeko behe bailaretan irudi bitxiak ikusi ziren atzo: errepideetako nagusi ardiak ziren, auto eta kamioiek baino askoz lehenagotik igaro ohi dituzten bidezidorretan. Olaberriko Aizpea etxeko Mikel Etxezarreta eta Eli Arrillagak, adibidez, atzo etxeratu zuten artaldea, 400 bat burukoa. Herenegun Urbiako Ttonttor txabolatik Urtsuaranera (Idiazabal) iritsi ziren; atzo, eguerdirako baserri inguruko larreetan ziren.
Urbian 11 artzainek dituzte artaldeak. Gehienak jaisten ari dira dagoeneko, nahiz eta San Martin (azaroak 11) pasatu arte batzuek goian geratzeko ohitura duten, berantiarrena izan ohi den Jose Txantxangorri tartean.
Etxezarreta eta Arrillaga bikoteak aurten mendiko gazta deiturako gazta merkaturatuko dute, goi mendietako artzaintza babesteko proiektukoa, lehen aldiz. Urbiako Ttontorren 20 urte daramate, hala ere. «Duela lau urte jarri genuen txabolan gaztandegia, eta aurten ardiak jezteko makina jarri digute», dio Arrillagak.
Dena ez da bukolikoa, ordea. Mendiko gazta ezaugarritzeko, eta gazta Ttonttor txabolan egina dela adierazteko, etxolaren izen bera erregistratzeko ahaleginak nahigabea ekarri diela azaldu du Arrillagak. «Abuztuaren 1ean eskatu genuen Patenteen Bulegoan Ttonttor izena erregistratzeko, Madrilen. Hara non gure ezustekoa Idiazabalgo J. Aranburu Elkarteak izen berbera uztailaren 27an eskatuta zeukala jakin genuenean, ondoren Idiazabal Jatorri Izendapenak esan zigunez».
Haserretuta eta kezkatuta
Olaberritarrek behean egiten duten gazta Aizpea markarekin ateratzen dute, eta oraingoz mendiko gazta ere halaxe merkaturatu beharko dute. «Ttonttor markaren gaia auzitegian dago, eta epaileak erabakiko du nork duen hori erabiltzeko eskubidea».
Arrillaga haserre dago Aranburu Elkartearen jokabidearekin. «Beraiek ez dute inongo loturarik izen horrekin. Guk, ordea, hogei urte damaragu txabola horretan; kotxean, txarteletan eta beste agirietan Ttonttor jarria genuen. Beraiek ere Ttonttor deitzen digute. Mendiko gazta txabolaren izenarekin ateratzea erabaki zen, gainera, iaz. Fede txarreko ekintza da, azpijokoa, eta konpetentzia desleiala. Min egitera joan dira zuzenean, ez dugu ulertzen».
Mendiko gaztaren egitasmoa bultzatzen duten erakundeek —Diputazioa, Artzai Gazta eta Partzoneria, besteak beste— antolatutako bilerara beste aldea ez zela azaldu diote Aizpeakoek. Elkarteko kide batekin bi aldiz hitz egin dutela ziurtatu dute. «Biek izen berdina erabiltzeko proposatu ziguten. Zentzugabea da, eta bezeroentzat nahasagarria».
Bi aldeen arteko gatazka pribatua bakarrik ez dela dio Arrillagak, hala «tematuta» egotea ulertu ezinik. «Mendiko gaztaren proiektu guztiaren aurka doa. Gaztaren marka erregistratu gabe daukaten artzain asko larri jarri dira. Kezka sortu da».