Adostasunera iristeko borondatea agertu dute alderdiek San Jose egoitzaren inguruan
Akordiorik lortu ez badute ere, San Jose egoitzaren inguruan, adostasunera heltzeko borondatea erakutsi dute Ordiziako Udalbatzan ordezkaritza duten hiru alderdi nagusiek. Atzo iluntzeko osoko bilkuraren gai nagusietako bat izan zen. PSE-EEk aurkeztutako mozio baten harira piztu zen eztabaida, eta Belen Maiza zinegotziak, “urte beteren buruan egoerari konponbidea” ematea espero zuela argitu zuen. Iñaki Dubreuilek, PSE-EEren jarrera eta mozioa aurkezteko arrazoiak azaldu zituen aurrena. Testuak dionez, Gipuzkoako Foru Aldundiak duela hamar urte hartu zuen bere gain zerbitzu sozialetako egoitzen gaineko konpetentzia. Urte horietan ordea, Ordiziako Udalak diru kopuru handiak ordaindu ditu urtero San Jose egoitza mantentzeko. Urteko, bataz beste, 300.000 euro ordaindu ditu udalak, guztira, ia 3.000.000 euro. Aldundiak, urte batzutan, diru horren zati bat itzuli du, baina ez da laurdenera ere iristen. “Kopuru garrantzitsua da eta Foru Aldundiari berriz exijitu behar zaio 10 urtez asumitu ez duen konpetentzia hori bere gain har dezan”. Bilduko Belen Maiza zinegotziak, “egoera oso larria” dela erantzun zion, eta “hamar urte gai honi bueltaka” daramatzatela. Maizak gogorarazi zuen, epe horretan, hiru legealditan EAJk izan duela Aldundiaren gidaritza, eta gai horrek, 2010. urterako konponduta behar zuela. “Hamar urtean egin ez dena ez da orain bapatean egingo, denbora bat behar da”. Bestalde, aldundiko arduradunekin bildu dela azaldu [...]
Akordiorik lortu ez badute ere, San Jose egoitzaren inguruan, adostasunera heltzeko borondatea erakutsi dute Ordiziako Udalbatzan ordezkaritza duten hiru alderdi nagusiek. Atzo iluntzeko osoko bilkuraren gai nagusietako bat izan zen. PSE-EEk aurkeztutako mozio baten harira piztu zen eztabaida, eta Belen Maiza zinegotziak, “urte beteren buruan egoerari konponbidea” ematea espero zuela argitu zuen.
Iñaki Dubreuilek, PSE-EEren jarrera eta mozioa aurkezteko arrazoiak azaldu zituen aurrena. Testuak dionez, Gipuzkoako Foru Aldundiak duela hamar urte hartu zuen bere gain zerbitzu sozialetako egoitzen gaineko konpetentzia. Urte horietan ordea, Ordiziako Udalak diru kopuru handiak ordaindu ditu urtero San Jose egoitza mantentzeko. Urteko, bataz beste, 300.000 euro ordaindu ditu udalak, guztira, ia 3.000.000 euro. Aldundiak, urte batzutan, diru horren zati bat itzuli du, baina ez da laurdenera ere iristen. “Kopuru garrantzitsua da eta Foru Aldundiari berriz exijitu behar zaio 10 urtez asumitu ez duen konpetentzia hori bere gain har dezan”.
Bilduko Belen Maiza zinegotziak, “egoera oso larria” dela erantzun zion, eta “hamar urte gai honi bueltaka” daramatzatela. Maizak gogorarazi zuen, epe horretan, hiru legealditan EAJk izan duela Aldundiaren gidaritza, eta gai horrek, 2010. urterako konponduta behar zuela. “Hamar urtean egin ez dena ez da orain bapatean egingo, denbora bat behar da”. Bestalde, aldundiko arduradunekin bildu dela azaldu zuen Maizak, eta “urte betean egoera hau desblokeatzea” espero duela esan zuen.
Dubreuilek, gobernu berriari ez ziola erantzukizunik egotzi nahi, eta badakiela lanean ari direla esan zuen. Baina “gai horren inguruan adostasun bat izan behar dela uste dut, bakoitzak bere konpentziak bere gain har ditzan”. Udalak ere, aldundia “zirikatzen” jarraitu behar duela uste du, egoera lehen bailehen desblokeatu dadin.
Bere aldetik, Jose Migel Santamariak (EAJ), gai horren inguruan beste alderdiek esandakoarekin ados zegoela azaldu zuen, baina “zer egoitza eredu nahi dugun planteatu” behar dela esan zuen. Aitortu zuen EAJk, EArekin batera, kudeatu duela aldundia urte horietan, baina hala ere, Ordiziatik “gure alderdiak beti eskatu dio aldundiari bere eskumenak har ditzala”. Gainera, EUDELen bidez sortu zen batzorde politikoa berreskuratzeko eta hark bere garaian egin zuen dokumentu teknikoa aztertzeko eskatu zuen. Azkenik, aldundiari 3 milioiko partida bat eskatu zion Santamariak, Gipuzkoa mailan egoitza hauetan dagoen defizitari aurre egiteko.
Azkenik, Belen Maizak “aldundiarekin negoziatzen” segiko dutela eta egoitza modeloaren inguruan debatea irekitzeko prest daudela esan zuen. Igor Eguren alkateak berriz, “argudioak mahai gainean” daudela eta horien inguruan “denak nahiko ados” daudela esan zuen. Gaiaren inguruan alderdien artean eztabaidatu eta testu bat adostea ere proposatu zuen.
PSE-EEren mozioa bere horretan bozkatu zuten, eta aldeko boto bakarra jaso zuen. Bildu kontra agertu zen eta EAJ abstenitu egin zen.
Zabale baserriari hobaria
Hurrengo puntuan, Zabale baserrian egiten ari diren berrikuntza lanetan, %95eko hobaria aplikatzeko udal gobernu taldearen proposamena aztertu zuten. Igor Egurenek azaldu zuenez, baserria erre eta gero, bere garaian teilatua eta dorrea konpontzeko lanei aplikatu zitzaien hobari hori, eraikinak dituen ezaugarri historiko eta artistikoak, eta kultur-ondare izendapena kontuan hartuta. Jabeekin izandako bilera baten ondoren, “baserri osoa interes berezikoa” dela erabaki zuten, eta gainontzeko berrikuntza lanei ere aplikatu behar litzaiekela hobari hori. Alderdi guztiek, aho batez onartu zuten proposamena.
Aparkaldi mugatuaren ordenantza
Aste honetan aurreratutako albisteari jarraiki, Tximistako zubiaren eta tren geltokiaren arteko bidegorria egiten ari direla, eta horretarako, aparkalekuetan aldaketak izango direla azaldu zuen Iban Asenjo, Bilduko zinegotziak. Geltokiaren ondoko aparkalekuetan, gune urdina ezartzea eta horrenbestez, autoa aparkatzeko denbora mugatzea proposatu zuen. “Honekin mugikortasun gehiago lortuko dugu herrigunean”. Trena hartzera autoz datozenak, egun osoan aparkaleku horiek okupatzen egon beharrean, San Bartolomeko aparkalekura bideratuko dituzte. Asenjoren hitzetan, “gune urdin honen helburua, trafikoa erregulatzea eta mugikortasuna bultzatzea da, ez dirua biltzea, horregatik gune horretan aparkatzeko ez da ordaindu beharko”.
Santamariak, gune urdinen “filosofiarekin bat” datozela azaldu zuen, baina lehendik izandako esperientzia kontuan izanda, aparkaldia 30 minutukoa izan ordez, 60 minutukoa izatea proposatu zuen. Asenjok erantzun zion 30 minutuko tarte hori, aurreko legegintzalditik ezarrita dagoela, eta horregatik jarri dutela, baina “ez dugu inongo eragozpenik gai hori lantzeko eta horren inguruko hausnarketa egiteko”.