Ehiza eta ehiztariak bai, ehizaturik ez
Hegaztia hiltzen ez den ehiza txapelketa egingo dute asteburuan Aralarren, Euskal Herrian Field Trial elkarteak antolatuta, Gipuzkoan lehen aldiz; oilagor ‘ehiza’ da, baina txakurra da izarra.Bihar-etzitan Gipuzkoan sekula ikusi gabeko ehiza txapelketa jokatuko da Enirio Aralar parke naturalean. Hegaztia hil gabeko modalitatearen lehen proba antolatu du Euskal Herrian Field Trial elkarte sortu berriak. Oilagor ehiza izango da, Lareoko urtegiaren ingurutik (Ataun) 09:00etan abiatuta, Aralarko baso-mendietan. Ohiko ehizaren berdina da garapenean, baina ehizakinari libre jare egiten zaio azkenean. Emaitza ez dute botatako hegazti kopuruan neurtzen, ehizatzeko ariketan baizik. Gipuzkoan berritzailea da heriotzarik gabeko ehizakera. Euskal Herrian, ez. Iratiko lehiaketa entzutetsua da; Gaubean (Araba) eta Subitzan (Nafarroa) ere antolatu ohi dituzte lehiaketak. Hain zuzen, Ataungo proba Euskal Herriko Basoetako Dama sarirako bi lehiaketa baliagarrietako lehena izango da. Beste saioa Iratiko oihanean jokatuko da, azaroaren 5ean eta 6an, Zuberoako lurretan. Europan oso sustraituta dagoen ehiza modalitatea bultzatu nahi dute Euskal Herrian Field Trial elkartekoek. Ingalaterran du sorburua, orain mende bete. Gaur egun Frantzia eta Italia dira buruan. «Euskal Herriko ehiztari eta muestra-zakur zaleen interesa ingurumena zaintzearen aldeko kirol moldeetara bideratzea» da elkartearen helburua. Aldi berean, gizarteak gure jarduerak ezagutzea eta onestea, ehiztariek, orokorrean, gizartean duten «ikuspegi soziala oso gaizki ikusita» dagoela jakitun. Hil [...]
Hegaztia hiltzen ez den ehiza txapelketa egingo dute asteburuan Aralarren, Euskal Herrian Field Trial elkarteak antolatuta, Gipuzkoan lehen aldiz; oilagor ‘ehiza’ da, baina txakurra da izarra.Bihar-etzitan Gipuzkoan sekula ikusi gabeko ehiza txapelketa jokatuko da Enirio Aralar parke naturalean. Hegaztia hil gabeko modalitatearen lehen proba antolatu du Euskal Herrian Field Trial elkarte sortu berriak. Oilagor ehiza izango da, Lareoko urtegiaren ingurutik (Ataun) 09:00etan abiatuta, Aralarko baso-mendietan. Ohiko ehizaren berdina da garapenean, baina ehizakinari libre jare egiten zaio azkenean. Emaitza ez dute botatako hegazti kopuruan neurtzen, ehizatzeko ariketan baizik.
Gipuzkoan berritzailea da heriotzarik gabeko ehizakera. Euskal Herrian, ez. Iratiko lehiaketa entzutetsua da; Gaubean (Araba) eta Subitzan (Nafarroa) ere antolatu ohi dituzte lehiaketak. Hain zuzen, Ataungo proba Euskal Herriko Basoetako Dama sarirako bi lehiaketa baliagarrietako lehena izango da. Beste saioa Iratiko oihanean jokatuko da, azaroaren 5ean eta 6an, Zuberoako lurretan.
Europan oso sustraituta dagoen ehiza modalitatea bultzatu nahi dute Euskal Herrian Field Trial elkartekoek. Ingalaterran du sorburua, orain mende bete. Gaur egun Frantzia eta Italia dira buruan. «Euskal Herriko ehiztari eta muestra-zakur zaleen interesa ingurumena zaintzearen aldeko kirol moldeetara bideratzea» da elkartearen helburua. Aldi berean, gizarteak gure jarduerak ezagutzea eta onestea, ehiztariek, orokorrean, gizartean duten «ikuspegi soziala oso gaizki ikusita» dagoela jakitun.
Hil gabeko arrantzaren filosofia berbera du oinarrian. «Ehizean aritzeko, gozatzeko eta mendian txakurrekin ibiltzeko hegaztirik hil beharrik ez dago», aitortu du Jon Urteaga ormaiztegiarrak, Euskal Herrian Field Trial elkartearen lehendakariak. Ipar Euskal Herriko ehiztari aitzindariak dituzte bidelagun, helburuetako bat Hego eta Ipar Euskal Herriaren arteko loturak sendotzea ere bai baitute. Gehienez 28 txakurrek parte har dezakete Aralarren, lur hedaduragatik.
Bilatu, aurkitu eta erakutsi
Hegazti basatiak aurkitzea da helburua. Zakurrak binaka irteten dira, nagusia edo gidatzailea inguruan dutela. 15-20 minutuko denboran, baso saila «modu ordenatuan» arakatu behar dute txakurrek, mendian aurrera eginez. «Oilagorra aurkitzen dutenean txakurrak erakutsi egin behar du —horregatik dira muestra-txakurrak—, gidatzailea iritsi arte eduki, altxatu eta tiro hotsa entzundakoan tokian bertan geldirik geratu. Lanaren arabera puntuak ematen dizkiote epaileek txakurrari», azaldu du Urteagak.
Tiro hotsa detonatzailearekin ateratzen dute, airera. Beraz, hegaztiak ez du inolako kalterik jasaten. Ataungo probak CACT izendapena (laneko lehiaketarako gaitasun ziurtagiria, gaztelaniazko sigletan) edukiko du.
Eskupetari beharrean garrantzia txakurrari ematen zaio. «Txakurrak egiten du lana, eta hezten denbora behar da. Zenbat eta txakur hobea eduki, probetan emaitzak etorriko dira. Orain arte botatako oilagor kopuruarekin neurtu izan da».
Euskal Herrian Field Trial elkarteko kideek «mentalitate aldaketa» ekarri nahi dute ehiztariengana. «Orain arte dena tiroa izan da, hegaztia hil beharra. Ipar Euskal Herrian urte guztia pasatzen dute oilagorrari tiro bat egin gabe. Hemengo mentalitatea beti izan da zenbat eta oilagor gehiago hil, orduan eta txakur hobea dela. Eta gainera, txakur ona egiteko hil beharra dagoela pentsatzen zen. Hori ez da hala», dio Joxe Ramon Aranburu ehiztariak.
Hala ere, argi utzi dute ez daudela ehiza tradizionalaren aurka. Are gehiago, horretan ere aritzen dira haiek ere. «Osagarria da. Denentzako lekua dago. Gu beste bide bat jorratzen ari gara».
ELKARRIZKETA
Jon Urteaga (Euskal Herrian Field Trial elkartearen lehendakaria): «Hil gabeko ehiza edonoiz egiteko barrutiak sor litezke»
Oraingoz Goierriko eta Tolosaldeko ehiztari batzuek osatzen dute Euskal Herrian Field Trial elkartea. Jon Urteaga (Ormaiztegi, 1978) da lehendakaria.
Zer-nolako probak izan ohi dira hegaztia hil gabeko ehizekoak?
Garrantzi guztia txakurrak dauka, hark egiten du lana. Bi sailetan banatzen dira arrazak: britainiarrak (setterra eta pointerra) eta kontinentalak (bretoia, bratarra). Gure probetan arraza britainiarrak aritzen dira, horien zale garelako eta hemen gehien erabiltzen direlako, batez ere setterra.
Zer moduzko harrera izan du ideiak?
Berria da Gipuzkoan, baina ikusi dugunez jendeak interes handia dauka [elkartearen webguneak 102.000 bisita izan ditu abuztutik]. Beste herrialde batzuetan, ehiza gutxitzen joan den eran hartu dute indarra proba hauek. Ehizerako eta txakurrekiko zaletasuna izanda, ehiza botatzeko aukera gutxiago dagoenean indartzen da modalitate hau. Oilagorrak daukan egoeragatik eta gizarteak ehiztariekiko duen ikuspegiagatik, gerora garrantzitsuak ikusten ditugu hemen ere probak.
Nondik jotzeko asmoa duzue?
Orain, Aralarko proba ondo egitea da lehena. Gerora, filosofia honekin posible da ehiza-barruti publikoak sortzea, ehiztariak txakurrekin joan eta noiznahi ibiltzeko, heriotzarik gabeko arrantzarako errekak dauden bezala.
Nola egin liteke hori?
Adibidez, Foru Aldundiaren sail batean baimen bereziak emanda eta lan-koaderno batekin, txakurrak trebatuz buelta bat egiteko. Aldi berean, hegaztien datuak lortu daitezke, beste herrialde batzuetan egiten dena: zenbat dauden, zer joera duten… Espeziea zaintzeko modua da. Elkartean irekita gaude, bai kide gehiago sartzeko, bai lankidetzarako.