Jokin Mujika, euskal txirrindularitzaren urrezko aroan distira egin zuen itsasondoarra
Hogeita hamar urtetik gorako gipuzkoarrentzat idoloa izan da Jokin Mujika (Itsasondo, 1962). Euskal Herrian, 1980ko hamarkadan txirrindularitzaren ikurretakoa izan zen. Txirrinduzaleak batenak ala bestearenak ziren garaikoa da; Julian Gorosperekin buruz burukoak afizionatuetan; ziklo-krosean, jubeniletan, Iñaki Bijandi bizkaitarrarekin lehia ikusgarriak, profesionaletan Marino Lejarreta, Peio Ruiz Cabestany, Santi Izuzkiza, Gines, Ibañez eta enparauekin Orbea talde mitikoa osatu izana… zaletuen gogoan geratu dira. Hiru itzuli handiak behin baino gehiagotan korritutakoa da: Frantziako Tourra bost aldiz, Espainiako Vuelta seitan, eta Italiako Giroa bitan. Bederatzi urtean txirrindulari profesional izandako itsasondoarrak Ordiziako Orkli kooperatiban egiten du lan, hiru txandatara. «Txirrindulari garaia ez dut faltan sumatzen, orain beste gauza batzuk baloratzen ditut», dio, umil, ehizatik txangoa eginda itzuli berritan. Bi gurpilen munduan 16 urte betetzeko zela hasi zen, 1978ko maiatzean, denboraldiaren erdian. «Futboletik etorri nintzen, Ordizian aritzen nintzen. Bizpahiru urte zaharragoekin jokatzen nuen, eta azken urte hura txarra izan nuen. Aulkian egoteko ez nuen balio, eta etsi egin nuen». Joxe Kruz Mujika anaiak —Euskaltel-Euskadi taldeko mekanikaria gaur egun— animatu zuen bizikleta hartzera, baloiarekin gustura ez zuelako ikusten. Futbola utzi, bospasei entrenamendu egin, eta hamar egunera Irungo Bentetan aurkeztu zen, talderik gabe. Laugarren egin zuen. «Maiatzean hasi, eta abuztura arte 15 bat karrera korrituko nituen; lau irabazi nituen: [...]
Hogeita hamar urtetik gorako gipuzkoarrentzat idoloa izan da Jokin Mujika (Itsasondo, 1962). Euskal Herrian, 1980ko hamarkadan txirrindularitzaren ikurretakoa izan zen. Txirrinduzaleak batenak ala bestearenak ziren garaikoa da; Julian Gorosperekin buruz burukoak afizionatuetan; ziklo-krosean, jubeniletan, Iñaki Bijandi bizkaitarrarekin lehia ikusgarriak, profesionaletan Marino Lejarreta, Peio Ruiz Cabestany, Santi Izuzkiza, Gines, Ibañez eta enparauekin Orbea talde mitikoa osatu izana… zaletuen gogoan geratu dira.
Hiru itzuli handiak behin baino gehiagotan korritutakoa da: Frantziako Tourra bost aldiz, Espainiako Vuelta seitan, eta Italiako Giroa bitan. Bederatzi urtean txirrindulari profesional izandako itsasondoarrak Ordiziako Orkli kooperatiban egiten du lan, hiru txandatara. «Txirrindulari garaia ez dut faltan sumatzen, orain beste gauza batzuk baloratzen ditut», dio, umil, ehizatik txangoa eginda itzuli berritan.
Bi gurpilen munduan 16 urte betetzeko zela hasi zen, 1978ko maiatzean, denboraldiaren erdian. «Futboletik etorri nintzen, Ordizian aritzen nintzen. Bizpahiru urte zaharragoekin jokatzen nuen, eta azken urte hura txarra izan nuen. Aulkian egoteko ez nuen balio, eta etsi egin nuen». Joxe Kruz Mujika anaiak —Euskaltel-Euskadi taldeko mekanikaria gaur egun— animatu zuen bizikleta hartzera, baloiarekin gustura ez zuelako ikusten.
Futbola utzi, bospasei entrenamendu egin, eta hamar egunera Irungo Bentetan aurkeztu zen, talderik gabe. Laugarren egin zuen. «Maiatzean hasi, eta abuztura arte 15 bat karrera korrituko nituen; lau irabazi nituen: Espainiako Txapelketan hirugarren, Euskadikoan bigarren…». 1978ko neguan ziklo-krosari heldu zion, eta Gipuzkoako txapeldun izan zen, Espainiakoan bigarren, mundukoan bosgarren. Urte hartan Ordizian jokatu zen, hain justu, Munduko Ziklo-Kros Txapelketa. Herriko futbol zelai lokaztuko aulkitik mundialera, zazpi hilabetean.
Baserrian zaildua, jubeniletan nagusi
Borrokarako grina eta ahala handiak zituen. Ordiziako ziklo-kroseko munduko txapelketakoak adierazten du zenbaterainokoa. «Sasoi izugarri onean nengoen. Abiatu ginen, Bijandirekin-eta aurrean, baina berehala lokatz artean zulo batean sartu eta atzeko gurpila atera zitzaidan. Lehen itzulian azken-aurreko pasatu nintzen helmugatik, eta gero laugarren postura arte igo nintzen. Azken aldera, jauzi batean katea atera eta Simunekek pasatu ninduen; hark laugarren egin zuen, nik bosgarren. Zorte txarra izan nuen. Bestela, ez dakit Bijandiri irabaziko nion, baina podiumean ziur sartuko nintzela». Idoloa gorpuzten hasia zen.
Baina Mujikarena ez zen aurreneko aparraldiaren indarra. Bigarren denboraldian, jubeniletako lehena, Zizurkilgo Danena elkartearen Insalus taldera joan zen. Errepideko egutegiari zukua ateratzen jarraitu zuen, hamabost lasterketa irabazita. Espainian eta Gipuzkoan txapeldun izan zen, Euskadikoan hirugarren. Buenos Airesera (Argentina) eraman zuten, gazte mailako munduko txapelketara.
«Jendea harrituta geratu zen. Ordizian-eta ezagutzen ninduten, futboletik. ‘Mutiko hau nondik atera da?’ galdetzen zuten. Ez nintzen gorputzez handia edo sendoa. Nik uste, garai hartarako zailduta nengoela. Baserrikoa naiz, mendian gora eta behera lana egindakoa. Indar aldetik beste mutilak baino gehixeago izango nintzen. Dohainak ere izango nituen, sobrare». Sari ugari irabazi zituen. Garaikurrak baserrian ditu gordeta; emanda ere, asko.
Futbolak eman ez zion distira beste lokazti batzuetan aurkitu zuen, baita 1979ko neguan ere: ziklo-krosean lasterketa guzti-guztiak irabazi zituen, estatuko txapela barne. Guztiak, bat izan ezik; Munduko Txapelketan txapeldunorde geratu zen, Suitzan, Simunekengandik sei segundora.
Orduko prentsan orrialde osoak eskaintzen zizkioten, askotan aurkari bizkaitarrekin lehiakortasuna pizteko. «Aurkakotasun hura izugarrizko boom-a izan zen. Afizionatuetako lehen urtean, Gorosperekin lehian, Beasaingo Klasikan Deskargan jendetza zegoen ikusten. Esprintean irabazi nion. Izugarrizko giroa sortzen zen edozein lasterketatan».
Afizionatuetan enbor beretik jarraitu zuen, nahiz eta Nafarroako Itzulian lider zela erori, eta buruhezurra pitzatu, edo soldadutza Gurutze Gorrian, Tolosan, egin zuen bitartean nahi beste entrenatu ahal izan ez.
Orbea taldea sortzeko, giltzarria
Euskal txirrindularitzan Kas eta Euskadi taldeekin batera antolamendu sendoenetakoa izan den —eta gaur egun oraindik segida baduen— ekimena sortzeko oinarri garrantzitsua izan zen Jokin Mujika. Danentzako elkartetik abiatuta Orbea taldea gorpuztu zen. Azkar enpresak urtebeteko babesletza eduki eta hura eten ondoren, Zizurkilgo elkartekoek Orbeara jo zuten. «Peli Egaña zen lehendakari, oso gizon ezaguna. Elkartekoak nire bermearekin joan ziren pixka bat. Geroago Egañak kontatu zidan, taldean nindutela esan ziotenean, ‘kitto, orduan badago taldea’ erantzun ziela. Ez ginen talde handia hasieran, 8-10 bat lagun. Orbeari mundu hori gustatu zitzaion, eta talde handia sortu zuen gero. Bi urte egin genituen afizionatuetan, eta hurrengo jauzia profesionaletara izan zen».
Orbea hartatik eratorri ziren MG-Orbea, Seat-Orbea ahaltsua (Perico Delgado fitxatu zuten) edota Caja Rural-Orbea. Eta enbor haren adar batek Caja Rural-Paternina, Banesto eta formazio berriagoak ahalbidetu zituen geroago. 1984an hasitako profesional ibilbidea 1996an amaitu zuen Mujikak, atzera izen bereko taldean.
Mendiko bizikletan jo zituen azken pedal kolpeak. «1996ko Joko Olinpikoetan, Atlantan (AEB), egin nuen nire azkeneko lasterketa ofiziala. Gazte utzi nuen errepidea, 29 urterekin. Sasoitsu nengoen, eta neguan ziklo-krosarekin eta udan mendi bizikletarekin hasi nintzen». Espainiako ziklo-kros txapeldun izan zen, hala, hiru aldiz. Mundialetan berak lortutakoa da, oraindik orain, euskal txirrindularitzaren postu onena (11. postua, 1986an).
Ezagunen podiumetik jaitsitakoan «argiak itzaltzen» direla dio. «Baina nahiko ondo birziklatu naiz. Lantokira bisitariak etortzen direnean harritu egiten dira buzoa jantzita eta eskuak zikinduta ikusi, eta esaten dietenean olinpikoa eta munduko txapeldunorde izana naizela. Garai hark aurrera egiten lagundu dit, baina hankak lurrean jarri beharra daukazu. Beste gauza batzuk baloratzen ikasten duzu. Orain beste bizimodu bat daukat, familiarekin, neure gauzatxoak egin… Langile bat naiz, eta beste bizipen horiek ere badauzkat».