Landareen eta loreen mundu magikoaz
Euskal Herrian sendabelarrak erabiltzeko ohitura antzinatik dator. Guztiz logikoa da horrela izatea, gure arbasoek elikatzeko eta sendatzeko inguruko landareak soilik baitzituzten. Azken mendean ohiturak izugarri aldatu dira, baina gutxi batzuei esker jakituria aitzindari horrek galdu gabe jarraitzen du. Garai batean landareek erabilera asko zituzten, eta gure arbasoei, herbologoei eta etnobotanikoei esker dugu horien berri. Maialen Sarasola ordiziar adituak Zerainen Sendabelarrak eta jateko diren belarrak lelopean emandako hitzaldian aipatu zuenez, azken urteotan badirudi galtzear zegoen jakintza berreskuratzeko gogoa piztu egin dela. «Horregatik, oso garrantzitsua da landareak ezagutzea, eta horien erabilpenak gizartean hedatzea». Landareek kulturan duten garrantzia eta funtzioa ikertzen duen zientzia etnobotanika da . Sarasolaren hitzetan «landare horien balio kulturala oinarrizkoa da, mendeetan zehar izan duten garrantziak ziurtatzen baitigu euren erabilera aintzat hartzeko modukoa dela». Ezagutza «beharrezkoa» Landareekin jarduteko «ezinbestekoa» da onak eta txarrak edo pozoitsuak direnak bereiztea. Behin hori ikasi eta gero, esan sendabelarrek erabilera asko dituztela. Infusio moduan, egosita (zurtoin, azal edo adaxkak) edo jarabean hartu litezke. Enplastuak, ukenduak, krema hidratatzaileak, tinturak, olioak edota xaboiak ere egin litezke eurekin. Jateko ere badira, noski. Azken aldian goi mailako sukaldarien plateretan ikusi ditzakegu loreak eta landareak. Sarasolaren hitzetan «platerrari itxura polita emateaz gain, aberasgarriak edo aromatikoak ere badira». Dena den, bere [...]
Euskal Herrian sendabelarrak erabiltzeko ohitura antzinatik dator. Guztiz logikoa da horrela izatea, gure arbasoek elikatzeko eta sendatzeko inguruko landareak soilik baitzituzten. Azken mendean ohiturak izugarri aldatu dira, baina gutxi batzuei esker jakituria aitzindari horrek galdu gabe jarraitzen du. Garai batean landareek erabilera asko zituzten, eta gure arbasoei, herbologoei eta etnobotanikoei esker dugu horien berri. Maialen Sarasola ordiziar adituak Zerainen Sendabelarrak eta jateko diren belarrak lelopean emandako hitzaldian aipatu zuenez, azken urteotan badirudi galtzear zegoen jakintza berreskuratzeko gogoa piztu egin dela. «Horregatik, oso garrantzitsua da landareak ezagutzea, eta horien erabilpenak gizartean hedatzea».
Landareek kulturan duten garrantzia eta funtzioa ikertzen duen zientzia etnobotanika da . Sarasolaren hitzetan «landare horien balio kulturala oinarrizkoa da, mendeetan zehar izan duten garrantziak ziurtatzen baitigu euren erabilera aintzat hartzeko modukoa dela».
Ezagutza «beharrezkoa»
Landareekin jarduteko «ezinbestekoa» da onak eta txarrak edo pozoitsuak direnak bereiztea. Behin hori ikasi eta gero, esan sendabelarrek erabilera asko dituztela. Infusio moduan, egosita (zurtoin, azal edo adaxkak) edo jarabean hartu litezke. Enplastuak, ukenduak, krema hidratatzaileak, tinturak, olioak edota xaboiak ere egin litezke eurekin. Jateko ere badira, noski. Azken aldian goi mailako sukaldarien plateretan ikusi ditzakegu loreak eta landareak. Sarasolaren hitzetan «platerrari itxura polita emateaz gain, aberasgarriak edo aromatikoak ere badira». Dena den, bere ustez garrantzitsua da bizi garen inguruko belar edo landareak kontsumitzea «izan ere azken 50 urte hauetan barazkien produkzioan, garraiatzeko moduan eta prestatzeko moduan eman diren aldaketek gure sistema inmunologikoa ahuldu egin baitute».
Sendabelarrei eman nahi zaien erabilpenaren arabera sustraia, lorea, azala edo hostoak erabili ahal izango dira. Bestalde, landareak fresko daudela (bildu berritan) edo lehortuta erabil daitezke. Lehortze prozesua landarearen atalaren araberakoa izango da.
Asko dira gure ingurunean dauden landare sendagarriak eta jangarriak: pasmo belarra, kalendula, malba, ziabelarra, pareta belarra (gibel belarra deitzen diote esaterako, Zerainen), berbena belarra, txikori belarra, ekinazea, asuna, azeri buztana, plantaina, intsusa, erramua, milorria, mihilua, zolda belarra, artzai poltsa, intsaurrondo hostoak, ezkurra (jangarria), buminka, San jose belarra edo primula, berdolaga (jangarria), astalarrosa lore eta frutuak…
Aranzadiko Daniel Perez etnobotanikoak ikertu eta hedatu duenaren arabera, dirudienez pasmo belarra da kulturalki gipuzkoarrak identifikatzen dituen sendabelar nagusia. «Europan eta Euskal Herrian ez baita inon landare hau sendagaitzat hainbeste erabiltzen duen beste herrialderik» , dio Sarasolak. Garrantzitsuena pasmobelarra izan arren, berbena-belarra eta asuna ere beste batzuk baino gehiago erabiltzen zituzten gipuzkoarrek.
Sendabelarren ezaugarri batzuk azaldu zituen Sarasolak ondoren, eta euren erabilpen nagusiak ere aipatu zituen.
Pasmo belarra
Gipuzkoarren artean erabiliena, eta beraz, haientzat garrantzitsuena izan arren, toxikoa edota pozointsua da. Ez du norberak inoiz bere kontura tratamendurik egin behar.
Pasmo-belarra lagungarria da bronkitisa, sinusitisa, karkaxa edota katarroa sendatzeko; bere ezaugarri garrantzitsuena da infekzioak kanporatzen dituela. Sarasolaren hitzetan «hemengo baserritarrek aspalditik zekiten, behiak erditzean plazenta kanporatzeko arazoak bazituen, belar hori beharrezkoa zela arazoa konpondu ahal izateko».
Berbena belarra
Pasmo belarraren moduan infekzioak garbitzen ditu. Hori da bere ezaugarririk nabarmenena. Berbena belarrarekin ere kontuz ibili behar da, indar haundia baitu. Inoiz ez da hiru egun baina gehiagoz jarraian hartu behar. Beharrezko kasuetan, zazpi egunen buruan errepika daiteke tratamendua. Lagungarri izango da sinusitis, bronquitis, katarro eta eztarriko arazoetan. Herrialdearen arabera erabilera gehiago ere baditu.
Asuna
Sendabelarra izateaz gain, jangarria ere bada. Jaterako orduan egostea ezinbestekoa da.
Odolaren zirkulazioa arintzen du, eta mineral ugari duenez anemia kasuetarako oso lagungarria da. Kontutan izan behar da tentsio baxua dutenentzat asuna ez dela egokia.
Azeri buztana
Azeri buztana ere jangarria eta mineralizatzailea da, asunaren moduan. Tentsio baxua dutenentzat egokia da, asuna ez bezala. Azeri buztana diuretikoa da, odola garbitzen du, eta azaleko arazoetan lagungarria da.
Plantaina
Naturak ematen duen tirita naturala da. Mendian zauri bat egitean, plantaina hostoa piska bat murtxikatu eta zuzenean tirita moduan bilduta askotan erabili izan da. Katarro edo eztul kasuetan oso estimatua da. Erredura kasuetan, intsektuek hozka egitean, hemorroideak edota odoluzkiak edukitzean ere erabili ohi da. Erabilpen ugari du, beraz. Sendabelarra izateaz gain, jangarria da.
Buminka
Diuretikoa da. Giltzurruneko edo bixikako (vesicula) harriak desegiten ditu. Hori da bere ezaugarririk nabarmenena. Ez da gomendatzen tratamendu luzeak egitea, eta hobe sendabelarretan aditua den bati kontsulta egitea.
Intsusa
Sendabelarra izateaz gain, jangarria da intsusa. Zuhaitzaren loreak eta frutu helduak jateko ohitura bazegoen. Lorea entsaladetan edo zopetan erabil daiteke, usain-belar moduan.
Adar gazteen bigarren geruza berdeak, hostoek, loreek eta frutuek erabilpen desberdinak dituzte. Loreak katarro edo eztul kasuetan erabil daitezke, eta frutua berriz, jarabeak prestatzeko.
Adarren bigarren geruza eta loreak azaleko arazoetarako, erredura kasuetarako eta kolpeetarako erabili ohi dira, besteak beste.
Sarasolak jakitera eman duenez, bada naturan intsusarekin nahastu daitekeen landare bat. «Azti ibiltzea komeni da, gainera, beste landarea toxikoa baita». Horregatik identifika ditzakegun landareak soilik erabiltzeko aholkua eman zuen. «Landareak bereizten ondo ikasiko bagenu, eta euren erabilpena ondo ezagutuz gero, gure elikaduraren osagarri eta eritasunetan sendagarri bilaka ditzakegu. Ordiziarrak Hipokrates medikuntza modernoaren aitaren hitz batzuk ekarri zituen gogora bere jarduna bukatzeko «Izan dadila zure elikagaia sendagai, eta zure sendagaia elikagai».













