Antioko Interpretazio Zentroaren lanak, atzo
Antioko Interpretazio Zentroan erabiliko duten energia lur azpitik ateratakoa izango da. Eraikinaren azpian, lur barrura doazen 29 putzu zulatu dituzte.
Azterketa geotermikoak egin zituzten duela hiru aste. Ikerketarako, toki ezberdinetan egin zituzten zulaketak, putzuak egiteko toki egokienak zeintzuk ziren ebazteko. Amaitzean, 150 metroko sakonera duten putzuak egin dituzte toki jakinetan. Hoditeria jarri, eta goikaldean zilindro sistema baten bitartez, lur azpiko energia eraikinerako baliagarria izango da, berotzeko eta hozteko, batik bat. «Eraikina jasangarria izango da», esan du Mikel Serrano Zumarragako alkateak.
Energiaren Euskal Erakundearekin (EEE) kontaktuan jarri da alkatea, eta proiektuaren ezaugarriak direla-eta, «EEEa putzuen aurrekontuarekin laguntzeko prest agertu da», jakinarazi du Mikel Serranok.