Jazpana jaialdiak jende asko bildu du, eta gustura daude antolatzaileak
Jazpana jaialdiak jende asko bildu du, eta balorazio ona egin dute. Mikel Alvarez antolatzaileetako batek esan duenez, orokorrean lehiaketek zein kontzertuek bildutako jende kopuruarekin oso gustura daude. Lehiaketei dagokionean, Skate eta Guitar Hero lehiaketek izandako partaidetza kopuruak «oso onak» dira antolatzaileen iritziz. Saskibaloiarekin, ordea, harrituta samar geratu ziren, bost taldek bakarrik eman baitzuten izena, gainerako urteetan baino askoz gutxiagok. Alvarezen hitzetan aurtengo ordutegia hobea iruditu zitzaien, «larunbata egun hobea delako ikasleentzat zein langileentzat. Gainera, kanpotik ere etorri zen jendea. Esaterako, finalera iritsi zen taldeetako bat Tolosakoa zen. Horrek esan nahi du zabalkunde lana ondo egin dela». Bost taldek izena eman arren, Alvarezek azpimarratu du giroa oso ona izan zela. «Talde gutxi zirenez, ligaxka moduko bat antolatzea pentsatu genuen, eta partaideek oso ondo pasatu zuten». Kontzertuen «maila ona» Kontzertuei dagokionean, jendearen erantzuna «oso ona» izan da, Alvarezen hitzetan. «Jazpanak hiru urte dauzka, eta orain arteko ostiralik indartsuena izan da jendearen aldetik». Horretan antolatutako kontzertuen mailak asko lagundu duela aitortu du beasaindarrak. «Herriko taldeek bertako jende piloa erakarri zuten, eta oso ondo aritu ziren. Kanpoko taldeak, izena duten taldeak ziren, eta hori nabaritu egin zen». Larunbatean Cuarto de Hora taldeak ezin izan zuen jo, bezperan gitarra jolea ospitaleratu egin zutelako. Pena sentitu [...]
Jazpana jaialdiak jende asko bildu du, eta balorazio ona egin dute. Mikel Alvarez antolatzaileetako batek esan duenez, orokorrean lehiaketek zein kontzertuek bildutako jende kopuruarekin oso gustura daude.
Lehiaketei dagokionean, Skate eta Guitar Hero lehiaketek izandako partaidetza kopuruak «oso onak» dira antolatzaileen iritziz. Saskibaloiarekin, ordea, harrituta samar geratu ziren, bost taldek bakarrik eman baitzuten izena, gainerako urteetan baino askoz gutxiagok. Alvarezen hitzetan aurtengo ordutegia hobea iruditu zitzaien, «larunbata egun hobea delako ikasleentzat zein langileentzat. Gainera, kanpotik ere etorri zen jendea. Esaterako, finalera iritsi zen taldeetako bat Tolosakoa zen. Horrek esan nahi du zabalkunde lana ondo egin dela».
Bost taldek izena eman arren, Alvarezek azpimarratu du giroa oso ona izan zela. «Talde gutxi zirenez, ligaxka moduko bat antolatzea pentsatu genuen, eta partaideek oso ondo pasatu zuten».
Kontzertuen «maila ona»
Kontzertuei dagokionean, jendearen erantzuna «oso ona» izan da, Alvarezen hitzetan. «Jazpanak hiru urte dauzka, eta orain arteko ostiralik indartsuena izan da jendearen aldetik». Horretan antolatutako kontzertuen mailak asko lagundu duela aitortu du beasaindarrak. «Herriko taldeek bertako jende piloa erakarri zuten, eta oso ondo aritu ziren. Kanpoko taldeak, izena duten taldeak ziren, eta hori nabaritu egin zen».
Larunbatean Cuarto de Hora taldeak ezin izan zuen jo, bezperan gitarra jolea ospitaleratu egin zutelako. Pena sentitu zuten antolatzaileek. «Talde bat gutxiago izan arren, jende mordoa inguratu zen kontzertuetara. Agian, iaz baino pixka bat gutxixeago, baina antzera».
Hirugarren egunean, igandean, kontzertuak hasi baino lehen kezkatuta zeuden antolatzaileak, karparen inguruan jende gutxi baitzegoen. «Kontzertuak hasitakoan karpa bete egin zen, ordea. Egia esan, ez genuen espero igandean karpa betetzea».
Alvarezen iritziz, azpimarratzekoa da aurtengo taldeen maila ona. «Kontzertu guztiak oso onak izan ziren, eta oso gustura gaude. Hurrengo egunean, gainera, talde guztiek e-mail bana bidali ziguten zoriontzeko eta eskerrak emateko». Aurtengo arrakastaren arrazoiengatik galdetuta, Alvarezek esan du aurten gauzak hobeto egin dituztela antolakuntzari dagokionean, eta «beraz, jendeak gehiago gozatu duela. Gainera, konturatu gara, musikarien artean ahoz-ahokoak funtzionatu egin duela, eta horrek gauzak erraztu egiten dizkigu».
Datorren urtean jaialdia egitekotan, bi egunekoa izango dela esan du «dena oso ondo atera arren, oso nekatuta bukatu baitugu». Azkenik, era batera edo bestera laguntza eman duten guztiei eskerrak eman nahi dizkiete antolatzaileek «jende hori gabe ezinezkoa izango zelako lau eguneko munstro hau aurrera ateratzea».
Behin jaialdia bukatuta, Argazki Rallyan parte hartzeko asmoa dutenek hilabeteko epea izango dute lanak entregatzeko. Lehiaketaren inguruko informazioa jazpana.com webgunean aurki dezakete.