Martin Urkiola: «Odolki bat probatzeko ez dago sukaldaria izan beharrik»
Larunbatean aukeratuko dute aurtengo Odolkiaren Erregea zein izango den, orduan egingo baitute Beasaingo Odolkiaren Lehiaketa. Beasaingo odolkiak badu zerbait berezia, eta irabazleak odolkigile onenaren titulua erakusteko aukera izango du urte guztian zehar. Martin Urkiola kofradiako lehendakariak azaldu ditu odolkien sekretuak eta txapelketaren nondik-norakoak. Zer du horren berezia Beasaingo Odolkiak, beste odolkiek ez dutena? Goierri mailan, eta batez ere Beasainen, odolkiari garrantzia handia eman izan zaio beti, eta sekretua egiteko moduan dago, ekoizleek goxotasun handiarekin egiten dituztelako. Gainera, kofradia lehiaketa antolatzen hasi zenetik, urtez urte, zehazten joan gara Beasaingo odolkia nolakoa izan behar den, eta urteekin hobetzen joan da produktua. Orain 27 urteko odolkiak ez ziren oraingoak bezalakoak, zati handiak zituzten barruan, eta orain horrelako ezer ez da gertatzen, osagaiak ikusi egiten dira, baina oso zati txikitan. Odolkiari beste tratamendu bat ematen zaio. Nik uste dut produktu baten inguruan lehiaketa egiten denean, ekoizleak beti gehiago saiatzen direla, eta horrek produktua bera hobetzen du. Zein osagai eduki behar ditu Beasaingo odolkiak? Beasaingo odolkiaren osagaiak derrigor txerriaren gantza eta odola, porrua eta tipula izan behar ditu, eta gero ekoizle bakoitzaren esku geratzen da zein espezie erabili: anisa, kanela, oreganoa, perrexila… Ekoizle bakoitzak bere sekretua du, baina lau osagai horiek izatea derrigorrezkoa da lehiaketan [...]
Larunbatean aukeratuko dute aurtengo Odolkiaren Erregea zein izango den, orduan egingo baitute Beasaingo Odolkiaren Lehiaketa. Beasaingo odolkiak badu zerbait berezia, eta irabazleak odolkigile onenaren titulua erakusteko aukera izango du urte guztian zehar. Martin Urkiola kofradiako lehendakariak azaldu ditu odolkien sekretuak eta txapelketaren nondik-norakoak.
Zer du horren berezia Beasaingo Odolkiak, beste odolkiek ez dutena?
Goierri mailan, eta batez ere Beasainen, odolkiari garrantzia handia eman izan zaio beti, eta sekretua egiteko moduan dago, ekoizleek goxotasun handiarekin egiten dituztelako. Gainera, kofradia lehiaketa antolatzen hasi zenetik, urtez urte, zehazten joan gara Beasaingo odolkia nolakoa izan behar den, eta urteekin hobetzen joan da produktua. Orain 27 urteko odolkiak ez ziren oraingoak bezalakoak, zati handiak zituzten barruan, eta orain horrelako ezer ez da gertatzen, osagaiak ikusi egiten dira, baina oso zati txikitan. Odolkiari beste tratamendu bat ematen zaio. Nik uste dut produktu baten inguruan lehiaketa egiten denean, ekoizleak beti gehiago saiatzen direla, eta horrek produktua bera hobetzen du.
Zein osagai eduki behar ditu Beasaingo odolkiak?
Beasaingo odolkiaren osagaiak derrigor txerriaren gantza eta odola, porrua eta tipula izan behar ditu, eta gero ekoizle bakoitzaren esku geratzen da zein espezie erabili: anisa, kanela, oreganoa, perrexila… Ekoizle bakoitzak bere sekretua du, baina lau osagai horiek izatea derrigorrezkoa da lehiaketan parte hartzeko. Beste leku batzuetan odolkiari arroza botatzeko ohitura dago, baina lehiaketan parte hartzeko hori debekatuta dago, baten bat agertzen bada automatikoki deskalifikatuta geratzen da.
Epaimahaia ere berezia izaten da lehiaketan.
Ahala da bai, izan ere, odolki bat probatzeko ez dago zertan sukaldaria izan behar. Etxeko-andre bat ere izan daiteke, etxean, egunerokotasunean sukaldean aritzen delako. Irizpide bat jarraitu behar dute epaimahiko kide guztiek, baina irizpide hori edozeinek jarraitu dezake, eta epaimahia kide ezberdinez osatuta egonda, dastaketari anistasuna ematen diogu. Horregatik, mahaietan epaimahaiko kideak nahastu egiten ditugu. Adibidez, mahai batean sukaldari bat, etxeko-andre bat, kirolari bat eta gastronomo bat egon daitezke.
Karlos Argiñano da epaimahiko buru, baina azken urteetan Eva Argiñano arrebaren esku utzi du kargua.
Beti lanpetuta egoten da Karlos Argiñano, eta azkenean arrebaren esku utzi du lan hau. Evak etorri ezin duenean Karlosen semerenbat etortzen da. Baina azken finean berdin da, etxeko denek txikitatik bizi izan dutelako odolkiaren esanahaia, txikitatik odolkiaren inguruan ibili direlako eta oso ondo ezagutzen dutelako produktua. Baserrian ere odolkiak egiteko ohitura dute, eta nik uste dut, badakitela nondik jo behar duten.
Zenbat odolki aurkeztu behar ditu odolkigile bakoitzak?
Odolkigile bakoitzak ostiralean 14 odolki aurkeztu beharko ditu Bareak elkartean, 16:00etatik 21:00etara bitartean. Bere izena hartuko dugu eta aurkeztutako loteari zenbaki bat emango diogu, sekretua izango den zenbaki bat. Hurrengo egunean, 11:30ean hasiko da lehiaketa. Harategiek badakite 60 eta 90 minutu artean edukitzen ditugula odolkiak egosten, Beasaingo odolkia nola prestatu behar den adierazten duen arautegi bat dugulako. Arautegi horretan zehazten da odolkia nola egin behar den eta nola prestatu behar den. Guk 09:00etarako ia odolki bakoitza bere eltzean jartzen dugu egosten, lehiaketa hasi baino minutu batzuk lehenago ateratzeko.
Hamalau odolkiak erabiltzen al dituzue lehiaketarako?
Lehiaketarako odolkigile bakoitzaren zortzi odolki egosten dira. Gainontzeko seirak, salgai jartzen ditugun pintxoetarako erabiltzen ditugu. Pintxo horien bidez jendea ere dastatzen joaten da, eta epaimahaiaren papera hartzen du. Salgai egoten diren pintxoetako odolkiak lehiaketako berdinak izaten dira.
Azoka ere egongo da aurten, ohi bezala.
Lehiaketarekin lotuta beti egiten dugu bertako produktuen azoka. Baratzako produktuak, garaiko produktuak, gaztaia, Beasaingo harategietako odolkiak, gozokiak, piper erreak, taloak…egoten dira, denak pixka bat nahastuta. Lehiaketa Gernika pasealekuko pilotalekuan izango da, eta azoka pasealekuan, Barrendain plazara arte. Udazken kulturala dela-eta, hainbat ekintza bertan antolatzen dituzte, eta dagoeneko eszenatokia jarrita dagoenez, han egingo dugu. Berez politagoa da Kale Nagusian eta Loinazko San Martin plazan egitea, herri erdigunean dagoelako. Baina behar dugun guztia Gernika pasealekuan dago eta lehiaketa eta azoka han egiten jarraituko dugu.
Aurtengo berrikuntza, berriz, herri bazkaria izango da. Zergatik antolatu duzue?
Larunbatekoa egun osoko festa bat izatea nahi dugu, beste urtetan lehiaketa amaitutakoan festak behera egiten duelako. Aurten, ordea, egun osoan zehar zerbait egotea nahi genuen, jendea kalera irten dadila, eta odolkiaren eguna ospatu. Horregatik, festa egunari jarraipena emateko, antolatu dugu bazkaria. Odolkia, babarrunak bere osagai guztiekin eta postrea egongo da bazkaltzeko, eta ondoren gazte festa Joseina Etxeberria disko jartzailearekin. Urtero tabernek ordu bete gehiagoz taberna irekitzeko baimena eskatzen dute egun honetan, baina kalean, ez da antzematen festa eguna denik. Horregatik antolatu dugu bazkaria eta ondorengo emanaldia eta jaialdia. Kanpotik ere jende asko etortzen da egun honetan , eta eguna luzatu egin behar da. Bazkarirako txartelak Plazape tabernan erosi daitezke ostiral gauera arte, 25 eurotan. Bazkaria 15:00etan izango da.














