Apalategi eta Zubeldia G Puntuaren barruan etzi
Iñaki Apalategi beasaindarrak eta Iker Zubeldia zegamarrak saioa dute igandean G Puntua bertso txapelketaren barruan. Elkarrekin ariko dira oholtza gainean lehiaketako final-laurdenetako azken kanporaketan. Saioa Azpeitiako Izarraitz pilotalekuan izango da, 17:30ean hasita. Bi goierritarrekin batera, Ane Labaka, Arkaitz Oiartzabal, Jokin Uranga eta Unai Muñoa ariko dira bertsotan. Aurkezle lanetan, berriz, Iker Iriarte ariko da.
Maiatzean lehen saioa
Apalategi sailkapen fasetik ari da Gipuzkoako Bertsolari Txapelketan parte hartzen, maiatzetik zehazki. Txapelketa hasi zenetik denbora asko igaro dela esan du, eta orduan izan zituen «sentsazio txarrak» alde batera utzi nahi dituela. Asken asteetan hainbat lagunekin saioak prestatzen aritu da, entrenamendu lanetan, eta igandean «ahalik eta saiorik onena egin eta ahalik eta puntu gehien lortu» nahi ditu.
Ez daki nola moldatuko den oholtza gainean igandean, baina finalaurrekoetarako ez bada sailkatzen, «lan faltagatik» ez dela izango ziur dago.
Oholtzara igotzeko gogoz
Zubeldia Zegamarrak oholtzatik kanpo jarraitu du orain arte txapelketa, baina igandean, lehen erakustaldia egiteko aukera izango du, Azpeitian egingo duten saioan sartuko baita lehian. Lazkaon eta Idiazabalen egin diren saioetan izan dela esan du Zubeldiak, eta «bertsolarien maila oso ona» dela esan du.
Irailean zehar Gabirian aritu da entrenatzen zegamarra, baina urrian eztarriko arazo batzuk tarteko, ez duela bat ere entrenatu esan du: “Lagun batzuk elkartu eta Gabirian aritzen ginen bertsotan, txapelketako ariketak egiten. Hilabete guztian zehar elkartu ginen, irailean, baina urrian bat ere abestu gabe egon naiz”.
Txapelketa maiatzean hasi zenetik noiz abestuko zain egon da Zubeldia, bere txanda noiz helduko, eta igandean zegamarra ere ahalik eta punturik gehien lortzera joango da Azpeitiara. Iaz egindako lana errepikatu nahi du, eta “plaza aprobetxatu”.
Finaleko sarrerak salgai
Azpeitiko saiorako, finalaurrekoetan egingo dituzten saioetarako eta abenduaren 18an Donostian egingo duten finalerako sarrrerak, www.gpuntua.com webgunean erosi daitezke. Goierri behean, finalerako sarrera arruntak Lazkaoko Gerriko liburudendan, Beasaingo Basakana tabernan eta Ordiziako Herrikoan ere erosi daitezke, 18 euroan.