Koadrilen arteko futbol txapelketa antolatzeko jende bila ari da udala
Txapelketaren etorkizuna aztertzeko egindako bilera Urtero Beasaingo Loinatz jaietara begira antolatzen duten koadrilen arteko futbol txapelketa kolokan dago aurten. Orain arteko antolatzaileek lan hori beste batzuen esku uzteko erabakia hartu dute, eta txapelketak aurrera egin dezan, Beasaingo Udalak eta Kirol Fundazioak herriko gazteei egin diete deia. Bilera baterako gonbita luzatu zieten bi erakundeetako ordezkariek herriko gazteei, talderen bat antolaketaz arduratzeko prest zegoen galdetzeko, eta zein beste aukera proposatzen zuten ikusteko. Bileran hamar taldetako kideek parte hartu zuten, eta horietako bat txapelketa antolatzeko prest agertu da. Hala ere, behin betiko erantzuna etzi emango dute taldeko partaideek. Beasaingo Udalak, hainbat proposamen jarri zituen gazteen esku, nahiz eta haien ustez aukera hoberena antolakuntza gazteen esku uztea izan. Elkarte ezberdinetako kideei ere dei egin zieten bilerara, elkarteak dituen proiektuetarako dirua lortzeko beste modu bat izan zitekeelakoan. Lan zaila aurretik Bileran parte hartu zuten hainbat gaztek argi adierazi zuten txapelketa antolatzea lan zaila dela. Izan ere, azken urteetan erdira jeitsi da parte hartzaileen kopurua, eta kopuru horrekin ere nahikoa zaila izaten zen antolaketa, talde guztien koordinazioa, ordutegiak, jokalariak… lotzea. Herritarrek egindako proposamenen artean, antolakuntza hori langabezian dagoen norbaiten esku uztea dago, «diru sarrera bat lortzeko aukera izan daitekeelako». Partidak aste egunetan eta larunbatetan jokatzeko aukera [...]
Urtero Beasaingo Loinatz jaietara begira antolatzen duten koadrilen arteko futbol txapelketa kolokan dago aurten. Orain arteko antolatzaileek lan hori beste batzuen esku uzteko erabakia hartu dute, eta txapelketak aurrera egin dezan, Beasaingo Udalak eta Kirol Fundazioak herriko gazteei egin diete deia.
Bilera baterako gonbita luzatu zieten bi erakundeetako ordezkariek herriko gazteei, talderen bat antolaketaz arduratzeko prest zegoen galdetzeko, eta zein beste aukera proposatzen zuten ikusteko. Bileran hamar taldetako kideek parte hartu zuten, eta horietako bat txapelketa antolatzeko prest agertu da. Hala ere, behin betiko erantzuna etzi emango dute taldeko partaideek.
Beasaingo Udalak, hainbat proposamen jarri zituen gazteen esku, nahiz eta haien ustez aukera hoberena antolakuntza gazteen esku uztea izan. Elkarte ezberdinetako kideei ere dei egin zieten bilerara, elkarteak dituen proiektuetarako dirua lortzeko beste modu bat izan zitekeelakoan.
Lan zaila aurretik
Bileran parte hartu zuten hainbat gaztek argi adierazi zuten txapelketa antolatzea lan zaila dela. Izan ere, azken urteetan erdira jeitsi da parte hartzaileen kopurua, eta kopuru horrekin ere nahikoa zaila izaten zen antolaketa, talde guztien koordinazioa, ordutegiak, jokalariak… lotzea.
Herritarrek egindako proposamenen artean, antolakuntza hori langabezian dagoen norbaiten esku uztea dago, «diru sarrera bat lortzeko aukera izan daitekeelako». Partidak aste egunetan eta larunbatetan jokatzeko aukera ere mahai gainean jarri zuten, eta partida horiek Antzizar kiroldegian eta La Sallen jokatzea, «finala ere ikastetxe horretan jokatzen delako eta bilgune bat bihurtu daitekeelako».
Aurtengoa 36. aldia izango da
Beasaingo Udaleko ordezkariek proposamen guztiak aztertzeko ardura artu zuten, eta orain arte bezala, antolatzaileei laguntzeko prest agertu ziren. Asier Sarriegi Kirol zinegotziak hala jakinarazi zien bileran parte hartu zutenei: «Orain arte udalaren jarrera laguntzea izan da, eta aurten ere lekuak lortzen eta ekonomikoki lagunduko dizuegu». Beasain futbol taldea ere laguntzeko prest agertu da.
Bileraren ondoren, aurten txapelketan parte hartzeko prest dauden taldeen zerrenda osatu zuten, eta beste bilera bat egingo dutela iragarri zuten. Aurten txapelketa egiten bada, 36. aldia izango da, eta momentuz hamar taldek eman dute izena. Aurrerantzean ere egongo da izena emateko aukera.














