
Euskal Mendizale Federaziko zuzendari teknikoa da Antxon Burcio (Legazpi, 1956), eta mendian segurtasunak duen garrantziaz hitz egin du. Etxetik irten aurretik eta mendira igo baino lehen, prestakuntzari arreta berezia jarri behar zaiola dio, bai prestakuntza fisikoari eta baita teorikoari ere.
Mendira joatea modan jarri dela esan daiteke?
Euskal Herrian mendira joateko ohitura oso errotuta dago. Izan ere, etxetik irten eta edozein lekutara begiratuta mendia ikusten dugu, eta jende asko erakartzen du horrek. Jende asko ibiltzen da gaur egun mendian, eta hori ona eta txarra izan daiteke.
Zenbat pertsona dago gaur egun federatuta?
Euskal Mendizale Federazioak 30.000 lizentzia ditu. Kopurua urterik urte handitzen joaten da, eta hala jarraituko duela uste dut. Baina badakigu mendizaleen beste %300 edo% 400 ez dageola federatuta eta mendira modu tradizionalean joaten direla.
Zein da federazioaren egitekoa?
Mendizaleei segurtasuna eskaintzea, aseguruen bidez. Gainera, federazioaren eginbeharra mendian gertatzen diren istripuen kopurua murriztea da, eta horretarako hitzarmen bat dugu sinatuta Eusko Jaurlaritzarekin. Hitzarmen honi esker, federazioak laguntzarako talde propioa sortu du, Ehunmiliak, Zegama-Aizkorri, Aralargo 14 orduak… bezalako ekintza garrantzitsu eta jendetsuetan parte hartzen dutenak. Formakuntza ere eskaintzen dugu, batez ere mendian egin behar diren ekintzen plangintza nola egin ikasteko.
Zenbaiterainoko garrantzia du plangintzak?
Erabatekoa, gauza asko hartzen dituelako bere baitan: prestakuntza fisikoa eta teknikoa, elikadura, inguruaren ezagutza, baldintza metereolgikoak… Hau dena garbi eduki behar da mendira joan aurretik, ezustekoren bat getatzen bada prest egon gaitezen. Plangintza egiteko garbi eduki behar dugu nora joan behar dugun, eta bertara joateko prest gauden. Ondoren beharko dugun materiala prestatuko dugu.
Zein da nahitaez mendizaleak etxetik irten aurretik hartu behar duen materiala?
Hori mendiaren araberakoa izaten da, baina etxe ondoan dagoen mendira jaoteko ere garrantzitsua da beharrezko materiala eramatea. Urtaroaren arabera eta egingo dugun ekintzaren arabera, material zehatz bat aukeratu behar da, baina hiru geruzen teoria da ezagunena: gorputzetik gertuen dagoena, babestu eta izerdia kanporatzen duena, erdibideko kapa bat kanpotik babesten gaituena eta hirugarren bat, euritik babesten gaituena. Motxilan beti eraman behar dira derrigor ura eta elikagaiak, betaurrekoak, txapela eta eskularruak. Udan, txapel lodiaren ordez, bisera bat eraman daiteke, eta eskularruak aukerazkoak izan daitezke. Menditik bueltan aldatzeko arropa ere oso garrantzitsua da. Bestelako materialaren artean zonaldeko mapa bat, eta ahal bada gps-a ere bai.
Jendeak ezagutzen al du benetan materialak duen garrantzia?
Estatistikak begiratuta, istripu asko material egoki bat ez eramateagatik gertatzen da, edo behar adina material ez dutelako eramaten. Materiala beti da garrantzitsua, baita etxe ondoan dagoen medira bagoaz ere. Izan ere, istripuen gehiengoa gertuko mendietan gertatzen dira, zailtasun handiko mendietara prestakuntza handia duen jendea joaten delako, aditu gehaigo. Istripuen %85 edo %90 mendi txikietan edo ariketa errazetan gertatzen dira, jendea ez dagoelako behar bezala prestatuta. Jendeak oso material garestiak erosten ditu, baina askotan garestiena ez da hoberena. Inori ez zaio burutik pasa ere egiten Formula 1-eko auto bat gidatzen ez dakien bati ematea. Ba mendiko materialarekin berdina gertatzen da. Materiala erabiltzen eta aukeratzen jakitea oso garrantzitsua da.
Herrietako mendi taldeek eta elkarteek zertan lagundu dezakete?
Garrantzi handia dute, ikastaroak, kurtsoak, irteerak… antolatzen dituztelako mendian nola ibili behar den irakasteko. Jende askok parte hartzen du irteera eta ekintza horietan, eta istripuen kopurua murrizteko balio dute. Hala ere, beti dago arriskua mendian, behar bezalako prestakuntza bat lortzeko pixkanaka joan behar delako. Gaur egun gazte askok urte batean Usurbetik Txindokira, Txindokitik Anetora, Anetotik Mont Blancera eta handik Imalayara egiten dute salto, eta hori ezinezkoa da. Pixkanaka egin behar da prestakuntza fisikoa, ariketa errazagoetatik eta mendi txikiagoetatik hasi eta horietan ondo ibilitakoan pasa handiagoetara. Baina hori ez da urte batean lortzen.
Eskualdean mendi ugari dago, baina ematen du Txindoki dela guztien artean preziatuena. Zergatik dela uste duzu?
Nire ustez, Txindoki da Espainiar estatuko mendirik erakargarrienetako bat. Atentzioa ematen du. Eskualden badaude mendi gehaigo, baina Txindoki berezia da. Hala ere, jende asko ibiltzen den mendia da, eta asko egun pasa edo goiz pasa joaten dira, eta iturrira iritsi aurretik lehertuta daude, bidearen laurdena egin aurretik. Gaur egun oso ohikoa da asteko edozein egunetan jendea mendian ikustea, eta guk Goierrin zorte hori dugu, 360 graduko bira eginda mendia ikusten dugula. Txindokira igo aurretik, badago non aukeratu, eta aukera horien artean prestakuntza on bat egiteko eta fisikoki garatzeko mendi asko dago.
Istripu gehien gertatzen den mendietako bat ere bada Txindoki. Datuen arabera, zenbatekoa da mendian hildakoen batez bestekoa Euskal Autonomia Erkidegoan?
Guk federazioan kontaketa iraileko hirugarren igandetik, hurrengo urteko iraileko hirugarren igandera egiten dugu, eta hildakoen kopurua urtearen araberakoa izaten bada ere, 8 eta 10 artean egoten da. Askotan guk nahi baino denbora gehaigo behar izaten dute erreskate taldeek istripua gertatu den lekura iristeko, baina kontuan hartu behar da mendia dela, eta ez kalea. Hala ere, urteko egun guztietan eta 24 orduz lanean aritzen dira erreskate taldeak, eta askotan arazoa horiei deitzeko behar izaten den denbora izaten da.
Erreskatea kobratzeko legeak aurrera jarraitzen al du?
Maiatzean onartu behar zuten legea eta ondoren irailean, baina ematen du momentuz geldi dagoela, eta nik uste dut aurten ez dutela legea onartuko. Kasu batzuetan baliorik gabeko fakturak bidali dizkiete erreskatatuak izan direnei, benetan erreskateak izan duen gastuaz ohartu daitezen. Legeak dio arinkeriaz egindako kasuetan kobratuko dela erreskatea, baina oso zaila da arduragabekeria hori neurtzea. Ni ez nago erreskatea kobratzearen alde, baina ez legoke gaizki zigorren bat ezartzea oso nabarmenak liratekeen kasuetan. Errepideko legea aplikatuko nuke mendian ere: 80ko muga dagoen errepidean 120ko abiaduran harrapatzen bazaituzte isuna ordaindu behar duzu, baina istripua izaten baduzu suhiltzaileek autotik ateratzen zaituzte. Ba mendian ere berdina egin beharko litzateke, pertsona guztiak erreskatatu behar dira, eta erreskate hori ez da kobratu behar. Neurri guztiak mendizaleen segurtasuna bermatzera bideratu behar dira, eta hori da federazioaren egitekoa.