Autodeterminazioaren alde egindako mosaikoaren bideoa egin du Nazioen Munduak
Nazioen Munduak autodeterminazioaren aldeko giza mosaikoa egin zuen Larraitzen, joan den uztailean. 1.300 lagunek parte hartu zuten ‘Gero eta argiago’ jaialdian, ekitaldian; denen artean, ekimen koloretsua eta ikusgarria osatu zuten. Larraizko belar soro batean bildu eta hainbat irudi osatu zituzten. Aurrena, Euskal Herriaren mapa eta ‘Autodeterminazioa’ hitza osatu zituzten. Ondoren, gutunazala eta hautesontzia irudikatu zituzten. Guztia iruditan ondo jasotzeko, 80 metroko altuera hartu zuen garabi bat jarri zuten, eta Joxe Ramon Agirre ‘Marron’ mendizaleak, parapentetik atera zituen aireko argazkiak.
Bestalde, Jon Maia bertsolaria grabatzen ari den ‘Gazta zati bat’ dokumentalerako irudiak ere hartu zituzten ekitaldi hartan. Dokumental hori osatzen ari dira orain, eta 2012an argitara eman nahi dute.