Urtea bukatu baino lehen hasiko dira egiten Gurrutxagako etxebizitzak
Gurrutxaga eremuko etxebizitzak urte bukaera baino lehen hasiko dira egiten, eta bi urteko epean lanak bukatuta egongo direla aurreikusten dute. Obrak Urretxuko Promociones Pisuzahar-Elorga S.L. eraikuntza enpresak egingo ditu. Errekabarrena kalean dauden 50 etxebizitzen proiektua eta Gurrutxagako eremuko 21 etxebizitzen proiektua duela bi legegintzaldi hasi ziren proiektatzen. Errekabarrena kaleko etxeak 2009ko abenduan bukatu zituzten, eta handik bi hilabetera jada bizitzera joanda zeuden bertako bizilagunak. 50 etxebizitza horietatik 22 prezio hitzartukoak ziren. Gurrutxagako eremuko etxebizitzen kasuan hiru proiektu egin behar izan dituzte. Lehendabizikoa duela bi legengintzaldi egin zuten. Orduan hiru bloke egitea aurreikusi zuten. Bloke bakoitzak sei etxebizitza zituen. Guztiak pisuak ziren. Hiru bloke horien atzean berriz, adosatuak egiteko planteamendua zegoen. Guztira, 10 adosatu, bi bloketan banatuta. Etxebizitza horiek egiten hasi baino lehen lehertu zen krisia, eta Mikel Igartua Ezkio-Itsasoko Udaleko zinegotziak jakitera eman duenez, proiektua inmobilietara eraman zuten zein harrera eduki zezakeen ikusteko. Haiek esan zieten proiektu hark ez zuela irteerarik izango, ez orduan eta ezta aurrerago ere. Proiektua bertan behera utzi zuten. Bigarren proiektuan, etxibizitza guztiak adosatuak ziren, adosatu handiak, eta bakoitzak 270.455,45 euroko prezioa zuen. Bigarren proiektuarekin ere proba egin zuten eta ikusi zuten ez zuela irteerarik izango. Gauzak horrela, 200.000 eurotik gorako proiekturik ez egiteko erabakia hartu [...]
Gurrutxaga eremuko etxebizitzak urte bukaera baino lehen hasiko dira egiten, eta bi urteko epean lanak bukatuta egongo direla aurreikusten dute. Obrak Urretxuko Promociones Pisuzahar-Elorga S.L. eraikuntza enpresak egingo ditu.
Errekabarrena kalean dauden 50 etxebizitzen proiektua eta Gurrutxagako eremuko 21 etxebizitzen proiektua duela bi legegintzaldi hasi ziren proiektatzen. Errekabarrena kaleko etxeak 2009ko abenduan bukatu zituzten, eta handik bi hilabetera jada bizitzera joanda zeuden bertako bizilagunak. 50 etxebizitza horietatik 22 prezio hitzartukoak ziren.
Gurrutxagako eremuko etxebizitzen kasuan hiru proiektu egin behar izan dituzte. Lehendabizikoa duela bi legengintzaldi egin zuten. Orduan hiru bloke egitea aurreikusi zuten. Bloke bakoitzak sei etxebizitza zituen. Guztiak pisuak ziren. Hiru bloke horien atzean berriz, adosatuak egiteko planteamendua zegoen. Guztira, 10 adosatu, bi bloketan banatuta.
Etxebizitza horiek egiten hasi baino lehen lehertu zen krisia, eta Mikel Igartua Ezkio-Itsasoko Udaleko zinegotziak jakitera eman duenez, proiektua inmobilietara eraman zuten zein harrera eduki zezakeen ikusteko. Haiek esan zieten proiektu hark ez zuela irteerarik izango, ez orduan eta ezta aurrerago ere. Proiektua bertan behera utzi zuten.
Bigarren proiektuan, etxibizitza guztiak adosatuak ziren, adosatu handiak, eta bakoitzak 270.455,45 euroko prezioa zuen. Bigarren proiektuarekin ere proba egin zuten eta ikusi zuten ez zuela irteerarik izango. Gauzak horrela, 200.000 eurotik gorako proiekturik ez egiteko erabakia hartu zuen eraikuntza enpresak, Ezkio-Itsasoko Udalaren adostasunarekin.
Behin betiko proiektua
Horrela egin zuten hirugarren eta behin betiko proiektua. Proiektu horren arabera, 21 etxebizitza egingo dituzte, hiru lerrotan banatuta. Lerro bakoitzean zazpi etxebizitza daude. 21 etxebizitza horietatik sei prezio hitzartukoak dira, herritarrentzat, eta sei horietatik hiruk bi logela dituzte. Salmenta libreko etxebizitza guztiak bestalde, hiru logelakoak dira, izena eman zuten gehienek horrelakoak nahi baitzituzten. Etxebizitza guztiek garaje itxiak dituzte.
Prezio hitzartuko etxebizitzei dagokionean, bi logelakoek 150.000 euro (gehi BEZ) balio dute, eta hiru logelakoek 168.000 euro (gehi BEZ). Prezio librekoengatik berriz, 200.000 euro (gehi BEZ) ordaindu beharko dituzte erosleek.
Une honetan hamar lagun daude izena emanda, sei Ezkio-Itsasokoak dira, eta beste lauak kanpokoak. Igartuak jakitera eman duenez, momentuz lehendabiziko bi lerroak eraikiko dituzte. Jendea apuntatu ahala hasiko dira hirugarrena egiten. Interesa duenak, Ezkio-Itsasoko Udaleko telefono zenbakira, 943 72 13 03 deitu behar du. Mikel Igartuari ere deitu diezaioke, 665 71 87 97ra.













