Igor Aierbe, Ataungo alkatea: «Goitik behera egiten zena behetik gora egin nahi dugu»
Alkatetzan eta politikagintzan berria da Igor Aierbe (Ergoiena, Ataun, 1978). Ekainean hartu zuen aginte makila, ezker abertzaleak azken 23 urteetan eduki ez duena herrian. HBko azken alkatea —istripuz hil zen— osaba zuen Aierbek. Arratsaldeetan Indarren lan egiten du, eta goizetan egunero egon ohi da udaletxean. Herria «gauza txikiekin» egin nahi du udalak, proiektu handiak alboratuta —igerilekuena zalantzan dago—. Turismoa ikusten du Ataunen balio handientzat. Zer egiteko astia izan duzue Alkatetza hartu zenutenetik orain arte? Lehenagokoak bukatzen ari gara, eta neurria hartzen. Udala ekainean hartu genuen, aurrekontuak iaz bideratuta zeuden, obrak bukatzen. Segida eman diogu, eta urtea bukatzeko ixten saiatzen. Obra piloa egon da Ataunen: hiru plazak berritu dira, lurpeko aparkalekua egin, zintzilik dagoen igerilekuen proiektua… Zer irudipen jaso duzu herritarrengandik? Momentuak asko baldintzatzen du. Esperantza unean gaude, eta Euskadi osoan ikusi den fenomenoa izan da ilusio hori. Ataunen, ezker abertzalea oposizioan egon da azken 23 urteotan, nahi edo nahi ez, eta Herrigintzak bere erara egin ditu gauzak, pentsatzen dut denekin hitz eginda izan arren. Gauza batzuei beste era batera heldu nahi diegu, eta datorren urterako hori aztertzen ari gara. Aurtengoak ez du gehiagorako ematen. Non sumatuko da aldaketa? Batik bat jendearen parte-hartzean, batzorde irekiak egiten ari gara. Herriaren hitza jaso [...]
Alkatetzan eta politikagintzan berria da Igor Aierbe (Ergoiena, Ataun, 1978). Ekainean hartu zuen aginte makila, ezker abertzaleak azken 23 urteetan eduki ez duena herrian. HBko azken alkatea —istripuz hil zen— osaba zuen Aierbek. Arratsaldeetan Indarren lan egiten du, eta goizetan egunero egon ohi da udaletxean. Herria «gauza txikiekin» egin nahi du udalak, proiektu handiak alboratuta —igerilekuena zalantzan dago—. Turismoa ikusten du Ataunen balio handientzat.
Zer egiteko astia izan duzue Alkatetza hartu zenutenetik orain arte?
Lehenagokoak bukatzen ari gara, eta neurria hartzen. Udala ekainean hartu genuen, aurrekontuak iaz bideratuta zeuden, obrak bukatzen. Segida eman diogu, eta urtea bukatzeko ixten saiatzen. Obra piloa egon da Ataunen: hiru plazak berritu dira, lurpeko aparkalekua egin, zintzilik dagoen igerilekuen proiektua…
Zer irudipen jaso duzu herritarrengandik?
Momentuak asko baldintzatzen du. Esperantza unean gaude, eta Euskadi osoan ikusi den fenomenoa izan da ilusio hori. Ataunen, ezker abertzalea oposizioan egon da azken 23 urteotan, nahi edo nahi ez, eta Herrigintzak bere erara egin ditu gauzak, pentsatzen dut denekin hitz eginda izan arren. Gauza batzuei beste era batera heldu nahi diegu, eta datorren urterako hori aztertzen ari gara. Aurtengoak ez du gehiagorako ematen.
Non sumatuko da aldaketa?
Batik bat jendearen parte-hartzean, batzorde irekiak egiten ari gara. Herriaren hitza jaso nahi dugu. Aiako plaza berritzeko auzoak zer nahi duen galdetu dugu. Orain arteko jokaeran udalak proiektua egiten zuen, herritarrei aurkezten zitzaien, baina herritarrak hasieratik egon gabe. Saiatu gara auzotarrekin bildu eta zer nahi duten galdetzen; beharrak jaso, eta horien arabera proiektua lantzen. Lehen goitik behera egiten zena, behetik gora egiten hasi nahi dugu.
Zertan ezaugarritu nahi duzue udalaren funtzionamendua?
Udal irekia izatea, batetik; herriarentzako izan behar du udalak, ezin dugu izan herriari inposatuko dion erakundea. Eta herritarren eskaerak behar den lekura eramateko bidea egitekoa, beharrak betez. Bestetik, herria gauza txikiekin egin nahi dugu, ez orain arteko proiektu handiekin, herria hipotekatuta utzi dutenak. Horretarako egoera ere ez dago.
Zer behar ikusten dituzue?
Zerbitzuetan arazoa ikusten dugu, autobusekin-eta, Ataun den bezalakoa delako. Diputazioan plangintza bat badago, urtearen hasieran definituko dena, eta nola planteatuko den zain gaude. Bestetik, Lazkaotik Ataunerako bidegorria legoke. Hirugarren adineko geroz eta gehiago dago, eta irtenbidea eman beharra dago. Batez ere Ataunen, baserrietatik atera eta zentroetara eramatea lehendik ere konplikatua badenez, etxez etxekoaren planteamendua daukagu. Baserri asko hutsik geratzen ari dira, eta horretan hasi nahi duen jende gazteari bidea egin behar zaio, formula horrekin herriaren biztanleria jaistea saihestuz. Bi helbururekin: etxebizitza arlotik, eta ingurumen nahiz nekazaritzatik.
2012ko aurrekontuak nondik nora bideratuko dituzue?
Ongizatean aurrekontua eutsi nahi dugu, eta orokorrean ahal den bezala doitu. Ongizateari emango zaio lehentasuna. Zergen igoeraz, luparekin begira ari gara non uki daitekeen. Ataunen industriarik ia ez dago,eta diru laguntzetatik bizi izan da orain arte. Hortik ahal den gehiena hartu, eta zergekin poltsikoan ahal den gutxiena ukitu; ez dakit nola egokituko dugun, baina saiatuko gara ez igotzen.
Aurreko agintealdian planteatutako proiektuekin zer asmo duzue?
Hidroelektrikarena aurrera eramateko asmoa dugu. Azterketek diote bideragarritasuna badutela, eta baimenak lortzen ari gara. Biomasa zentroaren hasierako proiektuari ez zaio bideragarritasunik ikusi; Beasain, Ordizia eta Lazkaori ur beroa ematea aurreikusten zen. Baina baimen asko behar dira, trenbidea eta autobidea daude tartean… Gomendatu digute instalazio txikiagoetara jotzeko, bi-hiru eraikini eta indibidualei hornidura emateko instalazioei begira aritu gara. Ataungo baliabideak eta basoak ikusita, gure asmoa horrekin aurrera egitea da, ez hasierako dimentsio handi hartan. Kultur etxeari buruz, kaxoian dugu, baina diru laguntzen arabera egongo da.
Udala nola aurkitu duzue finantza aldetik?
Likidezia falta dugu, alde denetan bezala. Mailegu batzuk ere badaude ordaintzeko, urte batzuetarako hipoteka suposatuko dutenak. Egoera ikusita, ez daukagu tarte handirik. Datorren urterako asko estutu beharko dira aurrekontuak. Aldundiak esan digu 2010eko ekarpen bera edukiko dugula 2012an, %7 gutxiago aurtendik. Kontuak doitzeko eta bi maileguak ordaintzeko lan handiak daude. Gainera, igerilekuarekin hipotekatuta gaude.
Igerilekuen proiektua da, gaur egun, handiena Ataunen.
Egoera horretan egonda, ez dugu ulertzen igerilekuen lanak ematea azkeneko udalbatzarrean onartu izana. Lau urteak hipotekatu dizkigu, akaso proiektua gelditzea adina kostatuko baita egitea. Erabaki harekin ez gaude ados, jakinda hauteskundeak zetozela eta ikusita aurrekontuetan zer pisu duen. Aurreko udal taldeak ez digu utzi maniobrarako tarterik, eta horrek min eman digu. Ez dira proiektuak agintealdika egin, urte askotarakoak baizik.
Nola dago gaia?
Akaso intentzio on guztiarekin, baina lotu gabeko diru laguntza batzuekin eman zitzaion bidea. Aldagelak eginda daude, dirua lotuta zegoelako; pistinetarako Eusko Jaurlaritzaren laguntza bat dugu, baina Diputazioarenik ez, eta batekin bakarrik herriari oraindik pusketa handia geratzen zaio. Igerilekua bai, igerilekua ez, Ataunen urteetan daramagun borroka da.
Zer kostu suposatuko dio udalari?
Udalak bere poltsikotik ia 500.000 euro jarri beharrekoa da. Hitz emanda zegoen diru laguntza batekin eman zen, eta haizeak eraman du. Momentu honetan igerilekua egin edo ez egin gaude, zer suposatuko ligukeen egiteak eta zer ez egiteak; eta gero herriari galdetu nahi diogu, komisioaren bidez. Asti oso gutxi dugu.
Atauni non ikusten diozu etorkizunerako potentzia, balio handiena?
Turismoan. Arlo horretan Ataun ez da esplotatu. Museo bat badugu, urte eta erdiko biziarekin. Baina Aralarko sarrera naturala gara Lizarrustirekin, Joxemiel Barandiaranen ondare guztia daukagu, haren etxea. Industria aldetik Lazkaorekin eta Beasainekin ezin dugu lehiatu, beraz turismoari eta nekazaritza jasangarriari heldu beharra daukagu. Ustiategi oso txikiak daude, eta azken boladako ikerketek diote handietara jo gabe txikiak errentagarri izan litezkeela. Horri begira egin nahi dugu bidea, turismotik eta nekazalturismotik.