«Denera 384 egileren argazkiak jaso ditugu, iaz baino gehiago»
Iosu Perez (Urretxu, 1963) Ostadar mendi taldeko kidea da. Urretxuko eta Zumarragako mendi elkarte hori osatu zutela 28 urte inguru izango dira. Perez pixka bat beranduago batu zen. Mendiarekiko eta argazkilaritzarekiko zaletasunak uztartzen ditu. Carlos Mediavillarekin batera, Ostadar Mendi eta Naturako Argazki lehiaketa antolatzeko ardura dauka. Lehiaketari lotutako lanez gain, aurten Perezek beste lan bat ere hartu du, Mendi Asteak hartzen dituen emanaldietako bat berak eskainiko baitu. Mongolian duela bi urte egindako argazkiekin ikusentzunekoa osatu du, eta hilak 24an emango du Zumarragako Zelai Arizti aretoan.
Hasieratik hastearren, menditik hasiko al gara?
Beti egon naiz kirolari lotuta. Kirol federatua utzi nuenean, kuadrillako lagunak Ostadarrekin lotuta zeuden, ni hurbiltzen hasi nintzen. Mendizaletasuna horrela errotu zen nigan.
Eta argazkigintza zaletasuna?
Ia aldi berean sortu zitzaidan. Etxeko kamerarekin hasi nintzen, lagunak diapositibekin hasi ziren, eta Kike Vierbucher argazkilariarekin ikastaro bat egin nuen. Hortik aurrera, nekien apurra edukiz betetzen hasi nintzen. Berekin ikasi nuen gozatzen, eta, neurri batean, bilatzen nituen emaitzak lortzen. Aurretik, kameraren botoia sakatu eta argazkiak ateratzen nituen, ezer gutxi jakin gabe.
Ostadarrek antolatu duen 28. argazki lehiaketa da aurtengoa. Nolatan hasi zineten?
Elkarteko batzar batean gaia atera zuen kide batek. Argazkilari afizionatuak bat baino gehiago ginen, eta gure gain hartu genuen lehiaketa antolatzeko lana. Hasieran zer izango zen ere ez genekien. Bildu ginen, eta martxan zeuden beste eredu batzuk aztertu genituen; Carlos Mediavilla, Iñaki Urkiola eta ni neu; Jon Mikel Intsaustik, berriz, informatikarekin lagundu zigun.
Zein izan da urteotan lehiaketak izan duen garapena?
Argazkigintza analogikoaren azken urteak ziren, eta artean, jendeak diapositibekiko lotura handia zuen. Lehenengo urtean 70 bat lagunek parte hartu zuten. Hirugarren ediziorako analogikoaren mundua desagertzear zegoen, digitala egunetik egunera indartzen zihoan heinean. Guk ere, lehiaketaren norabidea aldatu eta digitalera pasatu ginen.
Ona izan al zen emaitza?
Partehartzea bikoiztu egin zen.
Hasieratik iritsi al zaizkizue argazkiak nazioartetik?
Bai, hasieratik. Internetik ez zegoenean, deialdiak mendi eta argazki aldizkarien bitartez egiten genituen, baita mendi taldeen bitartez ere. Gero, digitalarekin hasi eta Internetek asko lagundu zigun. Baina, iaz arte, argazkilariek lanak CD batean bidali behar zituzten ohiko postaz. Aurten, lehenengo urtez argazki bildumak e-postaz jaso ditugu.
Zenbat lan jaso dituzue?
Denera 384 argazkilarien lanak jaso ditugu, 1.211 argazki. Iaz 202 argazkilarien lanak jaso genituen. Aldea handia izan da aurten. Guk uste dugu, lanak e-postaz bidaltzeko aukerak, argazkilariak animatu dituela.
Hiru sari emango dituzue.
Nazioarteko eta Euskal Herriko paisaien argazki onenak, eta Xabier Ormazabal mendiko giza jarduera hobeto islatzen duen irudia sarituko ditugu. Hiru maila daude, beraz. Bildumak saritu izan ditugu, beste batzuetan argazki indibidualak, besteetan gaiak zabaldu ditugu… Beti aldatzen ditugu kategoriak eta mailak.
Toki askotatik iritsi al zaizkizue argazkiak?
Nazioartetik iritsi diren gehienak Latinoamerikatik bidali dituzte. Oinarriak euskaraz eta gazteleraz igotzen ditugu sarera, hortaz hizkuntzagatik izan daiteke. Euskal Herri kanpoko argazkilariak 250 izan dira aurten, Kanariar eta Balear irletatik inoiz baino lan gehiago jaso ditugu. Lanen erdia munduko paisaiak dira, laurden bat Euskal Herriko paisaiena, eta mendiko giza jarduera agertzen duten argazkiak geratzen den laurdena izan dira.
Sariketaren egunera arte ez duzue jakitera emango irabazleen izenak, ezta?
Hilaren 25ean egingo dugu sari banaketa. Lehenengo lehiaketa irabazi duten argazkiekin eta aukeratutako bilduma batekin osatutako ikusentzunekoa emango dugu. Amaieran, sariak banatuko ditugu, eta, ohi bezala, ordura arte inork ez ditu irabazleen izenak jakingo.
Lehiaketak, aurten, lan handia eman al dizue?
Argazkiak jaso ditugu, kategoriatan sailkatu ditugu, datu base bat osatu dugu, epaimahaikideak lortu ditugu –urtero ezberdinak izaten dira–, eta ikusentzunekoa osatu dugu. Informatikaren eremuan Luis Albisuak, Jon Mikel Intsaustik eta Errikarte Agirrek eman diguten laguntza ikaragarria izan da.
Mendi Astearen barruan, zuk ere ikusentzunekoa eskainiko duzu.
Bai, duela bi urte Mongoliara egindako bidaiaren argazkiekin muntaia bat egiten lagundu dit Lierni Goiak. Ez dira mendi-mendiko irudiak izango, lautada asko agertuko da, baita bertako biztanleen bizimodua ere.
Zerbait aurreratuko zeniguke?
Ipar mendebaldeko zonalde batean egon ginen, Errusia, Txina, Kazakhstan eta Mongoliaren artean dagoen Altai mendikatean, hain zuzen. Gu Mongoliako zatian ibili ginen. Bertan, etnia kazajoa zabalduta dago, beste guztiak budistak diren herrialdean, kazajoak musulmanak dira, eta nomadak; ganaduarekin lan eginez bizirauten dute.
Etzi, haurrentzako Anjel Etxeberria mendizalearen omenezko 24. haur ibilaldia egingo duzue, argazki rally eta guzti.
Bai. Urte asko dira irteera hau egiten dugula. Iaz, argazki rallya egin genuen lehenengo urtez, umeei argazkilaritzarekiko grina sustatzeko, eta pozik geratu ginen erantzunarekin. Aurten ondo badoa, urtero egiteko asmoa daukagu.














