Etxeko hondakinen sorrera "bikoiztu" egin da azken 40 urteetan
Azaroaren 19tik 27ra, Hondakinen Sortze Prebentzioaren Europako Astea ospatuko da. Data hau baliatuz, Urretxuko eta ZUmarragako udalek hondakinen sorrera prebenitzeko herritarrenganako sentsibilizazio kanpainarekin bat egin nahi izan dute.
Ohar batean esan dutenez, “hondakinen prebentzioa arazo larria bilakatu da Europar Batasuneko herrialdeetan. Azken 40 urteetan, etxeko hondakinen sorrera bikoiztu egin da, %1 eta %2aren arteko hazkundearekin”. Kudeatu beharreko hondakinen handitzeak, “gaikako bilketa eta tratamentu azpiegiturak sortu beharra dakartza berarekin, herri agintaritzei gastu esanguratsuak ekarriz”.
Hondakinen sorreraren prebentzioan “edonork” lagun dezakeela esan dute: “egunero, etxean, lantokian edota eskolan, erosketak egiteko orduan edo aisialdian. Denok gutxitu dezakegu hondakinen sorrera, ekintza eta ohitura aldaketa txikiekin: berriz kargatzeko pilak erabiliz, ontziratu gabeko produktuak erosiz, ordezko ekologikoak erosiz, txorroteko ura edanez, konposta sortuz, etab”.
Ekintza hauen artean, “garrantzitsuenetakoa”, poltsa berrerabilgarrien erabilera jarri dute. Urretxu eta Zumarragako udalek bultzatutako “Plastikozko poltsarik EZ! Zeurea erabili!” kanpaina gogoratuz, herritarrak, eguneroko erosketetan poltsa berrerabilgarriak erabiltzen jarrai dezaten “animatu” dituzte bi udalek.













