«Josten erakutsi diet, larrua lantzeko josten jakitea ezinbestekoa baita»
Maider Uli (Zumarraga, 1975) artisaua da. Larruarekin egiten du lan, eta hiruhileko honetan Zumarragako Zelai Arizti Kultur Etxeak eskaintzen dituen tailerretako bat ematen ari da, larrua lantzen erakusteko. Hamahiru ikasle ditu. Ulik, bien bitartean, Gasteizeko Arte eta Eskulangintzen Eskolan ikasten du. Egiten dituen artisau lanak saltzeko postuak jarri ditu Urretxuko eta Zumarragako azokatan, Santa Lutziko ferian ere egongo da, zorroetatik hasi eta larruz egindako pitxiak saltzen.
Aspaldi al zabiltza larruarekin lanean?
Ez pentsa. Aurretik enpresa batean egiten nuen lan, baina utzi egin nuen, eta ikastaroak egiten hasi nintzen. Mairikoekin larrua lantzen ikasteko ikastaroa egin nuen, eta handik Gasteizeko Arte eta Eskulangintzen Eskolara joan nintzen. Ez dago larrua lantzen ikasteko toki askorik. Astean hiru egunetan joaten naiz Gasteizera.
Baina zure kasa bazenbiltzan jada?
Bai, Internetez ikasi dut asko. Izan ere, patroirik ez dago, eta bestela zaila da horrelako materiala eskuratzea.
Nola ikasten da larrua lantzen Internetez?
Denbora asko galduta. Artisautzarekin lotutako tokietara joz, egindako gauzak ikusita patroiak ateraz, jendearen aholkuei jarraituz… Pieza bat hondatu eta gero, azkarrago ikasten duzu.
Garestia al da larrua lantzea?
Bai. Ikastarorako, adibidez, zenbait oinarrizko lanabes eta material jarri genituen, matrikularen barne. Hala ere, larru zatiak erosi behar izan dituzte, ez baitzuen denerako ematen.
Horregatik hasi al zinen azkar azokatara joaten?
Azkar hasi nintzen gauzak egiten eta azokatan salgai jartzen, horrela materialerako dirua ateratzen dudalako, baita egiten ditudan artisautzak erakusteko ere.
Enkarguz ere egiten duzu lan.
Bai. Azokatan postuak jarri eta gero enkarguak jaso ditut. Nik aukerak ematen ditut, eta bezeroak berak nahi duena diseinu eta prezio aldetik eska dezake. Artisautzen abantaila da hori, artisaua eta bezeroa oso gertu daudela.
Nola erakusten da larrua lantzen?
Ez dizkiet patroirik ematen, sortzen ikastea garrantzitsua dela uste dut. Nik orientatu egiten ditut. Ikasleen artean asko dakien jendea dago. Hala ere, lan xume batetik hastea gomendatu nien denei; izan ere, larrua lantzeko, josten jakitea ezinbestekoa da. Hortik hasi gara, larru piezak hartuz eta konbinatuz. Zatiekin lan egiten dutenez, sormen lanera behartuta daude.
Zeintzuk dira larruaren lanketak hartzen dituen bestelako aukerak?
Gutxi gora beherako patroia egin behar da, behin josita ezin baitira zenbait lan egin. Grabatuak, pirograbatuak, margoak, joskerak egin daitezke. Baina, komeni da aldez aurretik egingo duzunaren ideia bat edukitzea.
Zertan ari dira ikasleak?
Eskuko telefonoetarako zorroak, diru-zorroak, poltso batekin animatu denik ere bada… Gehienek ez zekiten josten, beren kabuz ikasi dutena baino ez zekiten. Josteko moduak erakusten ari naiz, eta dauden joskera ezberdinak egiteko teknikak.
Larrua garestia izanik, ikasi al daiteke larru ona eta hain ona ez dena ezberdintzen?
Larru txarrak erosi eta gero ikasten duzu onaren eta txarraren arteko aldea. Nik behiaren larrua erabiltzen dut, baina tentuz ibili behar da behiaren larruak itxura asko har ditzakeelako. Ikastaroan larru merkeagoak erabiltzen gabiltza, larru zatiekin eta ardi larruarekin gabiltza lanean.














